Berria.info

Ostirala, 2013ko maiatzak 24 - 12:34

EUSKALHERRIA;2009-03-25;D3M plataformaren aurkako operazioan atxilotu zituzten zortziak aske utziko dituzte. Urkaregi eta Olalde atzo askatu zituzten, seina mila euro ordainduta, eta gaur kaleratuko dituzte gainontzekoak

D3M plataformaren aurkako operazioan atxilotu zituzten zortziak aske utziko dituzte

Urkaregi eta Olalde atzo askatu zituzten, seina mila euro ordainduta, eta gaur kaleratuko dituzte gainontzekoak

Aitziber Laskibar.

Demokrazia 3.000.000 (D3M) hauteskunde plataformaren aurka urtarrilaren 23an egindako polizia operazioan atxilotu zituzten zortzi lagunei aske geratzeko aukera eman die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Seina mila euro ordaindu beharko dute horretarako. Arantza Urkaregi eta Iñaki Olalderen hurkoek bermea atzo ordaintzeko aukera izan zuten, eta, beraz, atzo bertan kaleratu zituzten. Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto eta Amparo Lasheras, gaur askatuko dituzte.

Defentsa abokatuek zortziak espetxeratzeko erabakiaren aurka aurkeztutako apelazio helegitearen ondorioz hartu du erabakia Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salak. Jone Goirizelaia abokatuak BERRIAri azaldu dionez, espetxeratze aginduak jaso bezain laster aurkeztu zuen lehen helegitea abokatuak, kartzelatzeak agindu zituen Baltasar Garzon epailearen aurrean. Epaileak eskaera atzera bota, eta auzitegiko Zigor Salaren aurrean aurkeztu zuen ondoren apelazio helegitea. 2. Salari, arrazoizkoak iruditu zaizkio defentsaren argudioak.

Auzitegiak ez ditu atxilotuei egotzitako delituak aztertu. D3M plataformaren bidez Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izateagatik Batasunaren aginduetara aritzea egotzi zien Garzonek atxilotuei. Auzitegiko 2. Zigor Salak ez duela deliturik badagoen erabakitzeko gaitasunik dio orain. Baina, aldi berean, akusatuen aurkako neurriek egozten zaizkien delituen larritasunaren araberakoak izan behar dutela ohartarazten du, eta, defentsaren arabera, atxilotuei egotzitakoak jardun politikoak soilik direla gogoratzen du.

Edozein modutan, badaezpadako espetxeratzeak agintzeko beste egoera batzuk ere kontuan hartu behar direla ohartarazten du autoan. Atxilotuak kalean egonez gero ihes egiteko edota berriz delituegiteko arriskurik badagoen aztertu behar dela.

Atxilotuak gizartean sustraituta daudela onartu du auzitegiak, eta, gainera, egozten zaizkien delituak politikoak badira pentsatzekoa dela beren inguru naturalean jarraituko dutela. Ez dutela ihes egingo. Delitua egiten jarraitzeko arriskuari buruz, hainbat alderdi legez kanpo daudenez delitua egiteko arriskua nabarmen gutxitu dela dio.

Horregatik onartu du zortziak askatzea. Baina ustez delitua egin dutela esateko zantzuak ere badaudela argudiatuta, espetxetik ateratzeko sei mila euroko bermea ezarri dio bakoitzari.

Aske



Honako zortzi hauek dira 6.000 euroko bermea ordainduta aske utzitakoak.



Arantza Urkaregi (atzo)

Iñaki Olalde (atzo)

Agurtzane Solaberrieta (gaur)

Hodei Egaña (gaur)

Eli Zubiaga (gaur)

Iker Rodrigo (gaur)

Imanol Nieto (gaur)

Amparo Lasheras (gaur)

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia