Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:07

HARIAN;2009-03-25;GENERO INDARKERIA. HILKETA GERNIKAN. Kartzelan dago Gernikan emaztea hil eta alaba zauritu duen gizonezkoa. Izaskun Jimenez Borja hil izana aitortu du gizonak, eta epaileak Basauriko kartzelara bidaltzea erabaki du Gurutzetako Ospitalean dago 19 urteko alaba, labankadaz larri zaurituta

Kartzelan dago Gernikan emaztea hil eta alaba zauritu duen gizonezkoa

Izaskun Jimenez Borja hil izana aitortu du gizonak, eta epaileak Basauriko kartzelara bidaltzea erabaki du

Gurutzetako Ospitalean dago 19 urteko alaba, labankadaz larri zaurituta

Maite Asensio.

48 urteko gizonezko batek emaztea hil eta alabetako bat larri zauritu zuen herenegun gauean, Gernika-Lumon (Bizkaia). Genero indarkeriaren ondorioz aurten Euskal Herrian zendutako lehenengo emakumea da Izaskun Jimenez Borja; 44 urte zituen, eta bost seme-alaba. Ertzaintzak haren senarra atxilotu, eta epaileak espetxera bidaltzea ebatzi zuen atzo arratsaldean. Egindako hilketa aitortu zuen J.F.J.J-k.

Astelehenean, 23:15 aldera gertatu zen erasoa, Gernikako Barrenkale kalean familiak zuen etxebizitzan (herriaren erdigunean). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, eztabaida baten erdian, gizonak labana bat hartu, eta Izaskun Jimenez eta bere 19 urteko alaba zauritu zituen. Bikotearen 11 urteko semearen aurrean gertatu zen erasoa; bizilagun bati laguntza eskatu zion adingabeak, eta hark Ertzaintzara deitu zuen.

Osasun zerbitzuak Izaskun Jimenez biziberritzen saiatu ziren, baina bertan zendu zen; Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zuten haren gorpua. Zauritutako alaba, aldiz, Galdakaoko Ospitalera eraman zuten, eta handik Gurutzetako Ospitalera mugitu zuten. Bularrean, iztarrean eta besoetan dauzka zauriak emakume gazteak; Gurutzetako prentsa zerbitzuak adierazi duenez, emakumea suspertzeko unitatean dago, oso larri.

Ertzaintzak kalean atxilotu zuen ustezko hiltzailea, biktimen etxetik hurbil, taberna batean tabakoa erostetik atera ondoren. Erasoak egitean erabilitako labana zuen eskuan. Gernikako 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegira eraman zuten, eta bertan, emaztea hil eta alaba zauritu izana aitortu zuen J.F.J.J-k. Behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen epaileak, eta Basauriko (Bizkaia) kartzelako psikiatriako unitatera eraman zuten; izan ere, erasotzailearen azterketa medikoa eskatu du epaileak. Berri agentziek jakitera eman dutenez, emaztea hiltzea eta alaba hiltzen saiatzea leporatu diote.

Seme-alabengatik kezkatuta

Jatorriz Tolosakoa (Gipuzkoa) zen Izaskun Jimenez Borja, eta San Adriangoa (Nafarroa) bere hiltzailea. Azken urteetan, ordea, Busturialdea eskualdean bizi izan da familia, eta 2007tik Gernika-Lumon. Ertzaintzak adierazi duenez, atxilotuak ez zuen aurretik tratu txarren inguruko salaketarik izan, eta ez du aurrekari penalik.

Bikoteak bost seme-alaba zituen, eta euretako hiru gurasoen etxean bizi ziren. Hain zuzen, horien gaineko kezka agertu dute Gernikako Udalak eta zenbait eragilek. Erasoen lekukoa izandako 11 urteko haurra anai-arreba nagusien etxean dagoela jakinarazi du Udaleko Berdintasunerako zerbitzuen arduradun Begoña Landak. Adingabea nola babes daitekeen aztertzeko, zerbitzu juridikoekiko harremanetan jarriko direla gaineratu du Landak, eta «behar duten laguntza guztia» emateko prest agertu da. Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok ere adierazi du Udalak «ahal duen guztia» egingo duela seme-alabei laguntzeko.

Ildo beretik mintzatu da Clara Campoamor elkarteko presidente Blanca Estrella Ruiz. Zauritutako alabari laguntza emateak izan behar du orain lehentasuna, bere hitzetan: «Lur jota egon behar du, ama hiltzeaz gain, bera ere hiltzen saiatu delako aita». Hortik aurrera, genero indarkeriaren aurka jarduten jarraitu beharra nabarmendu du: «Biktimekin zer egin aztertu behar dugu, berriro larrienera, hilketara, hel ez daitezen». Genero indarkeria kasu guztietan egiten dutenez, Izaskun Jimenezen hilketaren auzian ere herri akusazio gisa aurkeztuko dela iragarri du Clara Campoamor elkarteak.

Elkarretaratzeak

Aurten, Euskal Herrian genero indarkeriaren ondorioz hildako lehen emakumea da Izaskun Jimenez. 2008an, sei andre hil ziren gizonen erasoen ondorioz, eta Lizarrako (Nafarroa) Maria Puy Perez Ezpeletak desagertuta jarraitzen du iazko urritik; haren bikotekide ohia atxilotu zuten, baina aste batzuen ondoren aske utzi zuten.

Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak hainbat elkarretaratze deitu ditu Izaskun Jimenezen hilketa gaitzesteko. Bestalde, hilketak gaitsezpen erreakzio ugari eragin zituen erakunde, alderdi eta sindikatu ezberdinetan. Besteak beste, Ezker Batuak eta Bizkaiko Eusko Alkartasunak salatu zuten Jimenezen hilketa.

Eusko Legebiltzarra

«GAITSEZPENA, MINA ETA ULERTU EZINA ADIERAZTEN DUGU»



«Gaitzespena, mina eta ulertu ezina adierazten dugu Gernikan emakume bat hil dutelako. Herritarrei deitzen diegu emakumeen aurkako bortxakeria ekintzen kontra agertzera, salatuz, ez isilik geratuz, biktimak babestuz».

Arartekoa

«EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA AMAITZEAK DU LEHENTASUNA»



«Emakumeen aurkako indarkeria amaitzeak lehentasuna izan behar du botere publikoentzat eta gizartearentzat. Hori lortzera bideratutako politika publikoak zorrozki ebaluatzeko konpromisoa hartu dugu».

Bi urteko zigorra, emaztea erretzen saiatzeagatik



Urte bat eta hamaika hilabeteko zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak gizon bati emaztea zegoen logela erretzen saitzeagatik. Epaileak frogatutzat jo du bikotearen Corellako etxean (Nafarroa), 2006ko maiatzaren 21ean, gizona, andrea jipoitzeaz gain, erretzen saiatu zela, etxeari gasolina botata.

6



2008an hildako emakumeak. Iaz sei emakume hil ziren genero indarkeriaren biktima. Tatiele de Sousa eta Nagore Laffage Iruñean hil zituzten, Estibaliz Angulo Mañuetan, Carlotta Ortuzar Urruñan, Doccas David Santurtzin eta Clara Rangel Errenterian.

Protesta elkarretaratzeetara deitu du Mundu Martxak



Emakume baten hilketa gertatzen den guztietan bezala, oraingoan ere protesta egiteko elkarretaratzeak antolatu ditu Emakumeen Mundu Martxak. Gaur 19:30ean, Bilboko Arriaga aurrean. Ostiralean, berriz, Iruñean, Donostian, Gasteizen eta beste hainbat hiri eta herritan egingo dituzte. ELAk bat egin du.

Asuncion Villalbaren hilketa hasiko dira epaitzen gaur



Victor Manuel Martin hasiko dira epaitzen gaur, Arabako Auzitegian, 2007ko ekainaren 2an Asuncion Villalba hiltzea leporatuta. Akusazioek 23 eta 25 urte arteko zigorra eskatzen dute. Akusazioan aurkeztu dira senideak, Estatuaren abokatua, Gasteizko Udala, Aldundia eta Clara Campoamor.

«Izurrite hau amai dadin tematuta gaude»

Bibiana Aido

Espainiako Berdintasun ministroa



«Maizegi kolpatzen gaitu tratu txarren gaitza gogor gaitzesten dugu. Bortxakeria matxistaren izurritea amai dadin tematuta gaude, eta, horretarako, gizarte osoak parte hartu behar du».

«Denok gaude lotsatuta gertatu denarengatik»

Miren Azkarate

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea



«Denok gaude lotsatuta. Emakumeen aurkako indarkeria errotik ezabatu behar da, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu. Ezin gara erruki eta errefusean geratu».

Jimenezen hilketa gaitzetsi dute udal taldeek aho batez

Gernikako Udalak zerbitzu juridikoen esku utzi du herri akusazio gisa aurkezteko erabakia

Miren Korta.

Gernika-Lumo



Gernika-Lumoko udalbatzak «protokoloa abiatu» eta aho batez lortu zuen atzo Izaskun Jimenezen hilketa gaitzesteko «akordio instituzionala». Ezohiko bilkuran, EA, EAJ, PSE-EE, Aralar eta ezker abertzaleko kideek bat egin zuten senitartekoei «doluminak eta elkartasun osoa» agertzeko beharrean. Izan ere, Bakearen Hiriak zabaldu du aurten gizonen erasoen ondorioz hildako andreen zerrenda Euskal Herrian. Nolanahi ere, Udalak auzian herri akusazio gisa jarduteko erabakia «zerbitzu juridikoen esku» utzi du oraingoz, alkateorde Begoña Landak jakinarazi zuenez.

Alderdi politikoek «XXI. mendeko arazo kaltegarrienetakoaren adierazletzat» jo dute emakumeen aurkako bortizkeria, eta gizarte osoaren «nahitaezko» parte-hartzea eskatu dute horri aurre egiteko. «Momentuan dugun kezka nagusia erasotutako bigarren biktimaren egoera da», gogorarazi du Aralarreko Joseba Abaituak.

Ezker abertzaleak, bestalde, ez dela «kasu isolatua» izan azpimarratu du. «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun falta» halako egoeren iturburua dela salatu du Idoia Fernandezek. EAJko ordezkari Jesus Mari Barandikak hilketak herritarrengan sortu duen «amorrua, mina eta haserrea» nabarmendu ditu, eta egoera honetatik ateratzeko «bitarteko guztiak» erabiltzeko eskatu du. PSE-EEko ordezkari Sagrario Sanchezek, ordea, «prebentzio programak» abiatzeko premia azaldu du.

Aldi berean, ezohiko bilkuran Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko eta Arartekoko ordezkariak izan dira. Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuaren esanetan, desberdintasunen aurkako «esfortzu handia» egin behar da: «Beti esaten duguna baino ezin dut berretsi: emakumeen aurkako erasoak desberdintasunaren ondorio dira. Beraz, irtenbide bakarra desberdintasun horren kontra egitea da».

Bi lelo, bi aterabide

Kanpoan, Gernikako Emakide taldeak elkarretaratzea deitua zuen, Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lelopean; herritarrek udaletxe aurreko Foru Plaza bete zuten. Ezker abertzaleak «emakumeen autodefentsan» sakontzeko urratsak emateko eskatu du pankarta propioaren bitartez. «Nazkatuta gaude», kexu ziren bertaratutakoak. Isiltasuna nagusi izan zen hamabost minutuz eta, amaitzean, txaloka omendu zuten Izaskun Jimenez.

Ezker abertzaleko kideek bigarren elkarretaratzea egin zuten minutu gutxira, Jimenezen etxe parean. Idoia Fernandezek biktima hutsak izatetik «subjektu aktibo» izateko aurrerpausoak eskatu zituen: «Batzuek uste dute objektuekin bizi direla, ez emakume batekin. Kanpoan gertatzen denean gogorra da, baina are gogorragoa da norberak ezagutzen dituenean».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia