Zaborra saldu nahi dute
AEBetako Gobernuak plan bat onartu du, inbertsiogile pribatuei bankuen aktibo toxikoak erosteko laguntza emateko
Dirua eman nahi diete bankuei, maileguak emateko eta ekonomia suspertzeko
Jakes Goikoetxea.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak zaborra atera nahi du bankuetatik, garbiketa egin nahi du. Zaborra dira ordaindu gabe utzitako hipoteka maileguak eta mailegu horietan oinarritutako finantza produktuak. Zaborra inbertsiogile pribatuek erostea nahi du, Administrazioaren diruaren babesarekin eta laguntzarekin. Finantza erakundeek aktibo toxikoen truke dirua jasotzea nahi du: alde batetik, diru horrekin beren balantzeetako zuloak tapatzeko; bestetik, diru horrekin maileguak emateko eta ekonomia suspertzen laguntzeko.
Horretarako plan bat onartu du: Inbertsio Plan Publiko eta Pribatua. Oraingoz ehun milioi dolar inguru gastatuko ditu (74.000 milioi euro), iazko urrian onartutako erreskate planekoak. Diru horrekin 500.000 milioi dolarren aktibo toxikoak erostea espero du (370.000 milioi euro), inbertsiogile pribatuen laguntzarekin; baina ez du baztertu bilioi bat dolarrera iristea (738.000 milioi euro). Inbertsiogile pribatuek diruaren %8 jarriko dutela uste du AEBetako Gobernuak.
Aktibo toxikoen salmenta ez du utzi nahi bankuen esku, bestela krisia luzatu egingo litzatekeelako, «Japonian gertatu zen moduan».
Planak bi adar ditu, bi aktibo mota bereizten baititu: maileguen aktiboak eta hipoteketan oinarritutako tituluak. Aktiboen kasuan bankuen balantzeak «garbitu» nahi ditu. Tituluenean merkatua berriro abiatu nahi du.
Maileguei dagokienez, bankuek beraiek aukeratuko dute ze aktibo kutsatu saldu nahi dituzten, normalean mailegu multzo bat. Enkantean salduko ditu Gordailuen Aseguru Korporazio Federalak (FDIC). AEBetako Gobernuak nahi du enkante horietan parte har dezaten pentsio funtsek, aseguru etxeek eta luzera begira lan egiten duten inbertsiogileek.
Prezioa, enkantean
Aktiboak salduko dituen bankuak enkanteko prezioa onartuz gero, eskaintza altuena egiten duenak FDICen finantzaketa lortu ahal izango du, bermatutako zorraren bitartez. FDICek trukean komisio bat jasoko du, eskainitako bermearengatik. Aktiboak erosi ostean, beren kudeaketa pribatua izango da, baina FDICek gainbegiratuko du.
Higiezinen burbuila bete-betea zegoenean, AEBetako finantza erakundeek erraz ematen zituzten etxea erosteko hipoteka maileguak; baita mailegu horiek itzuli ezin zituztenei ere. Gainera, hipoteka mailegu horiek finantza produktuak osatu eta saldu egiten zituzten.
Higiezinen burbuila hustuta, finantza erakundeak itzuli gabeko hipoteka maileguekin eta horietan oinarritutako aktiboekin geratu dira. Gainera, AEBetako etxeen prezioak asko merkatu direnez, etxea salduta ere ez dute berreskuratzen bere garaian maileguan emandakoa.
Aukeretako bat AEBetako Gobernuak bankuen aktibo toxikoak erostea zen, George Bushen Gobernuak egin nahi zuen moduan. Timothy Geithner AEBetako Altxorreko idazkariak esan du Estatuak arriskuak hartzea «saihestezina» dela, baina Obamaren gobernuak erabaki du gehiegizkoa dela aktibo toxiko guztiak bere bizkar izatea.
Herritar asko oso haserre daude diru publikoa erabili delako finantza erakundeen gehiegikeriak konpontzeko. Are gehiago, diru publikoa jaso duten zenbait finantza erakundek -AIGk, esaterako-, gainsariak banatu dituztelako exekutiboen artean. Hori ikusita, AEBetako Gobernuak nabarmendu du arriskua inbertsiogile pribatuekin partekatuko duela, ordaina ez dela herritarren bizkar bakarrik izango, alegia.
Horrez gain, Geithnerrek, inbertsiogile pribatuak ez uxatzeko, argi utzi du planean parte hartzen duten inbertsiogileei ez zaiela aplikatuko mugarik gainsarietan.
Parte hartzeko prest
Gainera, aktibo toxikoen merkaturik ez dagoenez, ez dakite zenbat balio duten. AEBetako Gobernuaren beldurretako bat zen berak aktibo guztiak erosiz gero, finantza erakundeek aktiboen prezioak puztu egingo zituztela. Horregatik, orain, inbertsiogile pribatuen lehiaren bitartez ezarri nahi du prezioa, enkanteetan. Planak harrera oso ona izan zuen Wall Streeten: Dow Jones indizeak %6tik gorako hazkundea izan zuen. Hala ere, ikusteko dago inbertsiogile pribatuek zenbateraino parte hartuko duten.
Pimco eta Blackrock bonuen kudeatzaileek jada iragarri dute parte hartuko dutela. Pimco bonuen munduko kudeatzaile handiena da, eta Blackrock hamar handienetakoa.
Barack Obama AEBetako presidenteak atzo esan zuen «konfiantza sendoa» duela plan berrian, maileguak erraztuko dituelako. Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak, aldiz, George Bushen politikak birziklatzea leporatu dio, bereziki cash for trash deitua, hau da, dirua zaborraren truke. Kritikatu du diru publikoa erabiliko dutela aktibo toxikoen prezioak egokitzeko.
Frantziak ez du baztertu enpresaburu handien soldatak arautzea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
