Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:07

EUSKALHERRIA;2009-03-24;Ofizialtasunaren funtsa azaltzeko informazio kanpaina hasiko du EHEk. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 12 orriko informazio liburuxka bat banatuko dute, bost mila aletan

Ofizialtasunaren funtsa azaltzeko informazio kanpaina hasiko du EHEk

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 12 orriko informazio liburuxka bat banatuko dute, bost mila aletan

Aitor Renteria.

Baiona

Urte luzeetan euskararentzako ofizialtasuna aldarrikaturik, «betiko lelo, betiko beharra» bilakatu den eskariaren funtsa azaltzeko gutizia du Euskal Herrian Euskaraz-ek. «Ofizialtasuna izozmendiaren punta da hizkuntzarentzat», erran du Yves Matxikotek, EHEren izenean. Aldarrikapenaren funtsa azaltzeko helburuz, urte luzeetan landu diren alternatiba eta proposamenak 12 orriko liburuxka batean bildu dituzte. Ondoko aste eta hilabeteetan banatuko dituzte Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herrietan, euskalgintzako kide eta euskaldunengan eragiteko asmoz.

«Euskararekiko atxikimendua handituz doa, baina haren iraupenerako egin daitezkeen urratsen inguruan hutsune handiak nabaritzen ditugu», adierazi du Matxikotek. Urte luzeetako leloaren mamian dagoen aldarrikapena azaldu nahi du EHEk, lortu nahi diren xedeak ulertzeko. Batetik, teorian ofizialtasunak dakarrena azaltzen du; bertzetik, adibide praktikoak ematen ditu.

Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, Eurokarta, hizkuntza politika eta halako itun zein kontzeptuen edukia azaltzen du EHEk liburuxkaren lehen atalean. Frantziako ministro zein hautetsiek euskararen inguruan egindako adierazpenak ere biltzen dituzte, Frantziaren jarrera baztertzailea erakusteko. «Euskararen galeraren erantzukizuna euskaldunon bizkar ezarri nahi dute, gorde nahi dutelako galeraren arrazoi nagusia Administrazioak eginiko politika dela», nabarmendu du Matxikotek.

Legearen arlora ez ezik, ofizialtasunaren aldarria herrietara ere eraman behar dela azpimarratu du EHEk. Herritarrek euskararen aldeko deliberoak eska ditzaketela gogorarazi zuen.

Euskararen herrira

«Aurtengo Korrikaren leloak euskaraz bizi nahi dugunon herrira ongietorria egin nahi die ikasitakoei, ikasten ari direnei eta ikasiko dutenei ere», erran du Igone Lamarainek. Korrikan parte hartzera deitu ditu herritarrak, euskararen lurralde osoan garatzen den ekimena delako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia