Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:06

EUSKALHERRIA;2009-03-21;Hizkuntzen Legea osatzeko iritzia helarazi dio Frantziari Euskal Konfederazioak. Konfederazioaren mozioa aho batez onartu du Euskal Kulturaren aldeko Herriarteko sindikatuak

Hizkuntzen Legea osatzeko iritzia helarazi dio Frantziari Euskal Konfederazioak

Konfederazioaren mozioa aho batez onartu du Euskal Kulturaren aldeko Herriarteko sindikatuak

Aitor Renteria.

Baiona

Frantziak Lurralde Hizkuntzen legea osatuko duen unean, Euskal Konfederazioak euskalgintzaren ekarpenak kontuan hartzeko eskatu dio Frantziari. Euskararen beharrak zein diren azaltzeko, zortzi puntuko proposamena helarazi dio Frantziako Gobernuari, Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko presidentearen bidez. Bestalde, Euskal Kulturaren aldeko Herriarteko Sindikatuak aho batez onartu du Euskal Konfederazioaren mozioa.

2008ko maiatzean Frantziako kultura eta komunikazio ministro Christine Albanelek jakinarazi zuen 2009ean Hizkuntzen Legea aurkeztuko zuela. Geroztik ez du zehaztu proposamena, eta ez ditu jakinarazi zein izanen diren horretarako epeak, egutegia eta metodologia. Urtarrilean Euskal Konfederazioak gutun bat helarazi zion, horri buruzko xehetasunak eskatuz. Martxoaren 9an Albanelen kabinete buruak ihardetsi zion Konfederazioari, erranez, Frantziak lurralde hizkuntzak Frantziako ondare gisa onartu berri dituela Konstituzioko lehen artikuluan. «Egia da Frantziak aipamen hori egitea onartu duela, baina lehen artikuluan ez dago horrelakorik» zehaztu du Mixel Oronoz Euskal Konfederazioko lehendakariak. Alta, kabinete buruak erakutsi duen axola gabekeria iraingarria dela, mespretxu hutsa dela azaldu du Oronozek.

Zortzi puntuko proposamena

Haren iritziz, hizkuntzen lege batek ezagutu behar dituen oinarrizko printzipioak bildu ditu Euskal Konfederazioak zortzi puntutan. Erran bezala, Herriarteko sindikatuak aho batez onartu zuen mozioa eta oraindik, Euskal Konfederazioak Herriko Etxeetara eraman nahi du, ahalik eta sostengurik zabalena lortzeko. Lurralde hizkuntzen ardura politikoa tokiko erakundeen edo lurralde elkargoen esku gelditzea eskatzen du Euskal Konfederazioak. Erakundeak hizkuntzen iraupenerako eragile bilakaraztera engaiatu behar direla dio. Kultura eskumena erakunde horien esku gelditzea eskatzen du, hizkuntza politika tokian ezartzeko beharrezkoak diren baliabideak emanez.

Frantses hizkuntzaren parean lurraldeari dagokion hizkuntza ofizialki ezagutzea eskatzen du Euskal Konfederazioak. Hizkuntzen biziraupena eta transmisioa bermatzea eskatzen du, hiztun kopuruaren beherakada aldatzea, belaunaldi osoak euskalduntzea helburu duen hizkuntza politika eraginkorra osatuz.

Euskal Konfederazioak ez du baztertzen mobilizaziora jotzea lege babes egokia lortzeko. Estatuko bertze lurraldeetako ordezkariekin aztertuko du xede hori.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia