Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:06

HARIAN;2009-03-21;PASAIAKO SEGADA. 25. URTEURRENA. 25 urte egia azaleratu nahian. Espainiako Poliziak Pasaiako Badian Rafael Delas 'Txapas', Jose Mari Izura 'Pelu', Pedro Mari Isart 'Pelitxo' eta Dionisio Aizpuru 'Kurro' tiroz hil zituenetik 25 urte pasatu dira. Arduradunen berririk ez dago oraindik.

Espainiako Poliziak Pasaiako Badian Rafael Delas 'Txapas', Jose Mari Izura 'Pelu', Pedro Mari Isart 'Pelitxo' eta Dionisio Aizpuru 'Kurro' tiroz hil zituenetik 25 urte pasatu dira. Arduradunen berririk ez dago oraindik.

25 urte egia azaleratu nahian

Oihana Elduaien.

Donostia

Mende laurdena joan da Pasaiako Badian Rafael Delas Txapas, Jose Mari Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro tiroz josi eta hil zituztenetik. Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) kideak ziren laurak, eta segada prestatu zien Espainiako Poliziak. Rosa Jimeno ezkutuan atxilotu, torturatu eta KAAko kideekin elkartzeko ordua eginarazi zioten. Pasaiara etorrarazi zituzten bost lagunak, 1984ko martxoaren 22an, gauez. Iritsi zirenean, «geldi, Polizia!» esan, eta tiroz hartu zituzten. Lau hil zituzten eta Joseba Merino bizirik utzi zuten. Bihar beteko dira 25 urte.

Bertsio ofizialak dio KAAko kideak atxilotzeko asmoa zuela Poliziak, baina zodiacean gerturatu ziren bost kideek tiro egin zietenez beraiek ere tiro egin behar izan zutela. Baina komandoko kideen tiroen aztarnarik ez da inoiz agertu, eta Merinok deklaratu izan du txalekoak jantzita zeuzkatenez armak gainean beharrean poltsa batean eraman zituztela, eta handik ateratzeko astirik ere ez zutela izan. Gainera, Delas eta Aizpurua bi poliziak bere aurrean fusilatu zituztela kontatzen du Merinok, haiek dagoeneko atxilotuta zeuzkaten arren. Jimenoren testigantzak eta inguruan zebilen lekuko batenak bat egiten dute Merinoren bertsioarekin.

Azken 25 urteetan auzia argitu nahian izerdi asko bota dute hildakoen familiek. Baina arazoa topatu dute arazoaren gainean. Arazoak izan dituzte poliziak identifikatzeko orduan, eta utzikeria ikusi dute auzitegien aldetik. Hala dio Santiago Gonzalezek, familien abokatuak.

Operatiboa agindu zuenaren bila ari dira, arduradunaren bila. 2007an bi poliziaburuk Donostiako Lurralde Auzitegian egin zuten deklarazioan dezente gerturatu ziren, baina hurrengo urratsa egitea luze ari da jotzen.

Pasaiako segada egin zutenean, Espainiako Poliziaren Gipuzkoako polizia etxeko arduraduna zenak, eta garai hartako Madrilgo Informazio Brigadetako kide batek deklaratu zuten 2007an Donostiako Auzitegian. Segada Madrilgo Informazio Brigada Zentralaren eta Gipuzkoako Informazio Brigadaren artean antolatu zutela deklaratu zuten, eta, beraz, brigada horietako buru zirenei deklarazioa hartzea nahi dute orain familiek. 2007tik horretan ari dira Santiago Gonzalez abokatua, zein familiaren izenean akusazio partikularra den, eta Miguel Castells abokatua, Azpeitiko Udalaren izenean herri akusazioa aurrera baitarama. Baina bi urte pasatu arren, oraindik ez dute deklaratu.

Duela pare bat hilabete Auzitegiak akusazioei onartu egin zien bi poliziaburu horiei deklarazioa hartzeko eskaria, baina deklarazio horiek beraiek bizi diren tokian edo Donostiako Auzitegian egin behar diren erabakitzeko zain daude ordutik. Hori erabakita, deklarazioa hartzen dietenean ikusiko da aurrera jarraitzeko zer urrats egin behar dituzten.

Polizien izenak jakin nahi dituzte, eta jakin behar dituzte. Izan ere, 2004an kasua itxi egin zuen Donostiako Auzitegiak, arduradun zehatzak falta zirela esanez. Herri akusazioak eta akusazio partikularrak helegitea jarri zuten, zirkulu bat badagoela argudiatuta. Arduraduna bertan egon zen polizietako bat dela azaldu zuten, haiek tirokatu baitzituzten Delas, Izura, Isart eta Aizpuru. Helegitea onartu egin zien, eta kasua irekita dago orain, baina beharrezkoa da zehaztea zein polizia izan ziren tiroketan parte hartu zutenak, haiei deklarazioa hartu eta gainerako lekukoek esandakoekin eta autopsiek erakusten dutenarekin alderatu ostean, norbait akusatu ahal izateko.

2004koa ez zen izan kasua artxibatu zuten aurreneko aldia. Segada gertatu eta hiru urtera ere artxibatu zuten. Bertsio ofiziala ontzat jota erabaki zuen artxibatzea Calvo Rojas epaileak. 2000. urtean, baina, ikerketa egiten hasi zen Gonzalez, familien izenean. Agirien artean Merinok Alcala Mecoko espetxean egin zuen deklarazioa falta zela konturatu zen, eta Donostiako 2. Instrukzio Auzitegiak presoari deklarazioa hartzea lortu zuen. Azpeitiko Udalak herri akusazioa egitea erabaki zuen, eta auzia abiatu zen, Jimenoren, lekukoen eta abarren deklarazio hartzeekin.

Polizia gutxik deklaratu dute

Segadan parte hartu zuen polizia baten arabera, ehundik gora izan ziren operatiboan parte hartu zuten agenteak, baina orain arte, hogeita bost urte pasatuta ere, bederatzik besterik ez dute deklaratu. Aurreneko aldian lau poliziak deklaratu zuten, 2002an, operatiboan parte hartu zutelako inputatu gisa. Beraiek azken lerroan izan zirela eta ez zutela tiroketan parte hartu deklaratu zuten, eta ikusi ere ez zutela askorik egin.

Geroago, argazki erreportajea egin zuten beste bi poliziak deklaratu zuten, baina erreportaje hura ez da inon agertu, eta non dagoen ere ez dakitela deklaratu zuten polizia haiek. Haien o stean, gaur egun Donostiako komisarioa denak deklaratu zuen. Garai hartan Bilbon zegoela eta operatiboari buruz ezer ez zekiela esan zuten. Azkenik, 2007an deklaratu zuten Espainiako Informazio Brigada Zentraleko kide batek eta Donostiako polizia etxeko buruak.

Zailtasun ikaragarriak topatu dituzte ikerketa egiteko orduan. Familiaren sentipena da Auzitegiak «borondate gutxi» duela auzia argitzeko, «batik bat azkenengo bi-hiru urteetan». Proposatzen duten diligentzia bakoitza ukatu egiten diete, eta ukapen bakoitzaren aurrean helegiteak jartzen dituzte. Tramite horietan «denbora asko» galtzen dute.

Betebeharra

Horrekin «jendeak pazientzia galtzea» lortu nahi du Auzitegiak, Gonzalezen irudiko, baina, familiek ez dute aurrera egiteko indarrik galdu. «Guk pazientzia sobran daukagu». Ikusiak ikusi, ez dirudi erraza izango denik auzia argitzea. Horregatik, Gonzalezek dio ezer lortuko dutela agindu ezin duten arren «bizia eskaini duten idealista horiengatik» eta «herriaren historiagatik», oroitzapena mantentzea eta egia azaltzen saiatzeko betebeharra daukatela. «Ez dugu etsiko».

Gogora ekarri du, Lasa eta Zabalaren kasua «neurri batean» argitu egin dela, eta egiaren zati bat jakin dela. «Agian ez nahiko genukeen beste, baina denborarekin lortu da neurri batean behintzat argitzea». Bide hori jarraitu nahi dute Pasaiako segadako biktimen senitarteko eta lagunek ere. Euskal Herrian gertatu diren gisa horretako hilketak asko izan direla ekarri du gogora Gonzalezek, eta horiek guztiak argitzearen alde lan egiteko deia egin du, zaila dela jakin arren. «Kasu hauek borroka eskatzen dute, gure herriaren historiaren zati bat ere badirelako».

Bala zauriak

113



Bala eta posta zauriak. Hildako lauren artean, 113 bala eta posta zauri zituzten. 21 zituen Rafael Delasek, 28 Jose Mari Izurak, beste horrenbeste Pedro Mari Isartek, eta 36 Dionisio Aizpuruk.

Bihar Pasaian omenaldia egingo diete hildako laurei



Pasaiako Segadan tiroz hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideei omenaldia egingo diete bihar Pasaiako badian. 12:00etan manifestazioa egingo dute Meipi plazatik gertaeren tokira, eta han omenaldia egingo diete laurei; horren ondoren, herri bazkaria egingo dute.

Rafael Delas, 'Txapas'



Iruñean jaio zen, 1957an. Euskararen aldeko jarrera argia zuen, eta lan horretan aritu zen. Sentimendu abertzalea zuen, eta ez zituen gustuko alderdi politikoak. 1983ko abuztuan egin zuen ihes Ipar Euskal Herrira. 27 urte zituen hil zutenean.

Jose Mari Izura, 'Pelu'



Iruñean jaio zen, 1958an. Lau neba-arrebaren artean zaharrena zen. LABen eta Herri Batasunean aritu zen. ETA militarreko kide izan zen, harik eta 1981eko maiatzean Iparraldera alde egin zuen arte. 1983an pasatu zen komando autonomoetara.

Pedro Mari Isart, 'Pelitxo'



Azpeitiarra zen, eta 1982az geroztik bizi zen Ipar Euskal Herrian. Gazte hasi zen lanean, altzari enpresa batean. Gazte Abertzale Iraultzaileetan aritu zen, eta pixkanaka komando autonomoetara gerturatu zen. 24 urte zituen hil zutenean.

Dionisio Aizpuru, 'Kurro'



21 urte zituela hil zuten. Azpeitiarra zen, lau neba-arrebatan bigarrena. Azpeitiko Institutu Profesionalean hasi zen mugitzen, ikasleek zuzendariarekin zituzten gatazketan. Soldadutzatik bueltan egin zuen ihes, 1983an.

Datorren asteburuan ekimenak Azpeitian



Urtero bezala, aurten ere egingo dute Pasaiako segada oroitzeko ekitaldia Azpeitian, bertakoak baitziren Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro. Hilaren 28an bertso-poteoa eta bazkaria egingo dute. Arratsaldean, antzerkia egongo da ikusgai, eta gauean, kontzertua.

Segada gertatu eta 25 urtera, hilketak izan ziren tokian bertan bildu dira Rosa Jimeno eta Joseba Merino. Ez zaie martxoaren 22 hartan gertatutakoa ahazten, baina denborarekin horrekin bizitzen ikasi dute.

Atzo gertatu izan balitz bezalaxe

O. Elduaien.

Pasaia



Amu gisa erabili zuten Rosa Jimeno, eta komandoko beste lau kideak ez bezala, bizirik utzi zuten Joseba Merino. Hogeita bost urtera, oraindik ere gogorra egiten zaie Pasaiako Badian gertatutakoa tokian bertan ahoskatzea. «Atzo gertatu balitz bezalaxe» gogoratzen dute duela 25 urte gertatutakoa. Gainditu ezin dela gainditu diote, baina denborarekin ikasi dutela horrekin bizitzen. Ez dute gustuko gertaturikoa behin eta berriz gogora ekartzea, baina beraien betebeharra dela diote, hildakoekin duten zorra.

«Gaurko egunez atxilotu ninduten», gogoratu du Jimenok, asteazkenez, BERRIArekin egindako hitzorduan. Donostian atxilotu zuten, auto bat tokiz aldatzen ari zela. Ez zioten inori esan atxilotu zutela, eta beste izen batekin erregistratu zuten. Kolpe latzak eman zizkioten, bainera egin zioten konortea galtzeraino, eta elektrodoak ere jarri zizkioten. Baina tortura fisikoekin baino min gehiago egin zioten ilobarekin. Ikastolara bidea, auto batek harrapa zezakeela esan zioten.

Infernu hartan, etxera eta lanera deitzera behartu zuten, haurdun zegoen lagun batekin zegoela, eta egun batzuetan ez zela etxera joango esanarazteko. Iparraldean kontaktua bazuela atera zioten, eta pistola buruan, hara ere deitzera behartu zuten, Pasaiako Badiara agertzeko esanarazteko .

Lasai egoteko esan zioten poliziek, atxilotu besterik ez zituztela egingo. Baina bost lagunetatik bakarra atxilotu zuten, eta gainerako laurak hil egin zituzten.

Esanda bezala, Pasaiako haitz batzuetan zegoen Rosa, 1984ko martxoaren 22an. Baina ez zegoen bakarrik. Espainiako Poliziako 20 bat kide zeuden geratu ziren inguruan. Haietako bat beragandik gertu ezkutatu zen, hanketara lotu zion sokaren bestaldeko muturra eskuetan zuela. Merinoren arabera, 300 bat polizia egongo ziren orotara.

Zodiacean zetozen Rafael Delas Txapas-ek, Jose Mari Izura Pelu-k, Pedro Mari Isart Pelitxo-k, Dionisio Aizpuru Kurro-k eta Joseba Merinok ez zuten ezer susmatu, eta hitzartu bezala Jimenok linternarekin hiru seinale egin zizkienean gerturatu ziren.

Une horretan gertatu zenaz ez da oso ondo gogoratzen Jimeno. Poltsa bat eman ziotela du gogoan, eta bat-batean sokatik tira eta lurrera bota zutela. Arroketatik gora igo zuten orduan, eta ahuspez ipini zuten. Ez zuen ezer ikusten, baina tiroak entzun zituen. «Tiroak eta tiroak. Ez dakit zenbat denbora izango zen, baina niri luze egin zitzaidan», dio. Nerbioak galdu zituen.

Entzun ez ezik, ikusi ere egin zituen Merinok. Bere begiekin ikusi zuen bi poliziak nola fusilatu zituzten Delas eta Aizpuru.

Berak gidatu zuen zodica Pasaiaraino. Aizpuru eta Isart jaitsi ziren aurrenak. Zakurra hartzeko makurtu zen Merino, eta bi aldiz esan zion Aizpururi: «Kurro, hartu Beltza». «Geldi, Polizia!» entzun zuen orduan, tiro hots bat, eta tiro zaparrada. Uretara salto egin zuen berak, eta azalera atera zenean hutsik ikusi zuen zodica, fokuekin argiztatuta. Tiro hotsak entzuten ziren. Bere atzean zeuden Delas eta Izura, uretan.

Tiro hotsak isildu zirenean, Pasaia San Pedrotik Guardia Zibilaren Urpeko Ekintzetako Talde Berezietako bi itsasontzi etorri eta topatu egin zuten. Haitzetatik igoarazi zuten. Aizpuru han zegoen, eskuak buruan. Haren eskuinera jarri zuten Merino, eta Merinoren ondoan Delas. Inolako zauririk gabe zeuden hirurak. Izenak galdetu zizkien, Merino banandu eta beste biak fusilatu zituzten, metro bat baino laburragoa zen distantzian. Izura eta Isart harkaitzetan edo uretan hil zituzten.

Casasen ondorena

1984an ez zuen babes handirik autonomoen mugimenduak. Enrique Casas PSOEko senataria eta alderdiko antolakuntza idazkaria hil zuten Pasaiako segada izan baino hilabete lehenago, GALen erantzule nagusietako bat zela argudiatuta. ETA militarrak ez zuen politikoki hiltzen garai hartan, eta Herri Batasunak greba orokorrera deitu zuen beste alderdiekin batera, hilketa salatzeko.

Atentatu hartatik zegoen sasian Merino, eta atxiloketaren propaganda egiteagatik utzi zuten bizirik, bere ustez. Ihes egindako azkena zenez, informazioa atera nahi ziotela ere uste du. Casasen atentatuan erabilitako autoa Jimenoren esku utzi zuen, eta bere ustez, horrela atzeman zuten Jimeno. Argi utzi nahi du infiltraziorik ez zegoela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia