Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:05

EUSKALHERRIA;2009-03-20;«Eztabaida ez da torturatzen den edo ez: Espainian torturatu egiten da». Amnesty Internationaleko Espainiako zuzendaria izan da hamar urtean. Eszedentzia hartu eta giza eskubideen gaineko azterketa «kritikoa» egin du 'Derechos Torcidos' (Debate) liburuan. Esteban Beltran. Giza eskubideetan aditua

Esteban Beltran.

Giza eskubideetan aditua

Amnesty Internationaleko Espainiako zuzendaria izan da hamar urtean. Eszedentzia hartu eta giza eskubideen gaineko azterketa «kritikoa» egin du 'Derechos Torcidos' (Debate) liburuan.

«Eztabaida ez da torturatzen den edo ez: Espainian torturatu egiten da»

Jokin Sagarzazu.

Giza eskubideen alorrean dauden «topikoak» apurtu nahi ditu Esteban Beltranek (1961, Madril). Mundu osoko adibidez josita dago haren liburua, eta ez dira falta Euskal Herriari buruzko erreferentziak. Bidaia batean zela, tartetxo bat egin dio BERRIAri telefonoz hitz egiteko.

Martin Scheinin Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak dio Espainiako terrorismoaren aurkako legedian ez direla hainbat Giza Eskubide errespetatzen. Alderdien Legea aipatu du , adibidez.

Salbuespenezko neurriak dira horiek, eta salbuespenezkoak direlako, giza eskubideen eta demokraziaren aurkakoak dira. Alderdien Legea gehiago zehaztu behar da. Lege hori modu arbitrario batean erabiltzen bada, independentzia modu baketsuan defendatzen duten alderdi eta norbanakoak zigor daitezke. Legeak ezin dira interes batzuen arabera zabaldu, uzkurtu edo hertsatu.

Espainiako Gobernuko ordezkariak Scheininen lanaren zilegitasuna zalantzan jarri du. Zer iritzi duzu?

Gobernu guztiek ukatzen dituzte haien aurkako «erasoak». Espainiako Gobernuaren erantzunetan bi ezaugarri errepikatzen dira beti. Batetik, txostenei ematen zaien erantzuna bortitza eta iraingarria izaten da; eta, bestetik, txosten horietan jasotzen diren gomendioei ez zaie kasurik egiten. Benetan diot: ez dakit zertarako onartzen direna nazioarteko ikuskari, ordezkari edo erakundeen bisitak, gero haien gomendioak ez badira praktikan jartzen. Jarrera horrekin eguzkiaren existentzia ukatzen ari dira.

Eguzkiaren existentzia ukatzea, zure liburuan, torturaren existentzia ukatzea da.

Eztabaida ez da tortura dagoen edo ez. Zalantzarik ez dut: Espainian torturatu egiten da. Hala ere, esan behar dut tortura ez dela sistematikoa. Ez da Gobernuaren estrategia bat, ezta terrorismoari aurre egiteko borrokan ere. Baina tortura kasuak ez dira kasu bakanak. Tortura salaketa guztiak ikertu behar dira. Nahiz eta egiturazko arazo batzuekin topo egin. Inkomunikazioarekin, esaterako. Halaber, ikerketarako baliabide independenteak behar dira.

Donostiako Auzitegiak 15 guardia zibil inputatu ditu Igor Porturen tortura salaketa dela eta.

Epaileak egin behar zuena egin du. Tortura zantzuak daudela ikusten badu, ahozko epaiketa abiatu behar du. Baina Espainiako Gobernuaren jarrera salatu egin behar da. Beti ukatu du tratu txarrak egon zirela, nahiz eta Auzitegi Nazionalak instrukzio epaileari esan Portu eta Sarasolak inkomunikazio egoeran eginiko kontakizunetan antzekotasun nabariak zeudela. Ez da egiatasun presuntziorik egin behar. Ez poliziaren bertsioarekin -Rubalcabak egin bezala-, ez eta tortura salaketa jarri duenaren bertsioarekin ere. Gobernuaren betebeharra da ikerketa bat abiatzea.

Baina askotan ez dira ikertzen.

Torturaren aurkako borroka oso ahula da Espainian. Ez zaio garrantzirik ematen. Zigorrak ezarri eta indultuak eman dira maiz, inpunitatearen ateak irekiz.

Inpunitatea aipatu duzu. Zer neurritan eragiten du inkomunikazioak?

Espainiako legediaren alde ilun bat da inkomunikazioa. Ez dauka behar besteko berme juridikorik. Abokatuak, ofiziokoak, ez du abokatu lanik egiten, ikuskatzailearenak baizik. Konfiantzako medikuarekin izatea ukatzen diote atxilotuari... Inkomunikazioa amaitu behar da. Baina existitzen den bitartean, bermeak behar dira. Polizia etxeetan justiziaren kontrolpean dauden bideokamerak jartzea, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren protokoloak jasotzen duen moduan.

Azkeneko polizia operazioan atxilotuetako batek, Manex Castrok, Ertzaintzaren esku zegoela txarrak jasan zituela salatu du. Protokoloa aipatu duzu. Auzitegi Nazionalera bidali dituzte irudi horiek.

Grabatutako guztia, inolako manipulaziorik gabe, jaso behar du epaileak. Eta Arartekoak ere bai, hala eskatzen badu. Bideo kameren erabileran ere bermeak behar dira: leku guztietan egon behar dira, ezin dira irudiak ezabatu...

Espainiako trantsizioa amaitu gabeko prozesu bat dela diozu. Zer leku betetzen du Espainiako Auzitegi Nazionalak testuinguru horretan?

Ez dut uste Auzitegi Nazionala edo epaitegi espezializatuak arazo bat direnik. Ez dut uste Auzitegi Nazionala Ordenu Publikoaren Auzitegiarekin (TOP) oinordekoa denik, zuk iradoki nahi duzun moduan. Kasu honetan arazoa lege mailakoa da: zenbait lege zehazteko borondate politiko eza.

Zenbait eragilek diote Espainiako Gobernuak egin nahi duen Zigor Kodearen erreforman bizi guztiko zigor «estalia» jasotzen dela?

Bizi guztiko kartzela zigorraren inguruan egon daitekeen eztabaida ez da hildakoa edo delitua oraindik bero dagoela egin behar. Politikariek ez dute herritarrek eskatzen dutena beti egin behar. Arriskutsua da hori. Politikarien eginbeharra nazioarteko legedia errespetatzea da. Frogatuta dago, gainera, bizi guztiko zigorrak, heriotza zigorrak bezala, ez duela delinkuentzia murrizten.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia