HARIAN;2009-03-17;HIRI HONDAKINAK. ATEZ ATEKO BILKETA. Gaikako bilketa hasi dute Usurbilen, erraustea ez dela behar erakusteko. Udala oso pozik agertu da herritarren erantzunarekin, eta hemendik hiruzpalau astera espero dituzte lehen emaitzak Hasierako zalantzak izan dira herritarren artean, baina baita ilusioa ere
Gaikako bilketa hasi dute Usurbilen, erraustea ez dela behar erakusteko
Udala oso pozik agertu da herritarren erantzunarekin, eta hemendik hiruzpalau astera espero dituzte lehen emaitzak
Hasierako zalantzak izan dira herritarren artean, baina baita ilusioa ere
Ainara Arratibel.
Usurbil
Egun berezia zen atzokoa Usurbilgo (Gipuzkoa) herritarrentzat. Estreinakoz zaborren atez ateko bilketa jarri zuten martxan bertan. Zabor organikorako edukiontzi marroiek hartu zuten orain arteko edukiontzi urdin eta berdeen lekua. Ikusmina ikaragarria zen, eta baita lehen egunetan ohikoak izaten diren zalantzak eta galderak ere. «Noiz etorri behar dut berriz edukiontzia jasotzera?», galdetu zion adineko emakume batek ondoan zuen bizilagunari. «Kamioia 11:00ak aldera pasatuko da. Hortik aurrera, nahi duzunean», erantzun zion bizilagunak. Baina hortik harago, ilusioa igar zitekeen herritar gehienen aurpegi eta hitzetan. Zaila dela onartu arren, nahi bat zuten. «Ea herri gehiagok bat egiten duten, eta errauste planta ez egiteko balio duen».
Atzo abian jarri zuten zaborrak biltzeko sistema bereizketan oinarritzen da. Hala, hemendik aurrera, ontziak plastikozko poltsetan atera beharko dituzte herritarrek, astearte eta ostiraletan; papera, paperezko poltsetan edo sokaz lotuta, asteazkenetan; birziklatu ezin diren gaiak, igandeetan; zabor organikoa, berriz, astelehen, ostegun eta larunbatetan. Erronka bikoitza du horrekin Udalak: zaborraren %80 birziklatzea eta zaborra kudeatzeko beste modu bat posible dela frogatzea.
08:50ean, espero baino 20 minutu beranduago, abiatu zen zaborra biltzeko kamioia. Ordurako, etxebizitzen kanpoan ezarritako zintzilikailu ugaritan zabor organikorako erabiliko dituzten edukiontzi marroiak zeuden jarrita. Baziren, halere, korrika eta presaka zebiltzan herritarrak ere. «Pasatu al da kamioia? Lo hartu dut, eta konturatu naizenerako berandutu egin zait», zioen gazte batek. Kamioia noiz pasatuko zain zegoen adineko talde batek lasaitu zuen gaztea. «Lasai, gizona. Atzeratuta datorrela esan dute».
Handik gertu zebilen kamioia. Eneida Lasa hari begira zegoen. Lasak «pozik» hartu du Udalaren ekimena. «Nik aspalditik birziklatzen dut. Zabor organikoa bereiztea baino ez zitzaidan falta. Beraz, ez da aldaketa handia izan», zioen Lasak. «Ohituta» egon arren, atzo zaborra ateratzea berezia izan zela nabarmendu zuen, edukiontzi marroia eskuetan zuela. Bat etorri zen horrekin Luis Udabe. «Oraindik gogoan ditut zabor guztiak poltsa berean botatzen genituen garaiak. Hori egiten genuela pentsatu eta hotzikara etortzen zait». Sistema berriak herritarrei ahalegin eta kontrol berezia eskatzen diela iritzi dio Udabek, baina egoerak hori baino gehiago eskatzen duela. «Ez badugu errauste plantarik jartzea nahi, zerbait egin behar dugu herritarrek».
Kontrako iritziak ere baziren Usurbilgo herritarren artean. «Zergatik behartu behar gaituzte zabor mota bakoitza egun eta ordu zehatz batzuetan jaistera? Nik nahiago nuen orain arteko zaborrak jasotzeko sistema. Askatasun handiagoa ematen zigun», zioen adineko gizon batek. Beste emakume baten ustez, sistema berriarekin jendeak berak zer jaten eta irakurtzen duen jakingo du. «Horretan ere kontrolatu egin behar al gaituzte?».
Sistemari arazo txiki bat baino ez zion ikusten Ainhoa Azkuek. «Asteburuetan oso goiz jaiki beharko dugu zaborra botatzera jaisteko». Dena den, ahaleginak merezi duela nabarmendu zuen. «Ingurumena guk zaintzen ez badugu, nork egingo du?»
Ahalegin horretan, herritarrek kontzientzia har dezaten lan egin behar dela nabarmendu zuen, bestalde, Gabina Tenak. «Jende gehienak dio birziklatzearen alde dagoela, baina asko dira egiten ez dutenak». Tenaren arabera, horretan asko lagun dezake gaikako bilketak. Alferkeriagatik edo, orain arte nire semeek ez zuten birziklatzen. Baina dagoeneko etxean dituzte edukiontziak. Denborarekin jendea konturatuko da ez dela batere kostatzen, eta mesede handia egiten ari direla ingurumenari. Ohitura kontua baino ez da».
Pozik emaitzekin
Bilketa lanetan aritu zen Jon Rueda, eta hark oso ontzat jo zuen lehen eguna. «Lehen eguneko urduritasunak eta atzerapen txikiak alde batera utzita, arazorik gabe egiten ari gara lana». Herritarren erantzuna ere ona izan zela azaldu zuen Ruedak. «Jende gehienak behar den bezala utzi du zaborra». Hori nabarmendu zuen, halaber, Xabier Mikel Errekondok, Usurbilgo alkateak (ezker abertzalea). Egun historikotzat jo zuen atzokoa. «Usurbilgo herritarren erantzuna paregabea izan da. Kantitateagatik ez ezik, kalitateagatik ere oso ona izan da jasotakoa. Bildutako %95 zabor organiko garbia izan da. Oso pozik gaude erantzunarekin». Gaikako bilketaren inguruan egindako parte-hartze prozesua «eredugarria» izan dela nabarmendu zuen Errekondok. Hori dela eta, «konfiantza osoa» du, emaitzak ikusten joan ahala, ekimenaren aurka daudenak ere harekin bat egingo dutela. «Ikasketa fase batean gaude. Lehen asteetan normala da gorabeherak izatea edo kalean zabor poltsak ikustea. Hiruzpalau aste itxaron beharko dira lehen emaitzak ikusteko, baina jendearen erantzuna ikusita ziur gaude onak izango direla. Espero dugu errauste plantaren proiektua geratu ahal izateko balio izatea», adierazi zuen Errekondok.
Hondakinen Legearen aldeko sinadura bilketa, bete-betean
Aurrera jarraitzen du EAEn Hondakinen Legea izatearen alde Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak hasitako sinadura bilketa. 30.000 sinadura bildu behar dituzte proposamena Eusko Legebiltzarrean eztabaida dezaten. Apirilaren 30era arte dute horretarako epea. Herriz herri ari dira sinadurak biltzen, eta baita
www.errausketarikez.org webgunearen bidez. Haien aburuz, egungo zabor bilketaren sistemak huts egin du, eta atez ateko bilketaren alde egingo duen legea sustatu nahi dute. «Sistema horrek modu egokian biltzen ditu nahastu gabe dauden gaiak, eta herritarrak birziklatzera behartzen ditu», dio Unai Agirrek, koordinakundeko bozeramaileak.
8.000
Konposta egiteko programetan parte hartuko duten familiak Gipuzkoan. Foru Aldundiaren arabera, Gipuzkoako 8.000 familia inguruk parte hartuko dute aurten konposta egiteko programetan. Banakako eta binakako etxebizitzen %25ek parte hartzea espero dute.
%80
Usurbilen birziklatu nahi den hondakin kopurua. Usurbilgo Udalak egindako aurreikuspenen arabera, gaikako bilketa sistemari esker zaborraren %80 birziklatzea lortuko da. Gaur egungo sistemaren bidez, zaborraren %20-%30 artean birziklatzen da.
Herri galdeketa eskatu dute gaikako bilketaren aurkakoek
Atez ateko bilketaren aurka dauden Usurbilgo hainbat herritarrek osatutako plataformak ekimenaren inguruan herri galdeketa egiteko eskatu dio Usurbilgo alkateari. Horretarako, 790 sinadura bildu dituzte. Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak ziurtatu du herri galdeketa egingo dela. Bide batez, plataformari galdegin dio eska dezala herri galdeketa bat AHTaren, errauste plantaren eta horrelako gaien inguruan ere.
Plataformako kideen ustez, atez ateko sistemak eragozpenak eta kalteak sortuko ditu. Gainera, «inposatutako» sistema dela iritzi diote. Haien ustez, herritarren intimitatea urratuko da, zaborra nola bereizten den «kontrolatuko» baita.
Begi guztiak Usurbilera begira
San Markoseko Mankomunitateko beste hainbat herritan ez dute baztertzen atez ateko bilketa jartzea
A. Arratibel.
Donostia
Zaborrak kudeatzeko sistemarik onena dela uste izan edo ez, Euskal Herriko udalerri gehienak Usurbilen dauzkate jarrita begiak. Horien artean daude, besteak beste, Usurbilekin batera San Markoseko Mankomunitatean dauden Pasaia, Urnieta, Lasarte-Oria, Astigarraga eta Donostia. Guztiak Usurbilgo esperientziak izango dituen emaitzen zain daude. Pasaia eta Urnietako alkateek, gainera, aukerak ikusten dituzte halako sistema bat beren herrian ere ezartzeko. Donostiaren, Lasarte-Oriaren eta Astigarragaren kasuan, beste kudeaketa modu batzuen alde egiten dute. Guztiek nabarmentzen dute, halere, zaborraren kudeaketaren gaian ezinbestekoa dela herritarren eta erakundeen arteko elkarlana. Erakundeen aldetik herritarren sentsibilizazioa bultzatu behar dela ere uste dute.
Urnietako alkate Mikel Izagirrek (UDA koalizioa) «inbidia sanoarekin» ikusten du Usurbilek hasitako ekimena. «Zoriontzekoa da herri batek halako pausoa eman izana». Bat dator horrekin Maider Ziganda, Pasaiako alkatea (ezker abertzalea). «Oso ekimen interesgarria iruditzen zaigu, eta uste dugu oso emaitza onak emango dituela». Hiru arrazoi aipatzen dituzte horretarako: birziklatzen den kopurua nabarmen igotzen dela, zaborraren sailkapen askoz hobea egiten dela eta sortzen den hondakin bolumena jaitsi egiten dela. Gainera, etorkizunari begira udalerri guztiek hartu beharko duten bidea dela uste du Izagirrek. «Zaborraren kudeaketaren kostua izugarri igotzen ari da, eta ni ziur naiz Usurbilek kostu horiek gutxituko dituela. Beraz, arrazoi ekonomikoengatik bakarrik bada ere, udal askok oso kontuan hartuko dute aukera hori».
Donostiako Ingurumen zinegotzi Denis Itxaso (PSE-EE) , Lasarte-Oriako alkate Ana Urtxuegia eta Astigarragako alkateorde Zorione Etxezarraga (EAJ) beste kudeaketa sistema batzuen aldekoak dira. Donostiako Udala, adibidez, materia organikoarekin konposta egiteko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak iaz abian jarritako ekimenenean ari da parte hartzen. Hain zuzen ere, Amarako 2.000 familiak egin dute bat proiektuarekin. Familia horiek edukiontzi marroi batzuetan botatzen dute materia organikoa, ondoren konposta egiteko. Atez ateko bilketak emaitza «ausartagoak» eman ditzakeela aitortu arren, Itxasori aproposagoa iruditzen zaio Amaran jarritako sistema: «Iruditzen zaigu askoz errazagoa eta unibertsalagoa dela. Atez ateko sistemak ahalegin eta kontrol sozial handiagoa eskatzen du. Jendeari askatasuna eman behar zaio zaborra nahi duenean botatzeko, eta ez egoteko denbora guztian kamioia zein egunetan pasatuko den pentsatzen».
Itxasok ez du baztertzen sistema beste auzo batzuetara zabaltzea. «Horrek ez du esan nahi, halere, hiri osoan sistema berdina ezarri behar denik. Auzoz auzo egin beharreko hausnarketa da». Bat dator horrekin Urtxuegia. «Guk, adibidez, Zabaleta auzoan gaikako sistema probatzeko asmoa dugu. Baina zaila ikusten dugu auzo handietan halako sistema bat jartzea». Ez dute hori uste Izagirrek eta Zigandak. «Kataluniako zenbait herri handitan gaikako bilketa egiten ari dira».
Atez ateko sistema herrian?
Etxezarragak Foru Aldundiak errauste planta egiteko hartutako erabakia babesten du. «Herritarren artean ikusmin handia sortu da atez ateko bilketarekin. Baina jendeak garbi izan behar du atez ateko bilketa eginda ere zaborren zati bat erraustu egin beharko dela». Haren ustez, hutsen bat egon bada, komunikazioan egon da. «Beharbada, ez dugu asmatu jendeari behar bezala azaltzen errauste planta zer den». Etxezarragak ez du aurreikusten Astigarragan gaikako bilketa ezartzea, eta zaborraren kudeaketaren inguruko eztabaida beste puntu batean dagoela nabarmendu du. «Sortzen den hondakin kopuruaren arabera, zaborren zerga diferenteak kobratzea aztertzen ari gara».
Atez ateko sistema ezartzearen alde egingo dute Pasaiako eta Urnietako udal gobernuek. «Gure nahia eta helburua da legegintzaldia amaitu aurretik abian jartzea. Dena den, Udala osatzen dugun taldeen borondate politikoan dago gakoa», dio Izagirrek. Zigandak ere lanean ari direla azaldu du. «Usurbilgo esperientzia gurera nola ekarri aztertu beharko dugu».
Biak ziur dira Usurbilgo ekimenak arrakasta izango duela. Beste kontu bat da horrek errauste planta ez egiteko balioko duen. «Logikoena litzateke hausnarketa egitea, baina interes politikoen arabera egongo da hori», dio Zigandak. Urtxuegiak ere zaila ikusten proiektua ez gauzatzea. «Proiektua geratzeko genituen aukera txikienak ere kentzen ari dira». Dena den, borrokan jarraituko dutela berretsi du.
«Errauste plantak bilketa selektiboaren galga gisa aritu direla ikusi da Kataluniako kasuetan»
JORDI COLOMER
Kataluniako Porta a Porta elkarteko komisionatu teknikoa
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
Laguntzaileak:

