Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:00

EUSKALHERRIA;2009-03-04;EGAren baliokidea sortzeko hitzarmena izenpetu dute EEPk eta unibertsitateek. Euskararen Erakunde Publikoak emango du EGA agiria; C1 mailak adina balioko du Europako sailkapenean

EGAren baliokidea sortzeko hitzarmena izenpetu dute EEPk eta unibertsitateek

Euskararen Erakunde Publikoak emango du EGA agiria; C1 mailak adina balioko du Europako sailkapenean

Aitor Renteria.

Baiona

EEP Euskararen Erakunde Publikoak, Paue eta Aturri aldeko Herrien Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak (Frantzia) hitzarmena izenpetu zuten atzo Baionan, euskara gaitasuna egiaztatzeko tresna abian ezartzeko. EGAren baliokidea izanen da hori, Europako sailkapenean C1 delakoaren heinekoa, alegia.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako jendeari dagokionez, Euskaltzaindiak egiten zituen orain artean EGA azterketak. EEPk hartuko du EGA azterketa antolatzeko ardura aurrerantzean, unibertsitateekin elkarlanean, bereziki unibertsitate horien barnean dauden euskal ikasketetako arduradunekin. «Euskararen aldeko hizkuntza politikarako urrats garrantzitsua da», adierazi du Max Brisson EEPko presidenteak. EGAk gizartearen eskariari ihardesten diola adierazi du. Euskararen aldeko hizkuntza politika garatuz gero enpresa pribatuek eta erakunde publikoek langile euskaldunen beharra ukanen dutela azaldu du, eta egiaztagiriak balio erantsia ekar diezaiokeela euskara dakiten langileei.

Beñat Oihartzabalek eskertu du, Euskaltzaindiaren izenean, erakunde publiko batek bere gain hartzea azterketaren ardura: «Ez da akademia baten eginkizuna, eta pozgarria da ikustea EEPk jakin duela, Frantziako legeen arabera, eragileak atzematen eta plantan ezartzen». Edukiari dagokionez, aldaketa gutxi izanen dira orain arteko ibilmoldearekin erkatuz gero. EGA gainditu nahi duten ikasleek EEPri eman beharko diote izena.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia