Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 17:59

EUSKALHERRIA;2009-02-27;Irizpide berriekin EHUko titulazio batzuk arriskuan direla salatu dute. Ikasketa planak egiten ari da Unibertsitatea, eta Hezkuntza Sailak 30 ikasleko gutxieneko kopurua ezarri du

Irizpide berriekin EHUko titulazio batzuk arriskuan direla salatu dute

Ikasketa planak egiten ari da Unibertsitatea, eta Hezkuntza Sailak 30 ikasleko gutxieneko kopurua ezarri du

Garikoitz Goikoetxea.

Bilbo

Bologna prozesua hasi da bete-betean eragiten EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Europako eremuari egokitzeko, datozen urteetarako ikasketa planak egiten ari dira uneotan EHUko fakultateak eta campusak. Hori egiteko, irizpide batzuk kaleratu ditu dekretu bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta protestak eragin ditu Arabako campuseko Letren Fakultatean, ikasketa batzuk desagertzeko arriskuan jarri ditu eta.

Matrikulatutako ikasle berriak 30 baino gutxiago badira, karrera hori ez da aurrera aterako, dekretu berriaren arabera. Euskarazko ikasketen kasuan, berriz, 20 ikasletan jarri dute gutxieneko muga hori. Hartara, egun EHUk eskaintzen dituen ikasketa batzuk desagertzeko atakan leudeke, gehienak filologiak: alemaniarra, frantsesa, hispanikoa eta klasikoa.

Letren Fakultateko ikasleek adierazpen bat adostu dute, eta atzo protesta egin zuten fakultatean bertan 300 bat ikasle eta irakaslek. Salatu dute Hezkuntza Sailak erabakia hartu duela unibertsitate komunitatearen «ezjakintasunaz eta desinformazioaz baliatuz». Gaineratu dute giza zientziak beharrezko direla «herri honen beharrak asetzeko». Fakultateko dekanoa ere beldur da ez ote dituzten lau filologia horiek bertan behera utziko, eta astelehenean bilduko da EHUko errektorearekin.

Hezkuntza Sailak dio ikasketa batzuk «bideraezinak» direla. «Badaude gelak hiru ikaslerekin, eta hutsik dauden aulki guztiak ere ordaindu egin behar dira». Gizartea eta lan mundua aldatzen ari direla irizten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horietara egokitu egin behar dela uste du. Hortaz, aldaketak, ikasketa batzuk desagertzeko ez ezik, beste batzuk sortzeko abagunea izan daitezkeela argudiatzen du. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mila ikasle joaten dira kanpora ikasketak egitera».

Letretako ikasle eta irakasleak, ordea, ez dira ados horrekin, eta hezkuntza «helburu ekonomikoekin» erabiltzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Orobat, Voltaire filosofoaren esaldia gogoratu dute: «Diruak dena egiten duela pentsatzen dutenek, dena diruagatik egiten bukatzen dute». Beldur dira, gainera, euren fakultatean hasi den prozesu hori EHUko besteetara zabalduko ote den, eta, hala, «beste urrats bat egin hezkuntzaren pribatizaziorako bidean».

Irizpide «malguak»

Dekretuaren bidez ezarritako irizpideak «malguak» direla argitu du Hezkuntza Sailak, eta 30 ikasle ez egoteak ez duela zuzenean karrera hori desagertzea zertan ekarri. Haren arabera, baliteke ikasketa horiek aurrera jarraitzea, nahiz eta muga horretara ez iritsi. Dekretuak berak jasotzen du «kasu bereziak» izateko aukera. Hori gertatzeko arrazoiak izan daitezke, besteak beste, inguruko beste unibertsitateetan mugara iristen ez den ikasketarik ez egotea, edota gizarteari behar berezia eskaintzen diotelako aurrera jarraitzea. Hori gerta daiteke, adibidez, Geografiako ikasketetan.

Gutxieneko ikasle kopurua ez duten ikasketek aurrera jarraitzeko beste aukera da karrerei irakasgai komunak ezartzea. Alegia, aurreneko urteetan karrera desberdinetan ari diren ikasleak talde berean batzea, eta ondoren banatzea, espezializazio moduan.

Edonola ere, EHUk bere ikasketa plana aurrera eramateko autonomia duela gogorarazi du Hezkuntza Sailak, eta, oraingoz, Unibertsitatearen barruan izan beharreko eztabaida dela dio. Gero aurkeztuko dio EHUk plan osoa Hezkuntza Sailari.

Letren Fakultatean, berriz, protestekin jarraitzekotan dira. Iritzi politiko desberdinak dituzten lagunak batu dira, eta datorren asterako protesta eta bilera gehiago iragarri dituzte.

Klaustroa, lasaitasunez

Hezkuntza Sailaren gisan, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak uste du Bolognako prozesuak ekarriko dituen aldaketak «aukera gisa» ulertu beharrekoak direla. Edonola ere, ez du argitu zer gertatuko den prozesu horren ondorioz ezarri beharreko aldaketekin eta desagertzear egon litezkeen ikasketekin. Hala ere, konpromisoa hartu du EHUko Klaustroaren aurrean: «Ez da inongo ezagutza arlorik unibertsitatearen eskaintzatik kanpo geratuko ».

Errektore berriak lehenengo Klaustroa izan zuen, atzo, Bilboko Ingeniarien Eskola Teknikoan. Klaustroak berak ere sumatu zuen aldaketa, ez baitzen inolako istilurik sortu. Ikasle Abertzaleetako ordezkariek protesta egin zuten, baina ez zen aparteko istilurik sortu. Eskale itxuran jantzita, UPV krisian dago zioten karteltxoekin sartu ziren aretora, eta kanpoan 50 bat lagun batu ziren. Ez zen arazorik sortu, eta IAko kideetako batek hitza ere hartu zuen oholtza gainean, errektoreak baimena emanda. Hartan, Goirizelaia errektoreari hauteskundeetarako erabilitako «mozorro politena» kendu izana leporatu zion, «espainiarren eta enpresen ereduarekin» bat egin duelakoan.

Gainerakoan, Goirizelaiak iragarri zuen ikasketak ugaritzen ari direla, eta hurrengo Gobernu Kontseiluan 61 doktoretza aurkeztuko dituztela. Zerbitzuetan 179 lanpostu berri sortzekotan da, eta baita Berdintasunerako Plan Gidaria egitekotan ere.

ggoikoetxea@berria.info

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia