ETAk bonba bat zartarazi du PSEren Lazkaoko egoitzaren aurka
ETAk bi aldiz deitu du DYAra, baina pixka bat lehenago motxila susmagarri bat ikusi eta inguruko etxeak hustu ditu Ertzaintzak
Zortzi kilo zituen bonbak, eta kalte handiak eragin ditu ireki berri duten egoitzan
Joxerra Senar.
Hauteskunde kanpaina betean, ETAk zortzi kilo inguruko lehergailu bat zartarazi du Lazkaoko PSE-EEren egoitzaren aurka. Atzo, gaueko 01:00ak pasata zirenean, ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek 02:00etan egoitza horren aurka bonba bat jarriko zuela ohartarazi zuen. Deitzaile berak deitu zuen handik gutxira, eta bonba 03:00etan lehertuko zela zuzendu zuen. Azkenean, hala izan zen, 03:00etan eztanda egin zuen. Leherketak eragindako burrunba herri osoan entzun zen.
Herrizaingo Sailak jakinarazi du DYAk telefono deia jaso baino apur bat lehenago Ertzaintzaren patruila batek PSE-EEren egoitzaren aurrean motxila bati susmo txarra hartu ziola. Berehala segurtasun lerroa jarri, taberna bera hustu eta inguruko etxeetako bizilagunak ohartarazi zituzten. Bonbak, beraz, ez du inor zauritu, baina kalte material handiak eragin ditu. Bonbak egoitzako taberna suntsitu zuen eta sukaldean ere oker handia egin zuen. Lehen solairuko bulegoek kalteak izan zituzten, eta goiko etxeetan batik bat leihoko kristalak eta pertsianak hautsi ziren. Inguruetako saltokietako leiho eta kristalak ere apurtu zituen bonbak.
22 egun baino ez dira iragan PSEren egoitza horrek ateak berriro zabaldu zituela. Egoitza berritzeko lanek bederatzi hilabete iraun zuten eta otsailaren 2an egin zuten inaugurazio ekitaldia. Han izan ziren Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia eta Bibiana Aido Espainiako Berdintasunerako ministroa.
Atzo goizean, berriz, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia eta Rodolfo Ares PSE-EEren Antolamendu idazkaria joan ziren Lazkaora, erasoak eragindako kalteak ikustera. Arriolak egiaztatu zuen egoitza barruan «dena apurtuta» geratu zela.
Bertan behera PPren mitina
Buruzagi sozialistekin batera Lazkaora azaldu ziren Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Patxi Albisu Lazkaoko alkatea, Antton Karrera Ezker Batuko Gipuzkoako koordinatzailea eta Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaia. Basagoiti, hasiera batean, atzo Lazkaon mitin bat egitekoa zen, baina sozialistei elkartasun keinua egiteko asmoz, PPk bertan behera utzi zuen eta ekitaldi politikoa Oiartzunen egitea erabaki zuen.
Behin Ertzaintzak ikerketa bukatzen duenean eta aseguru etxeetako perituek kalteak zenbatzen dituztenean, Lazkaoko Udalak kaltetuei erantzuteko arreta bulego bat irekiko duela jakinarazi du Patxi Albisu alkateak.
Ertzaintzak eguneko argia baliatu zuen atentatuaren inguruko ikerketa abiatzeko. Goizean egoitza sozialistaren inguruan jarritako segurtasun lerroa ez zuten kendu, eta eraikinen egoera aztertzeaz gain, hainbat froga bildu zituzten. Lehen ondorioetako bat izan zen ETAk zortzi kilo lehergai erabili zituela. Ez zuen zehaztu zein lehergai mota zen.
Egoitza, «oso zaindua»
Lehen aldia da ETAk Lazkaoko egoitza horri erasotzen diola. Dena den, tabernako arduradunak berri agentziei azaldu die azkenaldian «oso zaindua» egon dela. Berretsi du ertzainek 01:00ak inguruan erreparatu ziotela ate aurrean zegoen motxila bati, eta bere senarrak, une hartan lanean baitzegoen, tokia utzi behar izan zuela.
Maria Pilar izeneko emakumeak nabarmendu du zaintza handia izan arren azkenean ez duela «ezertarako balio», atentatuaren egileek «noiz egin behar den badakitelako». Sumina agertu du «euskalduna delako, Lazkao herrikoa bertakoa, eurak bezala».
Kazetariei azaldu die egoitza «erabat suntsitua» dagoela, eta egitura «mugitua». Baina, dioenez, ondorioak larriagoak izan zitezkeen. «Kalte materiala konponduko da, baina eraikinean bizi diren nagusiak eta haurrak ozta-ozta atera dituzte». Nabarmendu du bertan herritar xumeak bizi direla.
328.000
Kale erasoak gertatu dira Azpeitian eta Tolosan
Elkarretaratzea eginen dute gaur atentatua gaitzesteko
Getxon gertaturiko erasoa aldarrikatu dute
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
