Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 17:58

EUSKALHERRIA;2009-02-22;EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN KANPAINA. Barakaldoko batzokiari eta Donostiako beste bati eraso diete. Bizkaiko egoitzan lehergailu bat jarri dute, eta kalte material handiak sortu ditu eraikinean

Barakaldoko batzokiari eta Donostiako beste bati eraso diete

Bizkaiko egoitzan lehergailu bat jarri dute, eta kalte material handiak sortu ditu eraikinean

Erredakzioa.

Bi batzokiri eraso zieten larunbat goizaldean: Barakaldokoari eta Donostiako Karlos I.a kalean dagoenari. Bizkaiko egoitzan izan ziren kalte material handienak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, lehergailu batek eztanda egin zuen 00:10 aldera, Gurutzetako Bista Alegre kalean dagoen EAJren egoitzan. Lehergaiz, su hartzeko likidoz eta kohetez osatuta zegoen lehergailua.

Eztandak inguruko bizilagunak aztoratu zituen. Eztandaren unean «zarata handi» bat entzun zutela azaldu zuten. «Ohea ere» mugitu zitzaiola adierazi zuen bizilagun batek. Batzoki horrek joan den abuztuan ere izan zuen erasoa. Barakaldoko eztanda gertatu baino minutu batzuk lehenago su hartzeko likidoa bota zioten Donostiako batzokiari, eta ondoren su eman. Aurrekoak baino kalte material txikiagoak izan zituen.

«Totalitarismoa erakusten du»

Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak eraso horiek gaitzetsi zituen, eta «totalitarismoa» zein «faxismoa» erakusten dutela adierazi zuen. Leherketaren abisuaren berri eman ez izana ere salatu zuen. Andoni Ortuzar Bizkaia Buru Batzarreko presidentearen arabera, berriz, horrelako ekintzen aurrean ETAri «aurre» egitea beharrezkoa da.

«Duela egun batzuk legez kanpo utzi genituen hautagaitzak dira, hain justu, indarkeria praktikatzen dutenak», esan zuen Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak. «Kale borroka» salatu, eta erasook «justiziari bizkar» ematen diotela gaineratu zuen. PSE-EEk ere gogor salatu zituzten erasoak. Patxi Lopez lehendakarigaiaren aburuz, batzokiei eraso dietenak «erakunde demokratikoetan egon nahi dutenak» dira, eta ezin zaie tokia egin «indarkeriari estaldura ematen dietenei».

PPk ekintza salatzeaz gain, ETAri aurre egiteko modu bakarra «legea eskuan» dela joatea dela esan zuen. EAk, berriz, «demokraziaren printzipioen kontrako» erasoak izan direla uste du. Ezker Batuak eraso horiek gaitzesteko eskatu dio ezker abertzaleari.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia