EGA prestatzeko materiala biltzen duen webgunea sortu dute
AEK, Ordiziako Jakintza ikastola eta EHUko iKide taldea izan dira ekimenaren bultzatzaileak
Ainara Arratibel.
DonostiaEuskararen gaitasun agiria (EGA) prestatzen ari diren ikasle eta irakasleek atari berria dute Interneten: www.egela.aek.org. Webgune horretan sartzen direnek azterketako gaiak lantzeko behar duten materiala topatuko dute, doan. «Helburu nagusia euskara ikasle eta irakasleen esku baliabide multzo librea jartzea izan da, baina baita elkarlanerako bide berria zabaltzea ere, ahaleginak batuz eta ideiak trukatuz», nabarmendu du Maite Goñik, Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolako irakasleak. Proiektuaren bultzatzaileetako bat da Goñi.
Goñirekin batera, ekimenean hartu dute parte EHUko iKide taldeko Ainhoa Ezeizak eta AEK-k. Webgunea urte eta erdiko lanaren emaitza da, eta atzo aurkeztu zuten. «Bakoitzak bere esparruan egiten genuen lan, baina guztiok genuen elkarren berri. Batak bestearen materiala erabiltzen genuen. Horrenbestez, egokia iruditu zitzaigun guztia gune batean jasotzea».
Hala, materiala bildu, egokitzapen batzuk egin eta webgunea prestatu dute. «Ahalik eta lanabes praktiko eta erabilgarriena prestatzen ahalegindu gara, bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat», nabarmendu du AEK-ko kide Andoni Tolosak. Haien asmoa da pixkanaka webgunea material gehiagorekin betez joatea. «Ateak zabalik ditugu webguneari ekarpenak egin nahi dizkion edozeinentzat, elkarlana izan baita proiektu honen abiapuntua», azaldu du Goñik.
Zerbitzua doan da. Erabili ahal izateko, erregistratu baino ez da egin beharko. Horretarako, izen-abizenak eta posta elektronikoko helbidea baino ez dira eman beharko. Hortik aurrera, bertan eskaintzen diren zerbitzuak erabili ahal izango dira. EGA azterketa prestatzeko aholkuak, ariketak, azalpenak eta adibideak topa daitezke bertan. 2003 eta 2006 bitarteko azterketak ere jarri dituzte.
Erabiltzaileak nahi duen modura prestatu ahal izango du azterketa: «Bakoitzak bere ibilbide propioa egiteko aukera izango du, eta, era berean, idazmenaren kasuan, baita egileok proposatutako progresioa jarraitzeko aukera ere». Tutoretza zuzenik ez dagoen arren, erabiltzaileak eskura izango ditu ariketak zuzentzeko tresnak.
Jaurlaritzak dio ez duela baimenik kendu EGAko materiala sareratzeko
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
