«Urrezko botoa» ematera dei egin dute ehunka gazte independentistak
'Independentziara lotu' lelopean, hainbat mobilizazio egin dituzte herriz herri batutako gazteek
Erredakzioa.
BilboMartxoaren 1ean gazteek egin dezaketen aukerarik onena «independentziaren aldeko botoa» ematea dela aldarrikatu zuten atzo gazte independentistek Algortan (Getxo, Bizkaia) egindako ekitaldian. Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkartearen izenik ez zuten aipatu, baina plataforma haren antzeko diseinuko kartelak erakutsi zituzten. Urrezko boza leloa ere bazuten afixek.
Lotu independentziari lelopean, mobilizazio eguna antolatu zuten atzo gazte independentistek, eta herriz herri egun osoan egindako mobilizazioen soka beretik, ekitaldia egin zuten arratsaldean Algortan. 225 bat gazte batu ziren eta parodia bat egin zuten. Juan Jose Ibarretxe EAJren lehendakarigaia eta Patxi Lopez PSE-EEkoa jarri zituzten agertoki gainean, lagun giroan kontu kontari. PSE-EEk legez kanporatzeekin eta EAJk Ertzaintzarekin «independentistak erditik kentzea» lortu dutela esan zuten hautagaiek. Horretaz gain, Bolognaren inguruan, AHT abiadura handiko trenari dagokionez eta beste hainbat gaitan ere bi alderdi horiek ados daudela irudikatu zuten.
EAJ eta PSE-EE «Euskal Herriari beste iruzur bat» egitera doazela ohartarazi zuen bozeramaile batek, parodia amaitu zenean. Mugimendu independentista baztertu nahian aritzea egotzi zien bi alderdi horiei, baina eginahalak egin arren gazteek hori egiten ez dietela utziko abisu eman zien.
Ertzaintzaren bi furgoneta ingurutik pasatu ziren arren, ez zen inolako arazorik izan ekitaldian, eta amaitu ostean manifestazioa egin zuten.
Egun osoan, herriz herri
Egun osoan egin zituzten mobilizazioak herrietan Lotu independentziara lelopean. Ikastetxe batzuetan geldialdiak ere egin zituzten. Gasteizen, esate baterako, 400 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten eguerdian Foruen plazan. Elkarretaratzea amaitu zenean, Eusko Legebiltzarrera joan ziren hainbat gazte, eta haietako bi eraikina zeharkatzen duen hesira lotu ziren. Independentzia leloko kamiseta gorriak zituzten soinean eta maskara zuriak aurpegian. Ertzaintzak bi gazteak askatu eta identifikatu egin zituen. Gainera, berri agentziek jakinarazi dutenez, epaileak inputatu egin ditu.
Mobilizazio egunaren barruan, arratsaldean ere hainbat ekimen egin zituzten herriz herri. Gazte independentistek jakinarazi dutenez, Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan zen mobilizazio askotan, eta hainbat tokitan gaztek identifikatu ere egin zituzten, Irunen esate baterako.
Protesta egunean parte hartu zutenek «itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan» ari direla diote. Aurrean duten horma handia dela badakitela ohartarazi dute: «Bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta poltronero, gezurti koadrilek osaturiko hedabide intoxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak...».
Eredu horren kontra egiten dutenen aurka «errepresio bortitza» erabiltzen dela salatu dute, eta horren adibide jarri dute Ipar Euskal Herrian gertatzen dena: «Mugimendu abertzalea kriminalizatu eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta halako proiektuak eteteko saioa». Euskal Herriko «zapalkuntza eta zatiketa egoera gainditzeko» lanean ari den ezker abertzaleari «gerra deklaratu» diotela salatu dute, eta gazteen aurkako «Poliziaren presio etengabea» indarrean dagoela. Bien bitartean, estatutu eta foru hobekuntza berriak hitzartzen aritzea egotzi diete «UPN eta EAJ bezalako esaneko poltronero diruzaleei».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
