Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:24

HARIAN;2009-02-20;GAURKOA. Euskara, arriskuan. Munduan galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen atlasa berritu du Unesco erakundeak. 2.500 hizkuntzak dute galtzeko arriskua bost kontinenteetan: haien artean, euskarak. Unescoren hizkuntzen atlasa.

Unescoren hizkuntzen atlasa

Euskara, arriskuan

Munduan galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen atlasa berritu du Unesco erakundeak. 2.500 hizkuntzak dute galtzeko arriskua bost kontinenteetan: haien artean, euskarak.

Iñaki Petxarroman.

Donostia

Ez da euskaltzaleen eslogan alarmista. Ez da frantsesaren eta gaztelaniaren aurka egiteko erabiltzen den oinarri gabeko aitzakia. Euskara galtzeko arriskuan dago. Hirugarrenez ohartarazi du Unescok, atzo kaleratutako atlasean (Arriskuan diren munduko hizkuntzen atlasa), Euskal Herriko hizkuntzalari eta aditu ugarik aspaldi esaten ari direnaz.

Unescoren atlasaren arabera, munduko 6.000 hizkuntzetatik 2.500 galtzeko arriskuan daude. Kontinente guztietan daude hizkuntzak arriskuan, eta egoera ekonomiko guztietako herrialdeetan, gainera. 200 hizkuntza azken hiru belaunaldietan galdu dira, 538 egoera kritikoan daude, 502 arrisku handian, 632 arriskuan, eta 607 egoera ahulean. Hain zuzen ere, azken talde horretan sartu du Unescok euskara, baina onartu du Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan egoera okerragoa dela.

Euskararen eremuan aritu da lanean Tapani Salminen filologo finlandiarra. Hark adierazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «lege babes handia» ematen zaiola euskarari, baina egoera «ahulagoan» dagoela Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan.

Hainbat faktore hartu dituzte kontuan atlasa osatzen lanean aritu diren Unescoko 30 hizkuntzalariek: hiztunen kopurua, belaunaldi batetik besterako transmisioa eta erakunde publikoen hizkuntza politikak, besteak beste. Horien arabera neurtu dute hizkuntzen egoera.

Salminenek adierazi duenez, ume gehienek nahiz eta hizkuntza hitz egiten jakin eremu batzuetan bakarrik erabiltzen dutenean sailkatzen dute hizkuntza hori ahul daudenen artean. «Uste dut hori dela euskararen definiziorik zehatze-na».

2001ean kaleratutako atlas berritua da atzo Unescok ezagutarazi zuena. Orduko hartan «galtzeko arriskuan» kokatzen zuen Unescok euskara Hego Euskal Herrian, eta «galtzeko arrisku larrian» Ipar Euskal Herrian. Orain, horrelako bereizketarik ez du egin.

Baina mapak ekarri ditu berrikuntzak aurrekoaren aldean. Esaterako, katalana jada ez da agertzen arriskuan dauden hizkuntzen atalean, ezta galiziera ere. Azken horren kasuan, portugesaren gertutasunaren babesak zerikusia duela esan du Salminenek. 2001eko atlasean galiziera «arriskuan» ageri zen, eta«potentzialki arriskuan» katalana.

Munduko egoera

Europan, Asian, Ozeanian, Amerikan eta Afrikan, bost kontinentetan daude dozenaka hizkuntza galtzear. Afrikaren egoera azpimarratu dute Unescoko adituek. Izan ere, 2.000 hizkuntza baino gehiago mintzatzen dira kontinente horretan, eta haietako %10 galduko dira hurrengo 100 urteotan, Unescoren arabera.

Hizkuntza bat galtzen denean, ez da soinu multzo bat galtzen bakarrik, ez ahoskera eta doinutegi berezi bat ere. Hizkuntza bat galtzen denean, mundua ikusteko eta ulertzeko era berezi bat galtzen da, mendeetako tradizioa. Hori azpimarratu du Unescoko zuzendari nagusi Koichiro Matsuurak: «Hizkuntza bat galtzeak ondare kultural materiagabearen beste era batzuk galtzea dakar, eta, bereziki, hizkuntza erabiltzen duen komunitatearen ahozko adierazpenen eta tradizioaren ondare neurtezina; besteak beste, txiste eta poemak, esaerak eta elezaharrak». Aldi berean, indigenen hizkuntzen tragedia azpimarratu du Matsuurak. «Hizkuntza indigenak galtzeak bioaniztasuna galtzea dakar, zeren hizkuntzak naturaren eta munduaren ezagutzak transmititzeko tresnak baitira».

Atlasean ohartarazi dute hizkuntz aniztasun handiena duten munduko herrialdeetan dagoela hizkuntzak galtzeko arriskurik larriena: Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen, Indonesian, Mexikon eta Australian. Ozeaniako herrialde handi horretan 108 hizkuntza daude galtzeko arriskuan.

Hurrengo urteotan, egoera ez bada asko aldatzen, ubykhera, kemiera, kareliera, aasaxera, eiakera, senedera, nornera, senedera, iolera, tamazightera eta beste dozenaka hizkuntzaren bide berean amilduko dira ehunka mintzaira mundu osoan. Hiztunak ez, historia liburuak baino ez dira haietaz oroituko.

 

Nortasun agiria



Arriskuan dauden hizkuntzak. 2.511, Unescoren atlasaren arabera.

Argitalpenak. Hiru atlas egin dituzte. Lehena, 1995ean; bigarrena, 2001ean; hirugarrena, 2009an.

Hizkuntzalariak. 30 adituk egin dute atlasa, mundu osoan barreiatuta.

Hizkuntz aniztasuna. Afrikan daude munduko hizkuntza gehienak, 2.000 hizkuntza guztira.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia