Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:20

EUSKALHERRIA;2009-02-14;AHTk nekazaritza galtzea ekarriko duela salatu du EHNEk. Tren lasterraren proiektuaren inguruan gizarte eztabaida egiteko eskatu du nekazarien sindikatuak

AHTk nekazaritza galtzea ekarriko duela salatu du EHNEk

Tren lasterraren proiektuaren inguruan gizarte eztabaida egiteko eskatu du nekazarien sindikatuak

Ainara Arratibel

Ordizia

EHNE sindikatuaren ustez, abiadura handiko trenak (AHT) «nekazaritza betiko galtzea» ekarriko du. Hala salatu zuen atzo Ordizian (Gipuzkoa) egindako elkarretaratzean. «Euskal Hiria osatzeko pauso garrantzitsua izango da, baina baserririk gabeko Euskal Hiria», adierazi zuen EHNEko kide Josu Gilek. Sindikatuaren ustez, obrak gelditu eta azpiegiturari buruzko herri eztabaida egin beharko litzateke.

Nekazaritza Bizirik AHTrik Ez!! lelopean egin zuen bilkura EHNEk, Mariaratz auzoko lanetatik gertu. Parean izan zituzten hainbat ertzain talde. Nekazariek egun duten egoeraz ohartarazi zuen Gilek. «Baserritarrak ekonomikoki ito, eta krisian eta prekarietatean bizitzera behartu gaituzte. Gure izerdiak ez du ezertarako balio».

AHT eta halako proiektuek egoera hori okertzen dutela nabarmendu zuen. «Hiriburuak lotzearen aitzakiapean, gure ibar ederrak betiko zaurituko dituzte, betiko baldintzatu». Hala, AHT egiteko erakundeak erabiltzen ari diren arrazoiak salatu zituen. «Krisiari aurre egiteko AHT beharrezkoa dela entzun izan dugu. Baina argumentu horiek ezagunak zaizkigu Lemoizen sasoitik, eta ez dute ezer onik adierazten».

Bide horretan, azpiegitura «informazioa ezkutatuz eta errepresioa erabiliz» eraikitzen ari dela salatu zuen. «Instituzioetatik herritarrak informatu beharrean, gezurrak lotsarik gabe erabiliz AHTren aldeko propaganda egiten ari dira. Horri inposizioa deitzen zaio». Hori jakinik, herritarren beharrak eta interesak zeintzuk diren argitze aldera, proiektuaren inguruan eztabaida hastea proposatzen du EHNEk. «Guztiontzako baldintza berberekin, eta informazio garbiarekin».

Manifestazioa, gaur

Sindikatuak bat egin zuen AHT Gelditu! Elkarlanak gaur Tolosan (Gipuzkoa) egingo duen manifestazioarekin, eta bertan parte hartzeko deia egin zuen. Protesta 17:00etan abiatuko da, Triangelu plazatik.

PSOEk, berriz, legez besteko proposamena erregistratu zuen, atzo, Espainiako Kongresuan. AHTren proiektuan lanean ari direnei babesa eskatzeko. Proposamenean proiektuarekin jarraitzeko eskatzen zaie Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. «AHTren zilegitasun demokratikoa» berretsi nahi du PSOEk ekimen horrekin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia