2009-02-14
EGArako ikas material digitala
EGA, saretik kanpo
EGArako azterketa digitalizatuak Internetetik ateratzeko agindu du Eusko Jaurlaritzak, proba horiek biltzen dituen liburuak «merkatuan ibilbidea» egin dezan. Sarean, haserrea nabarmena da.
Maite Asensio
Euskara ikasle eta irakasle askori mesede handia egin zien Maite Goñi Ordiziako Jakintza Ikastolako (Gipuzkoa) irakasleak, EGA titulurako azterketak Interneten eskegitzen hasi zenean, duela pare bat urte. Guztien onurarako prestatutako material hori «klik batera» eskuragarri jartzea zuen helburu, eta, hala, euskararen presentzia sarean hedatu. Martxoko azterketarako hilabete pasatxo baino falta ez zenean, 2007-2008 ikasturteko probak biltzen dituen liburua eskegi zuen astelehenean Goñik. Eta sareratu bezain pronto, saretik atera behar izan du lan hori, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Liburua argitaratu berria dela eta merkatuan «bere ibilbidea egin arte» ezin dela sareratu argudiatu du administrazioak. Atzo kendu zuen material hori www.euskaljakintza.com webgunetik.
Erabakiak hautsak harrotu ditu Interneteko hainbat eztabaida gunetan. Maite Goñik berak azaldu du gertatutakoa Jakintza ikastolako irakasle batzuek sortutako blogean (http://ikteroak.blogsome.com), eta albistea bala-bala hedatu da, besteak beste, www.sustatu.com gunearen bidez. Egun bakar batean, dozenaka erreakzio agertu dira, baita auziari buruzko beste horrenbeste interpretazio ere. «Lotsagarri» eta «negargarri» iritzi diote Interneteko erabiltzaileek Jaurlaritzaren erabakiari. Haien ustez, EGA agiria eskuratu nahi dutenei ez ezik, administrazioari berari ere mesedegarri zaio Goñiren lana. Gainera, batzuek diotenez, liburua bera baino erabilgarriagoak dira azterketa digitalak, eta egitasmoa bat dator Jaurlaritzak bultzatutako joerarekin; izan ere, Internet bidez baino ez daiteke egin EGArako matrikula.
Maite Goñik ere deitoratu egin du eginda dagoen lana erabili ezin izatea, kontuan izanda ikasleak azterketaren atarian daudela. Hala zuzendu zaio Eusko Jaurlaritzari, blogean: «Egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortuta, ez al luke Administrazioak berak material hori denon eskura doan ipini behar? Hainbeste ordu, lan, giza eta ekonomia baliabide gure herrian euskara eta teknologia berriak sustatzeko, eta trabak ipini behar al dizkiogu bi horiek uztartzen dituen egitasmo eskuzabal bati?»
Izan ere, euskararen eta euskara ikasleen mesedetan egindako ekimena da azterketon digitalizazioa. Horregatik, eta egindako lana alferrik gal ez dadin, ikas material digitala administrazioaren esku uzteko prest agertu da Maite Goñi.
Lan mardula
2005-2006 ikasturteko azterketak sareratu zituen lehenbizi Maite Goñik, 2007ko hasieran, Jaurlaritzari baimena eskatu ondoren. Ekimenak arrakasta handia izan zuela ikusita, aurreko ikasturteetako beste proba batzuk ere eskegi zituen, baina orduan ez zuen berariazko baimenik eskatu, helburua berdina izanik arazorik egongo ez zelakoan. Hala, duela bizpahiru aste 2007-2008ko liburua argitaratu zenean, materiala digitalizatzeari ekin zion.
Ez da lan erraza izan Goñirentzat. Asteetan buru-belarri jardun du paperean jasotakoa informatizatzen, liburua eskaneatzen, eta, ondoren, orrialdeak banan-banan aztertzen eta moldatzen, eskanerrak identifikatzen ez dituen hizkiak zuzentzen. Horrez gain, ariketa gehienak automatizatu ditu, Interneten bidez egin eta zuzendu ahal izateko. Borondatezko lana izan da, ikasleei begira egindakoa, materiala haien esku uzteko asmoz, trukean inolako ordainsaririk jaso gabe.
Baina lan horren guztiaren ondoriozko ikas materiala ezin izango da on-line erabili, liburuak «bere ibilbidea» egin arte. Hau da, liburua merkatuan gutxienez urtebetez salgai eman arte. «Nire ordenagailuan gorde beharko dut egindako lana, eta EGAko azterketariek ezingo dute eredu berria ezagutu liburua erosi ezean», adierazi du Goñik.
Eusko Jaurlaritzaren telefono deia jaso eta ordu gutxira idatzi zuen Goñik mezua blogean, euskara ikasleei azterketa digitalak zergatik kendu behar zituen azaltzeko. Ez zuen horrenbesteko iskanbilarik eragin nahi izan, «garrantzitsuena baliabide horiek denon eskura egotea» dela adierazi baizik: «Pixka bat es mucho, guk gehiago nahi dugu».
Nortasun agiria
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
