Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:19

EUSKALHERRIA;2009-02-13;Langraizko espetxe berria 2011rako eraikita egongo dela iragarri du Gallizok. Espetxea martxan hasten denean, egungoa itxi egingo dutela esan du Espainiako Espetxe Erakundeetako buruak

Langraizko espetxe berria 2011rako eraikita egongo dela iragarri du Gallizok

Espetxea martxan hasten denean, egungoa itxi egingo dutela esan du Espainiako Espetxe Erakundeetako buruak

Erredakzioa

Gasteiz

Langraiz Okan (Araba) egin asmo duten espetxea 2011. urteko erdialderako eraikita egongo da. Hala iragarri du Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendariak. Zaballako lurretan iazko abuztuan hasi zituzten kartzela eraikitzeko lanak. Eraikina bukatu eta espetxea martxan jartzen dutenean, egungo espetxea itxi egingo dutela ere jakinarazi du Gallizok.

Langraiz Okako egungo espetxean izan zen atzo Espetxe Erakundeetako zuzendaria. Udalerriko hautetsiekin bildu zen, kartzelaren egitasmoari buruzko xehetasunak emateko. Jakinarazi zien 720 ziegako kartzela egingo dutela, eta hori egiteko 500 langile ingururi emango dietela lana hurrengo bi urteetan. Espetxe Erakundeetako zuzendariak iragarri du itxi egingo dutela kartzela zaharra, nahiz eta ez duen argitu zer egingo duten eraikinarekin.

Ingurumen azterketak

Langraiz Okan duten espetxearen inguruan tirabirak sortu dira Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren nahiz Arabako Foru Aldundiaren artean. Espainiako Gobernuak erabaki zuen kartzela eraikitzeko lanak «urgentziaz» hastea, ingurumen azterketarik egin gabe; Eusko Jaurlaritzak iragarri du azterketarik egin ezean auzitegietara joko duela.

Gallizoren esanetan, ordea, kartzela eraikitzeko aukeratutako lekua egokia da. «Beti kontuan izan zen ideia da». Proiektuak «indarrean dagoen legediaren eskakizun guztiak» betetzen dituela dio. «Ingurumen neurriak hartu ditugu, ez bakarrik legea betetzeko, baizik eta uste osoa dugulako horretan». Espetxearen aurkako mugimenduak sortzea «tradizioa» dela esan du, «beti dagoelako egoki ikusten ez duen norbait».

Eusko Jaurlaritzak «ardura gutxikoa» izatea leporatu dio Espainiako Gobernuari, ingurumen azterketak egin baino lehen egintzat jo duelako espetxea. Esther Larrañaga Ingurumen sailburuaren hitzetan, «ez dirudi Espainiako Gobernuak errespetu askorik dienik legeriari eta Zuzenbideari». Izan ere, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eskaera egina diola Espainiako Gobernuari ingurumen azterketa egiteko, eta, hori egiten ez badu, salaketa aurkeztuko duela auzitegietan. «Ez dirudi oso demokratikoa esateak espetxe proiektu bat inposatu egingo dela, ez bakarrik herri borondatea errespetatu gabe, baizik eta ingurumen legeria errespetatu gabe».

Eusko Alkartasunak ere espetxe proiektuaren aurka egin du. Rafa Larreinak dio ez dagoela ingurumen bermerik kartzela eraikitzeko, eta inguru hori aurretik ere nahikoa «zigortua» badagoela salatu du. Orobat, uste du «makrokartzela zaharkituaren eredua» ezarri nahi duela Espainiako Gobernuak. «Eredu hori ez da eraginkorra bergizarteratzeko eta prebentziorako». Espetxe txikien eta banakako arretaren alde egin du Eusko Alkartasunak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia