Iaz 62 lagunek salatu zituzten torturak, TATen arabera
Nazioarteak Espainiari ohartarazpenak egiteak «berdin du», TATek salatu duenez, Espainiak torturatzen jarraitzen baitu
Kanpainan dauden alderdiei eskatu die, torturaren kontrako dinamikak bultzatzeko
Oihana Elduaien
Donostia«Garzonen protokoloa martxan jarri edo nazioartetik Espainiari hainbat ohartarazpen egin, berdin du; Espainiak torturatzen jarraitzen du». Iazko torturen kasuen txostena aurkeztu du Torturaren Aurkako Taldeak (TAT), eta torturak ez direla desagertu azpimarratu dute. 188 orriko txostenean jaso dutenaren arabera, iaz 150 euskal herritar inkomunikatu zituzten «legedia antiterroristapean», eta horietako 62k jasan zituzten torturak. Tortura desagertzeko inkomunikazioa kendu behar dela berretsi du TATek.
Gaur betetzen dira 28 urte Joxe Arregi Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta zegoenean jasandako torturen ondorioz hil zela. Geroztik, torturaren kontra protesta egin da Euskal Herrian otsailaren 13 oro. 28 urte hauetan guztietan torturak egon direla salatu du TATek. Urtero-urtero osatu dute balantzea, eta atzo aurkeztu zuten iazkoa, Ane Ituño eta Aiert Larrartek. Torturak ez direla desagertu ohartarazi dute. Gainera, «itxura guztien arabera» datozen urteetan ere torturak egon egingo direla diote.
Iaz, nazioarteko hainbat erakundetatik Espainiari inkomunikazioa kentzeko gomendioa eman ziotela jaso dute txostenean, baina Espainiak gomendioei entzungor egiten diela salatu dute. Tortura saihesteko gomendioak eman dituztenek Espainiak atxilotuen kontrako neurriak gogortu dituela ere salatu dute, TATek txostenean jaso duenez.
Torturak salatu dituzten 62 lagunetako 30 baten tortura testigantzak jaso dituzte txostenean. Denak ezin izan dituzte jaso, torturak utzitako ondorioengatik hainbat lagun oraindik ere ez daudelako prest gertatutakoa paperean idazteko. Hala, Ituñok nabarmendu du tortura fisikoak «deigarriago» egiten diren arren, askotan tratu txar psikologikoek ondorio gehiago uzten dituztela. «Mehatxu egiten diete, eta beldur dira berriz egoera horretatik pasatu beharko duten, edo beren kontrako neurri judizialak abiatuko dituzten». Teknika psikologikoak gero eta gehiago erabiltzen dira, «gorputzean aztarnak ez uztera bideratuak».
Garzonen protokoloa
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon, Santiago Pedraz eta Fernando Andreu epaileak torturaren kontrako protokoloa aplikatzen hasi ziren arren, torturak ez direla desagertu ohartarazi du TATek. Horren erakusle jarri dute protokoloa aplikatu dioten 19 lagunek ere torturak salatu dituztela.
Atxilo aldia kameraz grabatzea, senideei atxilotua non dagoen jakinaraztea eta konfiantzako medikuek atxilotua bisitatzeko aukera izatea dira protokolo horretako neurriak. Baina hiru neurri horiek ez direla behar bezala betetzen berretsi du TATek: Bideo kamerarik ez dago polizia-etxeetan, eta konfiantzazko medikuek ere mugak dituzte atxilotua bisitatzeko orduan.
Eskaera alderdiei
Hauteskunde kanpaina abiatu dela kontuan hartuta, alderdi politikoei eta legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaiei eskatu diete giza eskubideen defentsan aritzen direnean, ez ahazteko tortura ere hor dagoela. Gai horri ere noiz edo noiz heldu beharko dietela ohartarazi diete, eta hori orain egiteko eskatu.
Bestalde, alderdi eta eragile sozialekin interpelazio dinamika abiatuko du TATek, 2008ko txostenarekin. Ekainera bitarte arituko dira lan horretan, eta gero ondoriok plazaratuko dituzte.
Auzi medikuen txosten «eskasak»
Auzi medikuen lana baloratzen duen ikerketa jaso du TATek; dio mediku txostenak ez direla nahikoak
O.E.
DonostiaTATen proposamena
Mobilizazioak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
