Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:18

HARIAN;2009-02-06;NBEko GIZA ESKUBIDEEN BATZORDEA. KONTALARIAREN AHOLKUAK ESPAINIARI. Legez kanporatzeak berme nahikorik gabe egiten direla dio NBEk. Inkomunikazioa kendu eta 'terrorismo' terminoaren erabileran jarrera aldatu behar duela ohartarazi dio Espainiari Scheininek Egoera hobetzeko hamahiru aholku zehatz jarri ditu kontalariak txostenean

Legez kanporatzeak berme nahikorik gabe egiten direla dio NBEk

Inkomunikazioa kendu eta 'terrorismo' terminoaren erabileran jarrera aldatu behar duela ohartarazi dio Espainiari Scheininek

Egoera hobetzeko hamahiru aholku zehatz jarri ditu kontalariak txostenean

Oihana Elduaien

Espainiak ez ditu giza eskubideak behar bezala errespetatzen «terrorismoaren kontrako borrokan» ari denean. Ondorio hori atera du Martin Scheinin Terrorismoaren Kontrako Borrokan Giza Eskubideak Bermatzeko NBEko kontalari bereziak, Espainiara eta Euskal Herrira bisita egin ostean. Terrorismo terminoa gehiegi zabaltzea, parte-hartze politikorako eskubidea urratzea, inkomunikazio aldia ez kentzea eta tortura salaketak ondo ez aztertzea egotzi dio, besteak beste. Euskal presoen zigorrak gehiegi luzatzea eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren betekizuna ere kritikatzen du.

Nolanahi ere, kritika egin arren, bere esku dauden lurretan zein nazioartean «terrorismoaren kontrako» borrokan «ahalegin handia» egiten duela aitortu dio Espainiari. «ETAk eta beste talde terrorista batzuek giza eskubideak deuseztatu» egiten dituztela ere jaso du. Hori guztia argudiatuta, 26 orrialdeko txostena osatu du, eta hamahiru aholku zehatz eman dizkio Espainiari.

Espainiako Gobernua ez dago derrigortuta NBEko kontalariak emandako aholkuak betetzera. Baina Scheininen txostena ez da nazioarteak Espainiari egiten dion lehen ohartarazpena. Horregatik, Espainiak gero eta presio handiagoa dauka eskaerei men egiteko.

Hona hemen, Scheininek osatutako txostenaren laburpena, puntuz puntu.

'Terrorismo' terminoa

Espainiak terrorismo terminoaz egiten duen erabilera ez dela zuzena dio Scheininek. Giza Eskubide eta Eskubide Politikoen Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan jasotakoa betetzea beharrezkoa dela ohartarazi dio, eta erabiltzen dituen terminoak ondo definitzeko eskatu dio. Zehazki, Zigor Kodeko 571tik 579ra bitarteko artikuluak berrikusteko eskatu dio.

Delitu bat «terrorismo» gisa hartzeko «hiltzeko edo lesioak eragiteko asmoa edukitzea» ezinbesteko dela zehazteko aholkatu dio, baita «kolaborazioaz» hitz egiten denean zertaz ari den eta zigortzen diren jokaerak zein diren zehazteko ere. Zigor Kodea orain dagoen bezala, «kolaborazio» delitua indarkeriarekin inolako loturarik ez dutenei leporatzeko arriskua ikusten du Scheininek, eta erreferentzia egiten dio 18/98 auziko epaiari.

«Terrorismoa goratzea» zer den ere zehaztu beharra dauka Espainiak, NBEko kontalariaren irudiko. «Terrorismo ekimen bat bultzatzea» helburu duten ekitaldiei bakarrik aplikatu behar litzaieke delitu hori: «Ez da erabili behar adierazpen askatasuna mugatzeko».

Adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna

«Terrorismoaren kontrako neurriak ez dira erabili behar gobernuz kanpoko erakundeen, komunikabideen eta alderdi politikoen kontra», dio. Zigor Kodean «talde terroristez» hitz egiten den arren talde horiek zein diren zehazteke dagoela salatu du.

Alderdien Legeak ere zehaztasunak falta ditu. Ondorioz, «talde terrorista» baten helburu antzekoak izan eta bake bideetatik ari den alderdi bat legez kanpo uzteko arriskuaz ohartarazi du NBEk. Alderdien Legea adierazpen askatasunari buruzko nazioarteko legedira egokitzeko aholkua eman dio Espainiari. Gainera, hautesle elkarteren bati edo alderdiren bati hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea kendu behar badio, hori «berme gehiagorekin» egiteko eskatu dio.

Era berean, adierazpen askatasuna sustatu beharra dagoela uste du Scheininek. Euskal Herrira egin zuen bisitan adierazpen askatasuna urratzen zela ikusi zuela dio. Batetik, «mehatxu terroristak» jende askori pentsatzen duena esateko muga jartzen diola ikusi zuen, eta, bestetik, «terrorismoaren kontrako politikaren ondorioz», autodeterminazioaren aldeko iritziak emateko eta giza eskubideen alorrean aritzeko beldurra ere nabaritu zuen «horrek ETArekin harremana duela leporatzera eraman ditzaketelako».

Inkomunikazioa

Inkomunikazioa kentzeko eskatu dio Espainiari. Atxilotua inkomunikatuta dagoen bitartean hari «debekatutako tratua» emateko arriskua dagoela uste du, eta, gainera, inkomunikazioa dagoen bitartean Espainiak tortura salaketei aurre egin beharko diela aurreikusten du, horrek «terrorismoaren kontrako borrokari zilegitasuna kentzen» diolarik. Tortura ekiditeko neurriak sistematikoki ezartzeko eskatu dio Espainiari, bideo zaintza jartzeko eta atxilotuei konfiantzako medikuekin egoteko aukera emateko zehaztuta. Ertzaintzak protokolo bat baduela ekarri du gogora, baita Auzitegi Nazionaleko epaile batzuek beste protokolo bat erabiltzen dutela ere. Baina neurriak ez dituztela epaile guztiek ezartzen salatu du.

NBE kezkatuta dago tortura salaketek izaten duten bilakaerarekin ere. «Sistematikoa da Espainiako agintariek kasurik ez egitea». Torturak egon daitezkeela pentsatzeko arrazoiak dauden bakoitzean «segituan ikerketa independente, inpartzial eta osoa» egin eta errudunak auzitara eramateko eskatu du. Horrek segurtasun indarren sinesgarritasunari mesede egingo liokeela azaldu dio Espainiari.

Auzitegi Nazionala

«Arazotsua» da, Scheininen ustez, «terrorismo gaietan» eskuduntza duen auzitegi espezializatu bakarra Espainiako Auzitegi Nazionala izatea. Han epaitutako auzietan kasazio helegitea besterik ezin daitekeela jarri ekarri du gogora, eta Giza Eskubideen Batzordeak prozedura horiek ezegokitzat dauzkala azpimarratu du. 18/98 auziko epaiari berriz egiten dio erreferentzia, epai hori kasazio helegitearen erantzunaren zain dagoelako. Erabaki hori aztertuko duela ohartarazi du, gainera.

Helegiteak jartzeko aukerak berrikusteko eskatu du, eta arreta berezia jartzeko Nazioarteko Ituna betetzen. Terrorismo gaiak beste auzitegi batzuetara bideratzeko aukera aztertzeko ere eskatu dio.

Espetxe politika

Behin-behineko espetxe zigorra gehiegi erabiltzen du Espainiak, NBEren ustez. Espetxealdi hori laburtzeko eskatu dio Espainiari, eta gaineratu du «terrorismo delituak» egiteaz susmagarri diren presoei tratu berezia emateak «eragin larria» izan dezakeela haien errugabetasun presuntzioan.

Sakabanaketaz dio «familientzat arriskua eta karga ekonomikoa» izateaz gain, defentsarentzat oztopo praktikoa dela. Parot doktrina deiturikoa, zigorrak osorik betearaztea eta espetxetik ateratakoan presoei jarri nahi zaien zaintza bergizarteratzearekin bateraezinak izan daitezkeela ere ohartarazi du.

Biktimak

«Terrorismoaren biktimen» egoera behar bezala lantzeko Espainiak lege bitartekoak eta bitarteko psikologikoak landu dituela dio, eta bitarteko horiek GALen biktimei ere zuzentzen zaizkiela. Espainiak biktimekin duen jarrera «egokia» dela uste du.

Biktimen eta «terrorismoa» erabiltzen dutenenganako sinpatia dutenen artean harremanak lantzea egoki iruditzen zaio, nahiz eta onartzen duen batik bat Euskal Herrian egoera oso «minbera» dela.

«Adiskidetzeko» elkarrizketa ireki eta aktiboa proposatu du, «elkartasunean, tolerantzian eta indarkeriaren biktimen errespetuan oinarritutako elkarrizketa».

 

Behatokiaren ustez, ona da txostena orain kaleratzea



Behatokiaren aburuz, Giza Eskubideak Babesteko kontalariak eginiko txostena hauteskundeen atarian argitaratu izana «ez da kasualidadea». Martin Scheinin kontalariak Espainiara egindako bisitatik txostenaren zain zeudela adierazi dute Behatokikoek, eta une politiko honetan kaleratzeak are garrantzitsuagoa egiten duela uste dute. Alderdien Legearen eta terrorismoaren definizioaren inguruan Scheininen txostenak egiten dituen «kritika zorrotzak» begi onez hartu dituzte Behatokian, eta hor azaltzen diren gomendio zehatz eta kritikoek garrantzi handia izango duela uste dute. Gomendioez gain, bisitaren inguruko ondorioek ere arreta berezia merezi dutela uste dute.



 

Bilera ugari izan zituen maiatzean egindako bisitan



Iazko maiatzean zortzi egunez izan zen Euskal Herrian eta Espainian Martin Scheinin Oinarrizko Askatasunak eta Giza Eskubideak Babesteko NBEko kontalari berezia. Egun horietan giza eskubideen inguruko azterketa egiteko hainbat bilera izan zituen. Besteren artean, Espainiako Gobernuko Defentsa, Justizia eta Atzerri Ministerioetako ordezkariekin, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin, Kongresuko eta Senatuko legebiltzakideekin, tortura salaketak jarri dituztenekin, euskal presoekin eta Auzitegi Nazionaleko, Auzitegi Goreneko eta Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidentearekin. Askatasunaren aurkako epaiketan ere izan zen.



 


«Terrorismoaren kontrako neurriak ez dira erabili behar GKEen, komunikabideen eta alderdien kontra»

Martin scheinin

NBEko kontalaria





 


«Espainiari aholkatzen diot atxilotuei ezartzen dien inkomunikazio aldia erabat ken dezan»

Martin Scheinin

NBEko kontalaria





 

Nazio Batuen Erakundeak urtero egiten duen txostenetan inkomunikazioa eta tortura amaitzeko aholkuak eman dizkio Espainiako Estatuari, baina orain arte Madrilgo Gobernuak ez ditu aintzat hartu.

Hamaika aldiz egindako gomendioei, entzungor

Edurne Begiristain



Ez da lehen aldia Nazio Batuen Erakundeak kargu hartzen diola Espainiako Gobernuari giza eskubideak urratzeagatik. Inkomunikazioa eta tortura amaitzeko gomendioa behin baino gehiagotan eman dio Madrili, baina Espainiak ez ditu aholkuak aintzat hartu. Orain arte Espainiako gobernuek entzungor egin diete NBEk egindako proposamenei. Areago, txostenetan egindako azterketarekin ez dira sekula ados agertu, tortura kasuak ukatu egin dituzte eta inkomunikazio aldiari eustearen alde agertu dira, besteren artean. Gainera, sarritan, NBEko adituek egindako azterketa zalantzan jarri izan dute Espainiako Gobernuko ordezkariek.

Nazio Batuen Erakundean mundu osoko herrialdeetako kasuen jarraipena egiten dute, urteroko txostena kaleratzeko. Gainera, behatzaile bereziek hainbat herrialdetako kasu zehatzei erreparatzen diete beren txostena lantzeko. Gutxienez 1992az geroztik jaso du NBEk Espainiako Estatuaren kasua bere txostenetan, giza eskubideak urratu dituelako. Bereziki, tortura kasuen inguruan ohartarazi izan dio NBEk Espainiako Gobernuari, eta aholkuak eman dizkio praktika hori amaitzeko. Euskal herritarren aurkako neurriek dute lekurik handiena Espainiari egindako gomendioetan.

Urteroko txostena osatzeko informazioa idatziz jaso ohi dute kontalariek. Tortura kasuei dagokienez, esaterako, salaketei eta testigantzei buruzko txostenak jaso, inplikatuta dauden instituzio publikoekin alderatu eta, salaketei ematen dien sinesgarritasunaren arabera, txostenean sartzen ditu. Horretarako, tortura salaketak izan dituzten herrialdeetara joan ohi da behatzaile berezia. Hori bai, oso kasu berezietan eta bakanetan joan ohi da tokian tokiko ikerketa egitera. Theo Van Boven torturari buruzko behatzaile berezia 2003an izan zen Espainian eta Euskal Herrian. Eta Martin Scheinin Oinarrizko Askatasunak eta Giza Eskubideak babesteko kontalaria, berriz, iaz etorri zen.

2003an Theo Van Bovenek hainbat bisita egin zituen Espainiara eta Euskal Herrira torturatzen ote zen aztertzeko. Eta, 2004. urtean argitara emandako txostenak baietz zioen, torturatu egiten zela. Entzundako tortura testigantzei sinesgarritasuna eman zien Van Bovenek. Hala, besteak beste, Espainiako Gobernuari gomendatu zion inkomunikaziorako bidea ematen zuen legedia indargabetu zezala. Bost urteren buruan, Martin Scheinin NBEko kontalari berezia Espainian eta Euskal Herrian izan da. Haren gomendioak ildo beretik joan dira oraingoan ere.

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak batzuetan ez die kontalari bereziei euren lana egiten utzi. Hala, 2004an, Adierazpen Askatasunerako kontalariak, Ambeyi Ligabok, Espainiari bisita eskatu zion, jakinda komunikabideak itxi zituztela, eta kazetariak atxilotu eta torturatu zituztela. Gobernuak, baina, debekatu egin zion sarrera.

NBEko kontalari bereziek Giza Eskubideen Batzordean urtero aurkezten duten txostenean ez ezik, beste hainbatetan ere giza eskubideei buruz duen kezka azaldu izan dio NBEk Espainiari. Hala, iazko urrian Giza Eskubideen Batzordeak ateratako ondorioetan kezka azaldu zuen, Espainian oraindik ere tortura kasuak salatzen direlako, eta Gobernuak neurririk hartzen ez duelako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia