Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:17

EUSKALHERRIA;2009-01-31;Patxi Huarte marrazkilariak jaso du prentsa idatziko Argia saria. Joseba Barandiaran, Mikel Atxaga, Librezale proiektua, 'Gure Saltsan' saioa eta 'Margotu Egunak' kanpaina ere saritu dituzte 'Argia'-ren 90 urteak laburbiltzen dituen dokumentala eman dute ekitaldian. PATXI HUARTE Marrazkilaria

Patxi Huarte marrazkilariak jaso du prentsa idatziko Argia saria

Joseba Barandiaran, Mikel Atxaga, Librezale proiektua, 'Gure Saltsan' saioa eta 'Margotu Egunak' kanpaina ere saritu dituzte

'Argia'-ren 90 urteak laburbiltzen dituen dokumentala eman dute ekitaldian

Ainara Arratibel

Lasarte-Oria

«Goizeroko irribarrea izan, eta herri honen parodiagile fina izateagatik», BERRIA egunkariko eta Nabarra, Aizu!, Karrika eta Xabiroi aldizkarietako marrazkilari Patxi Huarte Zaldieroa-k jaso du prentsa idatziko Argia saria. «Komiki zintak kazetaritza genero direla» erakutsi du Huartek, Argia-ko kideen ustez. Joseba Barandiaran ekonomialaria, Usurbilgo Udalaren Margotu Egunak publizitate kanpaina, Mikel Atxaga kazetaria eta Erlo telebistako Gure Saltsan saioa eta Librezale proiektua ere saritu dituzte aurten.

Atzo izan zen sari banaketa ekitaldia, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Txitxardin Beltxa jatetxean. Nagore Irazustabarrena eta Lander Arbelaitz kazetariek Argia-ren -garai batean Zeruko Argia- sorreraren 90. urteurrenaren inguruan egindako dokumentalarekin ekin zioten sari banaketa ekitaldiari. Ondoren, sarituak Antton Mendizabalek egindako oroigarria jasotzen joan ziren. Aurten, gainera, berritua. Izan ere, Mendizabalek Argia-ren logo berrira egokitu du saria.

Ohikoa duen umorearekin, «oso urduri» zegoela aitortu zuen Uhartek. «Ez dut ezta janariaz ere disfrutatu; beraz, hurrengo urtean ere gonbida nazazue». Irakurleak izan zituen gogoan saria jasotzean. «Haiei esker jasotzen ditugu halako sariak».

Joseba Barandiaran ekonomialariarentzat izan da irratiko Argia saria, Euskadi Irratian egiten dituen analisi «argigarri, sakon eta dotoreengatik». BERRIAko kolaboratzailea ere bada Barandiaran. «Harrituta», baina «oso eskertuta» jaso zuen saria. Saria eskaini zien emazteari, Euskadi Irratiko Manu Etxezortu eta Oihane Yustos kazetariei eta «hedabideen ateak zabaldu zizkion» Jaime Otamendiri. Barandiaranek elkartasuna adierazi zien EITBko langileei, Egunkaria auziko auzipetuei eta Bilbo Hiria irratiko langileei. «Kafe Antzokia dela eta ez dela, gorriak ikusten ari dira».

Telebistako saria Erlo telebistako Gure Saltsan saioak jaso du, besteak beste, «etorkinen kulturak elkarrizketaren eremu intimoenetik, sukaldetik, erakustegatik». Iban Bengoetxeak jaso zuen saria, eta saria saioko gonbidatuena zela adierazi zuen. «Guretzat sari hau sekulakoa da, ilusio handia egiten digu. Lan talde txiki baten beharra saritu eta ezagutarazi dute. Ez dugu sekula ahaztuko».

Usurbilen (Gipuzkoa) hemendik aste batzuetara jarriko dute martxan atez ateko zaborren bilketa. Ekimen hori herritarren artean ezagutarazteko Usurbilgo Udalak abian jarritako Margotu egunak kanpainari eman diote publizitate ataleko saria. Kanpainak izandako «eraginkortasuna» eta «herritarren parte-hartzea bultzatzeko egindako ahalegina» saritu dituzte. «Proiektua abian jartzeko ezinbestekoa zen herritarren parte-hartzea, eta kanpainak asko lagundu digu horretan», adierazi zuen Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok.

«Softwareen bidez euskarari dimentsio globala emateagatik», Librezale proiektuak jaso du Interneteko Argia saria. Besteak beste, Firefox 3 Interneteko nabigatzailea euskaratu dute Librezale proiektuko kideek. Proiektuaren bultzatzaile Julen Ruiz Aizpuru eta Piarres Beobide eskertuta agertu ziren sariagatik. «Euskarak bizi behar badu, teknologiaren munduan ere bizi behar du. Alde horretatik, garrantzitsua da, edukiak ez ezik, tresnak ere itzultzea».

Merezimenduzko saria

Argia aldizkariak ez du urtero banatzen; aurten, ordea, Mikel Atxaga kazetariaren lana saritu nahi izan dute. Eta Merezimenduzko saria jaso du.

Elixabete Garmendia kazetariak irakurri zituen Atxagaren esker hitzak. «Nire poza bikoitza da, nirekin gogoratu zaretelako, eta Argia bilakatu zen Zeruko Argia bizirik eta sasoiko dirauelako».

 

Saridunak



Prentsa idatzia: Patxi Huarte 'Zaldi Eroa' marrazkilaria.

Irratia: Joseba Barandiaran ekonomista.

Telebista: Erlo telebistako Gure Saltsan saioa.

Publizitatea. Margotu Egunak, Usurbilgo Udalaren kanpaina.

Merezimenduzko saria:
Mikel Atxaga kazetaria.

Internet: Librezale proiektua.



 

Patxi Huarte. - Marrazkilaria

«Sortzen diren albisteen artean zinta zeinekin egin aukeratzea da zailena»

A. Arratibel

Lasarte Oria



Komikietan erakutsi ohi duen umorearekin jaso du Patxi Huarte Zaldieroa-k (Faltzes, 1966) prentsa idatziko Argia saria. Dena den, albisteekin umorea egitea askotan «oso zaila» dela aitortzen du. «Halakoetan, umorea alde batera utzi eta analisia egiten ahalegintzen naiz».

Nola jaso duzu saria. Zein sentipenekin?

Oso pozik. Oso errekonozimendu polita da Argia-rena. 43 urte ditut, eta ez nuen espero horren goiz halako sari bat jasoko nuenik, kar, kar, kar.

Halako sariek lan egiten jarraitzeko gogoa ematen al dute?

Bai. Egia esan, sari hau irakurleen zorion bat balitz bezala jasotzen dut. Halako sariak ematen dituztenak ere irakurleak dira, eta haiek zure lana saritzea beti eskertzen da. Are gehiago saria euskal kazetaritzan erreferente diren Argia-ko profesionalen eskutik jasotzen bada. Oso pozik nago.

Irakurleei eskaini diezu saria. Zergatik?

Ni euskaldun berria naiz, eta Nafarroan euskalduna izatea zailagoa da. Esango nuke Euskal Herria osoan dela zaila. Euskaraz irakurtzeak, entzuteak, ikusteak eginahala eskatzen du, eta hori egiten dutenak dira gure eguneroko heroiak.

«Herri honetako parodiagile» definitu zaituzte. Hedabideetan agertzen diren albiste ugari txarrak direla kontuan hartuta, erraza al da horietaz umorea egitea?

Oso zaila. Gauzak larriak direnean, halere, umorea alde batera utzi eta iritzia ematen ahalegintzen naiz. Albistearen analisia egiten dut. Hala ere, zailena sortzen diren albisteen artean eguneko zinta zeinekin egin aukeratzea da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia