David Marsh.
EHII metodologiaren sortzaileetakoaHezkuntza eleaniztunaren garaiotan, EHII Edukien eta Hizkuntzen Irakaskuntza Integratuaren garrantzia azaldu du munduko hainbat hizkuntza politiketan eskarmentu handiko aztertzaileak.
«Frogatuta dago balio handia duela bi hizkuntza oso desberdinen jabe izateak»
Ekaitz Goienetxea
BilboEleaniztasunaren eta hezkuntza elebidunaren arloa landu du David Marsh australiarrak 1980ko hamarkadatik, eta EHIIren sortzaileetako bat da. Atzo eman zituen azalpenak metodologia horren inguruan Bilbon, Euskalduna jauregian, gaur bukatuko diren Hezkuntza Eleaniztunari Buruzko Nazioarteko VII. Jardunaldietan.
Zer da Edukien eta Hizkuntzen Irakaskuntza Integratua (EHII)?
Hezkuntza baliabide bat da, non ikasleek aldi berean ikasten dituzten edukiak -geografia, historia, dena delakoa- eta hizkuntzak. Beraz, ez da geografia ikasgai soil modura, edo ingelesa atzerri hizkuntzako ikasgai modura ikastea, baizik eta bien arteko fusio gisa. Hori da iraultzailea: ikusi da horrek ikasleen burmuinaren ahalmena areagotzen duela.
Noiz eta zergatik sortu zenuten EHII?
1980ko urteetan, Europako Batasuna benetako integrazioa lortzeko ahalegina egiten ari zen. Hizkuntzak arazo ziren, baita zerbait ona izateko potentziala ere. Baina hizkuntzak oso-oso garestiak dira. Hain zuzen, duela urte batzuk, diru gehiago xahutzen genuen hizkuntzetan nekazaritzan baino. Beraz, ekonomikoki, EBk arazo bat zuen. 1990eko hasierako urteetan, Europako Barasunak galdegin zuen ea nola hobetu genezakeen hizkuntzen irakaskuntza, atzerrikoa, ofiziala zein gutxitua. Urte haietan, mundu osoan behatu genuen gazteek hizkuntzak erraz ikasteko zuten gaitasuna. Egoera bakoitzetik apur bat hartuta, edozein ikaslerentzako moduko zerbait sortu genuen.
Etorkizunean, modu desberdinetan garatutako EHIIak ikusten dituzula aipatu duzu mahai-inguruan. Zer esan nahi duzu horrekin?
Dagoeneko badaude EHII mota desberdinak, eta, nahiz eta bide desberdinetatik garatu diren, oinarrizko printzipio berak dituzte. Gizakiaren izaera bezala; kolore eta neurri desberdinekin, baina, azken batean, denak gizaki. Honek kognizioari eragiten dio, ezagutzari, pentsatzeari. Euskara irakasteko garrantzitsua da, gazteleradun familia elebakar batek esan baitezake «guk ez dugu nahi gure seme-alabek euskaraz ikasterik, denbora galtzea dela uste dugulako». Badaude frogak erakusten dutenak balio handia duela bi hizkuntzaren jabe izateak, gaztelania eta euskara bezain desberdinak direnak.
Gaur egun abantaila da eleaniztuna izatea?
Hezkuntzan hizkuntza bat baino gehiago erabili behar dugu , baita metodologia bereziak erabili ere. Baina, euskara ikastera behartuz gero eta ez badute zergatia ulertzen, huts egiteko aukerak oso handiak dira. Adibidez, zergatik dago Finlandia hezkuntza emaitzen gailurrean? Ez dakit. Baina, datu oso interesgarri bat: Finlandiako gazte guztiek duten hizkuntzetako bat ez da indoeuropearra; euskaldunek bezala. Ikasle horiek oso salto handiak eman behar dituzte hizkuntza batetik bestera, eta hor dago abantaila. Baina, abantaila hori ez duzu eskuratuko hizkuntza hizkuntza soil modura landuta. EHIIrekin, ez da zertan gaitasun berezirik izan behar, edonorentzat da baliagarria.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
