Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:13

EUSKALHERRIA;2009-01-30;Fiskalak 38 urteko zigorra eskatu du Ijurkorentzat kale erasoa leporatuta. Defentsak neurrigabetzat jo du eskaera, eta manifestaziora deitu dute senideek biharko

Fiskalak 38 urteko zigorra eskatu du Ijurkorentzat kale erasoa leporatuta

Defentsak neurrigabetzat jo du eskaera, eta manifestaziora deitu dute senideek biharko

Joxerra Senar

Iruñea

Otsailaren 5ean Hodei Ijurko 22 urteko gazte nafarraren aurkako epaiketa hasiko da Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Ijurkori kale erasoa egitea leporatzen diote, eta, gertaera horregatik, fiskalak 38 urteko espetxe zigorra eskatu berri du aste honetan. Atzo, Iruñean egindako prentsaurreko batean, Ijurkoren senideek eta lagunek fiskalaren eskaera hori «neurrigabea» dela salatu zuten: «Adibidez, Angel Berruetaren hiltzaileek 20 eta 15 urteko espetxe zigorrak jaso zituzten. Biak batuta ere, ez gara fiskalak eskatutako zigorrera heltzen», azaldu zuen Orhi Labianok.

Martxoaren 9ko goizaldean gazte talde batek foruzainen auto baten aurka molotov koktelak jaurti zituen. Foruzainek Ijurko atxilotu zuten, eta talde hartako «buruzagi» izatea egotzi zioten. Fernando Grande Marlaska epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen. Bederatzi hilabete egin ditu bakartuta Curtiseko presondegian (Galizia).

Prentsaurrekoan, Ijurkoren senide eta lagunek gogorarazi zuten kale eraso hartan ez zela kalte materialik egon eta poliziek zauri arinak zituztela. Horrekin batera salatu zuten Auzitegi Nazionalean epaituko dutela: «Auzitegi politikoa da guztiz eta ahalik eta euskaldun gehien epaitzea du helburu. Ez dago justizia banatzeko, zigorra ezartzeko baizik».

Epaileek fiskalaren eskaera aintzat hartzen badute, bizi osorako espetxe zigorra ezarriko lioketela ohartarazi dute senideek, zigorra murrizteko aukerarik ez lukeelako. Gaineratu dute fiskalaren eskaerak gainditu egin duela herri akusazioarena. Labianoren ustez, horrek erakusten du Espainiako Gobernuaren jazarpen estrategia.

Hausnarketa bat helarazi nahi izan dute: «Pentsa dezagun, Francoren erregimenaren aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik tamaina horretako zigorrak ezarri izan balira». Era berean, Ijurkoren egoera salatzeko, bihar, Iruñeko Iturrama auzoko Lopez frontoitik manifestazioa irtengo da 18:00etan. Igandean, 19:00etan, beste manifestazio bat eginen da Etxarri Aranatzen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia