PuntuEus elkartea
Jalgi hadi Internetera
Interneten '.eus' domeinua lortzeko helburuz, PuntuEus elkartea sortu dute. Euskaldunek Interneten «ikur propioa» izatea lortu nahi dute, «munduak jakin dezan euskaldunok bagabiltzala Interneten».
Garikoitz Goikoetxea
BilboIzanari izena emateko. Horretarako sortu dute .eus domeinua sortzea helburu duen elkartea, PuntuEus. «Euskarak badu bere espazio birtuala Interneten. Baina espazio horri, izanari, izena jarri nahi diogu», dio Iratxe Esnaola ingeniariak. Izan ere, euskarazko edukiak bai, baina horiek hartzeko domeinurik ez dago egun Interneten, eta .com, .net, .es edota .fr erabiltzen dituzte. «Gaur egun, euskaldunok Interneten ez daramagu identitate ikur propiorik», Andoni Sagarna euskaltzainaren esanetan.
Ikur hori sortzea du xede PuntuEus elkarteak. Ekimenaren berri atzo eman zuten sortzaileek, nahiz eta elkartea bera iazko apirilean sortu zuten. Goizean hedabideen aurrean egin zuten aurkezpena, eta iluntzean jendaurrean, Durangoko Plateruena aretoan (Bizkaia). Bertsolariak eta dantzariak izan ziren, besteak beste. Hasierako urratsak egiteko, hiru arlotako ordezkaritza bildu da: euskalgintzakoa (Euskaltzaindia, Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea); hezkuntzakoa (EHU, Ikastolen Elkartea) eta Internet eta telekomunikazioetakoa (EITB, Internetika, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa).
Euskara eta euskal kultura mundura zabaldu nahi dituzte PuntuEus sortu duten taldeek. Euskararen normalizaziorako bidean «espazio berriak irabaztea» garrantzizkoa dela uste dute; Internet, adibidez. «Euskaldunok ez gaude lo, eta ari gara webguneak, blogak, mezulariak eta nabigatzaileak euskalduntzen eta euskaraz erabiltzen», dio Sagarnak. Ordea, erabiltzetik erakustera pasa nahi dute. «Garaia etorri da munduak jakin dezan euskaldunok bagabiltzala eta badihardugula Interneten». Horretarako sortu asmo dute .eus domeinua.
Behin elkartea sortuta, zabaltzen hasi nahi dute, domeinua eskatzeko. EHUko errektore Iñaki Goirizelaiaren arabera, PuntuEus elkartearen helburua da nahi duten guztiek elkartean parte hartzea. «Denentzako lekua dago, inor ez dago soberan». Atxikimenduak eman daitezke, besteak beste, www.puntueus.org webgunean.
Lehen mailako domeinua sortu asmo du PuntuEus elkarteak, eta hori eskatzeko baldintzetako bat komunitateak berak eskatzea da. Horregatik diote herritarrek beraiek egin beharrekoa dela ibilbidea, modu bateratuan egin ere. Hartatik, proiektuaren ezaugarri nagusia aniztasuna izango dela iragarri dute bultzatzaileek. Beste bi baldintzak dira domeinua aurrera eramateko baliabide teknikoak izatea eta bideragarritasun ekonomikoa baduela erakustea.
Gisa horretako domeinuak ICANN elkarteak kudeatzen ditu. Beraz, eskaera hari aurkeztu beharko diote. Eskariak aurkezteko epea zehazteko dago oraindik, baina PuntuEus elkarteko kideek uste dute urria aldera eskaera aurkezteko moduan izango direla. Behin eskaera aurkeztuta, ICANNek prozesu bat jarriko du martxan, aztertzeko domeinua bideragarria den edo ez. Espero dute erantzuna bi urte barru-edo jasotzea. Irabazi asmorik gabeko elkartea da ICANN, baina lehen mailako domeinu bat eskuratzeko prozesuak dirutza eskatzen du. PuntuEus elkarteko kideek ez dute argitu zenbateko aurrekontua duten prozesu osoa aurrera eramateko, baina eskaera aurkezteko bakarrik 150.000 euro ordaindu beharko dizkiote ICANNi. Dirutza horri aurre egiteko, hasiak dira diru iturri bila, eta, besteren artean, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortzea espero dute.
Katalanak eredu
Lehen mailako domeinuak lau taldetan banatuta daude, eta .eus babestuen taldean sartzeko eskatuko dute. Talde horretakoak dira, hain zuzen, komunitateek eskatu eta administratzen dituzten domeinuak. Elkartearen asmoa da eskaera egin eta baiezkoa jaso ondoren, PuntuEus fundazioak kudeatzea domeinua.
Bide horretan, .cat domeinua sortzeko jarraitu zituzten urratsak izan dituzte eredu. ICCANek 2005ean onartu zuen domeinu hori, hizkuntza eta kultura katalanarena. Hura onartzeak ateak ireki zituen horrelakoak sortzeko, eta, PuntuEus elkarteaz gainera, Galizian, Bretainian eta Galesen ere sortu dituzte antzekoak.
ggoikoetxea@berria.info
Nortasun agiria
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
