Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:12

EKONOMIA;2009-01-28;Sindikatuek ostegun beltza iragarri dute greba eta mobilizazioen bidez. Zortzi sindikatuk itun bateratua izenpetu dute, eta bertan egindako proposamenak onar ditzala eskatu diote Sarkozyri Departamenduan ikastetxeen %85 greban izanen direla erran dute sindikatuek

Sindikatuek ostegun beltza iragarri dute greba eta mobilizazioen bidez

Zortzi sindikatuk itun bateratua izenpetu dute, eta bertan egindako proposamenak onar ditzala eskatu diote Sarkozyri

Departamenduan ikastetxeen %85 greban izanen direla erran dute sindikatuek

Aitor Renteria

Baiona

CFDT, CFTC, CFE-CGC, CGT, FO, FSU, Solidaires eta UNSA sindikatuek greba eta mobibilizazioetan parte hartzera deitu dute biharko. Lehen aldiz itun bateratua lortu dutela azpimarratu dute sindikatuek, eta «ostegun beltza» iragarri dute. Arlo publiko zein pribatuan, langileak bilkurak egitera deitu dute. Krisialdia kapitalak eragindakoa dela diote, eta, ondorioz, krisialdiaren kalteak ezin direla langileen bizkar ordaindu.

«Greba oinarritik eta ahal bezain zabal antolatu nahi dugu, eta, horregatik, diputatu eta hautetsiei eskatu diegu lantegietara joan daitezen eta hurbiletik har dezaten errealitatearen berri», adierazi du Alain Duzert CGTko kideak sindikatuen izenean. Greba antolatzeko bilkurak egitera deitu dituzte langileak, sail publikoan zein pribatuan. Hezkuntzari dagokionez, ikastetxeen %85ek greba eginen dutela iragarri du UNSA sindikatuak.

Alta, mugimendu zabala iragarri arren, sindikatuek ez dute onartu LABekin dei bateratua egitea. Onartu dute azken hauteskunde sindikaletan ordezkaritza handia lortu duela, baina «bortizkeria salatu arte ezin dugu onartu ekimen bateratuak egitea», azaldu du Duzertek.

Arrazoirik gabeko grebak bultzatzen dituzten sindikalistei ordezkaritza kendu eta greba eskubidea murrizteko proposamena egin dute UMPko ordezkari batzuek. «Gizartearen haserreari trufa eginez erantzun nahi du Frantziak baina guk ez dugu onartuko krisiaren ordaina langileen bizkar uztea eta dei egiten diogu Sarkozyri, langileen eskubideak murrizten dituzten lege xedeak alde batera utzi eta gure proposamenak kontuan hartzera», zehaztu du Isabelle Soule FSUko ordezkariak.

Krisialdi garaian enpleguak atxiki behar direla diote sindikatuek. «Enpresek langileak kaleratzen dituzte akziodunen etekinak handitu nahi dituztelako». Jolabide hori mozteko eskatzen diote Sarkozyri. Kalitatea eta formakuntza hobetu eta prekaritatea mozteko garaia dela diote. Soldatak handitu behar direla diote sindikatuek, erosteko ahala handitzeko. Ekonomiaren suspertzea enpleguan eta erosteko ahalmenean oinarritzen da sindikatuen iritziz.

Mobilizaziorako garaia

Urteotan gobernu gehienek sistema liberala eredu bakartzat hartu ondoren, finantza krisiak langileak inarrosten dituela nabarmentzen LABek. Horren kontra egiteko garaia dela dio sindikatuak, eta mobilizaziora deitzen ditu langileak.

Munduan milioika langile kanporatu dituztela gogoratu du sindikatu abertzaleak. «Krisiaren izenean langabeziaren mehatxua mamu baten gisa baliatuz, gobernuak eta enpresaburuek indartu nahi dituzte hasitako errerformak». Zerbitzu publikoetan burutu nahi dituzten lanpostu murrizketak, pribatizazioa eta prekaritatea salatu ditu LABek.

«Ez dugu ordaindu nahi haien krisia, aberastasunak gure lanaz eta izerdiaz sortzen ditugu, baina aberastasun horiek multinazionalen akziodunen esku gelditzen dira». Sindikatuak salatu du sistema zutik atxikitzeko gobernuen hartu duten jokabidea. Banketxeak salbatzeko dirua badagoela ondorioztatu du sindikatu horrek, baina langileentzat ez dagoela.

Bertze eredu ekonomiko baten beharra aldarrikatu du LABek, orain indarrean dagoena ez delako etikoa, zuzena eta morala. Inbertsio publikoen kontrola eta fiskalizazio zuzenago bat aldarrikatzen du. Etekinak sortzen dituzten enpresetan langileen kanporatzeak debekatu behar direla dio sindikatuak. «Enpresa publiko edo pribatuko langileak izan, gure indarra erakutsi behar dugu etekinen politikari eta irabazi sozialen deuseztatzearen politikari buru egiteko».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia