Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:12

HARIAN;2009-01-25;EGURALDIA. ZIKLOIA EUSKAL KOSTALDEAN. Zikloiak 250.000 lagun inguru utzi ditu argindarrik gabe. 167 kilometro orduko abiadura ere hartu du haizeak, eta olatu handiak ekarri ditu euskal kostaldea astindu duen ekaitzak Ehun bat lagun atera behar izan dituzte etxetik, baina ez da biktimarik izan

Zikloiak 250.000 lagun inguru utzi ditu argindarrik gabe

167 kilometro orduko abiadura ere hartu du haizeak, eta olatu handiak ekarri ditu euskal kostaldea astindu duen ekaitzak

Ehun bat lagun atera behar izan dituzte etxetik, baina ez da biktimarik izan

Naiara Arregi / Nora Arbelbide

Iragarpenak bete egin ziren, eta zikloiak euskal kostaldea gogotik astindu zuen atzo. Gurean oso aldian behin gertatzen den fenomenoa izanik, bezperatik badaezpadako prebentzio neurri ugari hartu zituzten erakundeek. Horrek, eta herritarrek gomendioei kasu egin izanak kalte handiagoak eragotzi zituela adierazi zuten instituzioek. Dena den, eta larrialdi planak gora behera, arazo ugari sortu zituzten haizeak eta euriak:

1. Larrialdi zerbitzuak

Gau eta egun aritu ziren larrialdi zerbitzuetako kideak denboraleak sortutako eragozpenak arindu nahian. Sos Deiak-ek 4.300 dei jaso zituen eta, orotara, 1.200 gertakari zenbatu zituen gauerditik arratseko lehen orduak bitarte. Dena dela, inor ez zen zauritu gertaera horietan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan suhiltzaileek 500 irteera egin zituzten suhiltzaileek. Eta Nafarroan, berriz, ehun bat irteera egin behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek.

Irteera gehienak etxeetako teilak eta bestelakoak hobeto eusteko nahiz errepideetatik adarrak kentzeko egin zituzten, baina baita hainbat lagun etxeetatik aterarazteko. Basaurin 60 lagun atera behar izan zituzten Sarratu auzoko euren etxeetatik, haizeak teilatuak altxa zituela eta. Arrazoi beragatik 30 bat bizilagun etxeetatik atera zituzten Donibane Lohizunen, eta beste batzuk Baionan.

2. Argindarra

Orotara, 250.000 lagun inguru utzi zituen zikloiak argindarrik gabe Euskal Herri osoan. Iberdrolaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 120.000 etxetan izan zituzten argi mozketak. Gipuzkoan 20 bat herritan egon ziren argirik gabe, tartean Donostiako hainbat auzotan; Bizkaian 24 udalerrik jasan zituzten argi mozketak, eta arazoak sortu ziren beste hainbatetan ere; eta Araban, berriz, bederatzi herritan izan ziren argirik gabe. Iluntzean, 32.000 etxe oraindik argirik gabe zeuden hiru herrialdeetan. Nafarroan ere gertaera ugari zenbatu zituzten argi mozketak zirela-eta. Ipar Euskal Herrian argindar eskasak bazter ugari kaltetu zituen. Kasik herri guztietan egon ziren argindarrik gabe, baina arratsalderako anitzek berreskuratua zuten.

3. Errepideak

Euskal errepide sarean 7.500 kilo baino gehiagoko kamioiak ezin izan zuten zirkulatu atzo gauerditik goizeko hamaikak arte. Hala ere, iparraldera zihoazen kamioientzat debeku hori mantendu egin zuten. A-8 errepidean Donostiatik Bilboko noranzkoa itxi egin zuten, zuhaitz batek errepidea mozten zuelako. Zarautz eta Zumaia arteko N-634 errepidea ere atzo gauerdian itxi egin zuten neurri moduan zikloiak eragin zitzakeen olatuengatik. A-3314 errepidea itxi egin zuten Subijana-Morillas eta Izarra artean gertatu zen lurjausi batengatik eta egun batzuetan horrela mantenduko dela jakinarazi du Arabako Foru Aldundiak. Halaber, Arabako errepide sarean ez zen arazorik egon. Lapurdin, bideek anitz eragozpen jasan zituzten, hainbat zuhaitz eta adar erori baitziren. Tartean, A-63 autobidea itxita atxiki zuten goiz osoan. Biriatuko mugatik zazpi kilometroko kamioi ilarak luzatu ziren, Gipuzkoako bideetako zailtasunak medio.

Kostaldeko hainbat herritan itsaso ondoko bideak itxi egin zituzten, eta bertako taberna eta dendak babestu behar izan zituzten itsasoak kalteak ez eragiteko.

4. Garraio publikoa

Bilboko metroa egunero bezala 06:00tan martxan jarri zen, baina, ordu erdi ondoren zerbitzua etetea erabaki zuten, trenbidera eroritako objektuek - zuhaitzak, barandailak, kartelak- zirkulazioa oztopatzen zutelako. Metro zerbitzua eten zen arren, estazioak irekita mantendu zituzten, kaleko haizearengatik jendea bertan babesteko. Arazo gehien San Inazio eta Plentzia arteko trenbidean egon ziren. Izan ere, zuhaitz batek metroaren bidea oztopatzen zuen, eta bidaiariak ezin izan zituzten autobusez garraiatu, errepidea ere itxita zegoelako. Eguerdiko 12:15ean metro sare osoa normaltasunera itzuli zen.

Bilbo eta Bermeo arteko trenbidea goizeko lehen orduan itxi zuten, Zornotza parean argindarraren tentsioa murriztu zelako. 10:00etatik aurrera arazoa konpondu zuten eta tren sarea normaltasunera itzuli zen. Hala ere, Gernika eta Bilbo artean bidaiatzeko autobus zerbitzu berezia jarri zuten, trenbidea eremu horretan etenda zegoelako. Atzo arratsaldean oraindik, sare horrek etenda jarraitzen zuen.

Gipuzkoan, Usurbil eta Bilbo, eta Deba eta Donostia artean autobus zerbitzu bereziak jarri behar izan zituzten, Zarautz eta Zumaia arteko trenbidea zuhaitz batek oztopatzen zuelako. Arratsaldeko hiruetarako zuhaitza errepidetik kendu eta normaltasunera itzuli zen dena. Bilbo/Deustu-Lezama eta Trapagaran lineak egiteko autobusak jarri zituzten, tramu horietan argindarraren tentsioa erori zelako. Arratsalderako arazoa konpondu zuten.

Tranbia sareari dagokionez, Bilbokoa eten egin zuten atzo goizean zuhaitz batek trenbidea gurutzatzen zuelako. Arazoa arratsalderako konpondu zuten.

Bilbo eta Balmaseda arteko tren zerbitzua ere eten egin zuten, baita Bilbo eta Santander artekoa ere, argindarrik gabe geratu zirelako eta trenbidea oztopatzen hainbat objektu zeudelako.

5. Aireportuak

35 hegaldi bertan behera geratu ziren atzo Euskal Herriko aireportuetan. Noaingo aireportuan goizaldean, Madrildik Iruñera joatekoak ziren bi hegaldi bertan behera utzi zituzten, baita kontrako noranzkoa egin behar zuten beste bi hegaldi ere. Gainerakoan, aireportuak martxan jarraitu zuen. Loiuko aireportuan, aldiz, hemeretzi hegaldi bertan behera geratu ziren, AENAren esanetan. Hondarribiko aireportuan hamabi izan ziren lurrean geratu ziren hegazkinak. Miarritzeko aireportua itxi behar izan zuten goizean. Arratsalde erditsutan, haatik, berriz irekitzeko baimena jaso zuten. Forondako aireportua, berriz, normaltasun osoz aritu zen egun osoan.

6. Itsasoa

Lapurdi itsasaldean bortitz aritu zen haizea. Hendaian 150 kilometro orduko neurtu ahal izan zuten. Matxitxakon (Bizkaia) 21,5 metroko altuerako olatu bat neurtu zuten, atzo erregistratutako handiena. Donostian, berriz, 14 metrokoak izan ziren, eta haizeak 126 kilometro orduko abiadura hartu zuen. Pasaian 9,8 metroko olatuak neurtu zituzten, eta Jaizkibelen, berriz, 160 kilometro orduko haize boladak. Zikloiaren iragarpenaren aurrean, Bermeoko portuko hogei itsasontzi handienak Deustuko kanalera eraman zituzten herenegun. Izan ere, Bermeon orduko 154 kilometroko orduko abiadura hartu zuen haizeak atzo.

7. Barnealdea

Haizeak ere gogor jo zuen barnealdean. Arabako Foru Aldundiak, 126 kilometro orduko haize ufadak bildu zituen, eta 118 kilometro ordukoak Gasteizen. Hiriko hainbat parke itxi egin behar izan zituzten zuhaitzak erortzeko arriskuagatik. Gainera, 24 autok kalteak jasan zituzten Araban.

Nafarroan, berriz, hainbat eraikinetako teilatuak eta kaleetako zuhaitz ugari erori egin ziren haize ufada gogorren ondorioz. Gorramendi tontorrean 151,5 kilometro orduko abiadan ibili zen haizea, eta Aralarren 106,5 kilometroko abiadan.

Bizkaia barnealdean ere gogor jo zuen haizeak. Oiz mendian orduko 158 kilometroko abiadura hartu zuen haizeak, eta Urduñan 144koa. Bilboko portuan, berriz, 155 kilometro orduko haizeteak izan ziren, eta 101ekoak hirian.

Iragarpenen arabera, tenperaturek behera egingo dute barnealdean, eta baita elur-mailak ere. Ekaitzak ere iragarrita daude. Dena dela, alerta gorritik laranjara igarotzea espero da gaurko.

 

Zer da zikloi bat?



Ura lurruntzean sorturiko kondentsazioaren beroa askatzean eratzen den fenomeno naturala da. Aire masa handia da, hodeiz, haizez eta ekaitzez osatua. Hego hemisferioan, erloju orratzen norabidean biratzen dute, eta ipar hemisferioan, alderantziz. Adituen arabera, Hiroshimako bonba atomikoak adinako energia eraman dezake zikloi batek.



 

Hamabost hildako eragin ditu zikloiak Europa hegoaldean



Hamabost lagun hil dira denboralearen ondorioz Herrialde Katalanetan, Frantzian, Espainian eta Galizian. Herrialde Katalanetan zortzi biktima izan dira: Bartzelonako kiroldegi bat erori da eta, ondorioz, lau haur zendu dira. Halaber, lau pertsona hil dira zuhaitzak eta murruak gainera erorita. Frantzian lau lagun hil dira; Landetan, auto gidari bat zendu da istripu batean, eta beste bi haizeak eramandako objektuak gainean erorita. Gironde eskualdean, 78 urteko andre bat zendu da, argindarra moztu denean arnasteko makina itzali zaiolako. Galizian, bi lagun zendu dira, horietako bat itsasontzi bateko langilea. Espainian, Burgosen, 73 urteko emakume bat hil da, ate batek buruan jo duelako.



 

1.800



Larrialdi zerbitzuek atzo zenbatu zituzten gertakariak. Larrialdi zerbitzuek 1.800 gertakari zenbatu zituzten atzo. Zerbitzu horiek 1.200 esku hartze egin zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 100 inguru Nafarroan; eta 500 bat Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.



 

21,5



Matxitxako parean neurtutako olatuaren metroak. Haizeak itsasoan kostaldean baino eragin handiagoa izan du. Bizkaiko Matxitxako lurmuturretik 10 miliatara kokatua dagoen buia batek 21,5 metroko altuera zuen olatu bat neurtu zuen atzo goizaldean.



 

167



Kilometro orduko haizeak hartu duen abiadura Garbea tontorrean. Bizkaian gogor jo du haizeak: Balmasedako Garbea tontorrean 167 kilometro orduko abiadura hartu zuen, atzo, haizeak. Gipuzkoan, Hondarribiko Jaizkibel gainean, orduko 160 kilometro hartu zituen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia