Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:12

EUSKALHERRIA;2009-01-24;DARWIN ETA GU. Oswaldo lehendakari

Oswaldo lehendakari

Darwin eta gu

Jose Mari Pastor

Noizko beltz bat lehendakari? Noizko Eneko Nkunda Sempebwa Ajuria Enean? Obamak AEBetako presidente izendatu duten astean, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datozela eta, fikzioa dirudi horrek.

Obama AEBetako presidente izendatzeak hizpidea eman du, eta etorkinen integrazioaren gaia azaleratu da. Horren harira, artikulu bat argitaratu da egunkari batean, galdera honekin: «Posible litzateke presidente beltz bat Europan?». Ez. Errazagoa da beltz bat AEBetan presidentea izatea Europan baino.

Artikuluaren arabera, etorkinak ez ezik, etorkinen seme-alabak ere jotzen dituzte atzerritartzat EBko herritar askok. Ume horiek etorkinak dira europarren buruan, bertokoak badira ere. Arrazakeria eta klasismoa muga dira etorkinen ondorengoak politikan sartzeko. Hori dela eta, ez da sinesgarria beltz edo musulman bat Europan presidentea izatea.

Europan beltz bat lehendakari izatea ezinezkoa da egun. Eta Euskal Herrian? Euskal Herria Europan dago. Hemen ere integrazioa ez da erraza. Gainera, politikak guztiari eragiten dio. Behin lagun batek esan zidan hona edonor etor daitekeela, eta norberaren pankarta hartuz gero, norbera horrek «gutartzat» joko duela segituan. Euskal herritarra izango da. Baina pertsona horrek deskuiduan iritzi politikoa aldatzen badu, beste aldera pasatzen bada, emandako herritartasuna kendu egingo zaio orduan. Euskal Herria da munduan pasaporteak errazen eman eta kentzen diren lekua.

Lagun horrek kontatu zidanez, duela urte batzuk bazegoen Eusko Jaurlaritzan lehendakariorde bat, Fernandez deitura duena, EAJkoa. Oso azkarra omen da pertsona hori, oso ondo prestatua lehendakaria izateko, nahiz hori ez den ezinbesteko baldintza, hor dugu Bush, esaterako. Total, Bizkaiko egunkari batean erreportajea egin zuten politikari horri buruz. Dena zen bikaina, dena loreak. Fernandezek huts bakarra zuen: Fernandez izatea. «Fernandez bat ezin da lehendakaria izan», esan omen zioten haren alderdiko batzuek, ahapeka, kazetariari.

Noski, gauzak aldatu egin dira. 2009n Lopez bat dago lehendakaritzarako lehian. Badirudi deiturak jadanik ez duela halako garrantzirik. Baina aldaketak apurka-apurka gertatu ohi dira. Lopez abizena onartuta dago orain edozein alderditatik lehendakaria izateko. Baina Lopez eta beltza? Eta Lopez, beltza eta musulmana? Larregi Anastasio!

Zenbat belaunaldi behar izan dira Lincolnek esklabotza bertan behera utzi zuenetik Obama AEBetako presidente bihurtu arte? Sei? Zortzi? Halako denbora beharko da Europan presidente beltz bat izateko? Eta Euskal Herrian, zenbat belaunaldi beharko dira? Zer nahiago genuke euskal herritarrok etorkizunean? Oswaldo Guaman Vargas, Andeetako gurasoak lituzkeena, Euskal Herri euskaldun independente batean lehendakaria ala Ioritz Atxalandabaso Gabikagojeaskoa-Rementeria Euskal Herri menperatu erdaldun bateko buru?

Ez dakit, baina badugu hausnartzeko denbora, denbora luzea beharko baita horretarako. Hori gertatzea normaltasuna izango litzateke, baina normaltasun hori urrun-urrun dago. Baina batek daki, agian Oswaldo lehendakaria izango da egun batean. Zergatik ez? Areago, agian, egun batean, musulman bat ikusiko dugu Gernikan lehendakari kargua hartzen, Korana eskuan, eta hitz hauek esaten: «Alaren aurrean apalik, Euzko lurganean zutunik, nire aginbidea ondo betetia zin dagit». Denbora kontua da. Zin dagizuet.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia