Ezker abertzaleko zortzi lagun atxilotu dituzte bozen atarian
Legebiltzarrerako bozak gainean daudela egin dituzte atxiloketak, eta D3M plataformaren bultzatzaileak dira atxilotuetako batzuk
Inkomunikatu egin dituzte, eta bihar deklaratuko dute, Garzonen aurrean
E. Begiristain-J. Senar- O. Elduaien
Ezker abertzalearen kontra beste polizia operazio bat agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Baltasar Garzon epaileak aginduta, zortzi lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gutxienez 18 miaketa egin dituzte. Iñaki Olalde eta Amparo Lasheras atxilotu dituzte Araban; Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi zein Imanol Nieto Bizkaian; eta Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña Gipuzkoan. Gainera, Tasio Erkiziaren, Marine Pueyoren eta Miren Legorbururen etxeak miatu dituzte, besteak beste.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako gutxi falta dela egin dute operazioa, eta Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkarteko bultzatzaileak dira eraman dituzten batzuk. Operazioa goizaldeko ordu txikietan izan bada ere, hainbat kamera atxiloketak izan diren tokietan zeuden, irudiak hartzen.
Garzonek Arantza Zulueta abokatuari aitortu dio operazioa D3M plataformarekin lotuta dagoela. Zuluetak Info7 irratian esan du 04:00 aldera deitu diotela Herria Aurrera plataformaren egoitza miatzen ari direla-eta hara joateko esanez. Han zegoen Garzon, eta abokatuak operazioaren arrazoiaz galdetu dionean erantzun dio hautesle elkartea Batasunaren segida dela «frogatu» nahi dutela. Izan ere, bertatik bertara jarraitu du operazioa Garzonek.
Bestelako azalpenak eman dituzte iturri ofizialek, ordea. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak esan du «Batasuna berrantolatzea» eragotzi nahi dutela. Atxilotuak «iaz desegindako Batasuneko Mahai Nazionalaren segida» direla azaldu du. «ETAren laguntzaile» jo ditu, eta hori esateko «nahikoa froga» badaudela azaldu du. Ondorio horietara iristeko ia urtebetez poliziak «lan serio eta zehatza» egin du, haren esanetan. Hala, «ETArekin lotutako arma eta lehergailuak eta dokumentuak topatzeko» jartzen zuen miaketak egin dituzten etxeetan erakutsi duten aginduan.
Nolanahi ere, atxilotuen etxeetatik eta miaketak egin dituzten gainerako tokietatik dokumentu politikoak baino ez dituzte eraman, lekukoen arabera.
Goizaldean hasi da eta 300 bat poliziak parte hartu dute operazioan. Bizkaian Arantza Urkaregi atxilotu dute Bilbon -ANVren zerrendetan aurkeztu zen Batzar Nagusietarako hautagai-, Eli Zubiaga Algortan, Iker Rodrigo Erromon -Erandiokoa da izatez- eta Imanol Nieto Sestaon. 02:30 aldera joan ziren haien etxeetara, eta 05:00etan, Urkaregiren etxeko miaketa amaitu zutenean, Herria Aurrera plataformaren egoitzara joan ziren, Urkaregi beraiekin hartuta. 05:00 aldera hasi, eta 08:20 aldera amaitu zuten, hainbat kutxa hartuta. Garzon ere miaketa hartan izan da.
Atxilotuta eraman ez badituzte ere, Joxerra Etxeberria eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoaren etxebizitzak ere miatu dituzte Bizkaian. Erkiziak kontatu du 02:30ean dozena bat polizi joan zirela bere etxera txirrina joz eta oihu eginez. Hiru bat orduz egon ziren, etxea «goitik behera» miatzen, eta hiru ordenagailu eta hainbat dokumentu eraman zituzten. Erkiziak nabarmendu du dokumentu politikoak eraman dituztela, ezker abertzaleko dokumentu politikoak. Legebiltzarreko bozetarako hautagaien inguruko paper bila ari ziren poliziak, Erkiziaren arabera. Izan ere, operazioak bi helburu dituela uste du: batetik, hasteko, D3M legez kanpo uzteko operazio mediatiko kriminalizatzaile bat egitea. Eta, bestetik, luzerako ezker abertzalea isilaraztea.
Gasteiz Izan, itxita
Araban, berriz, Amparo Lasheras atxilotu dute Gasteizen, eta Iñaki Olalde Agurainen. Haien etxebizitzak ere miatu dituzte.
Amparo Lasheras D3M plataformako eleduna etxean atxilotu zuten, goizaldeko 02:00 aldera. Gasteizko Ortiz de Zarate kaleko etxea ere miatu zuen Poliziak, atxilotua han zela. Goizeko 02:30etatik 05:30ak arte iraun zuen miaketak. Olalde ezker abertzaleko militante historikoa ere etxean atxilotu dute.
Halaber, Arabako hiriburuan, Gasteiz Izan plataformaren egoitza miatzen aritu ziren goizaldean, Amparo Lasheras hara eramanda. Miaketaren ostean itxita utzi zuten egoitza. Horrez gain, D3Mren bultzatzaile Fernando Antiaren bi etxebizitza goitik behera miatu zituzten Gasteizen, goizaldeko 02:00etatik 08:00etara. Poliziak ez zuen Antia atxilotu.
Gipuzkoan Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña eraman dituzte atxilo. Usurbilen atxilotu dute Solaberrieta. Kazetaria da, eta besteen artean ANVko prentsa bulegoan aritu izan da lanean. Egaña, berriz, Donostian atxilotu dute. 02:10ean joan dira haren etxea, eta hura arakatzen aritu dira 06:30ak arte. Ordenagailua, gutunak eta hainbat paper eraman dituzte. Usurbilen herriko hainbat taldek erabiltzen duten egoitza bat ere arakatu dute.
Miren Legorburu Hondarribiko zinegotziaren etxebizitza ere arakatu dute, herri horretan bertan. AAMk jakinarazi duenez, bost orduz arakatu dute etxea, eta paperak ez ezik lau ordenagailu ere eraman dituzte.
Nafarroan, Marine Pueyo Iruñeko zinegotziaren eta Shanti Kiroga Uharteko hautetsiaren etxeak miatu dituzte. 02:30 aldera sartu ziren bien etxeetara, eta 05:00etan utzi zituzten etxeak.
«Polizia, ireki!» esanez deitu zuten Kirogaren atera. «Poliziekin batera etorri da idazkari judiziala eta Garzonek sinatutako autoa erakutsi dit. Autoak 24 orduko baimena ematen zien elementu terroristekin zerikusia zuen materiala bilatzeko etxean».
Etxea, gelaz gela miatu zioten. Aldizkari eta liburu asko ditu Kirogak, eta «banan-banan» joan ziren begiratzen. Haren ordenagailua ere eraman zuten. Bertan, dituzte gordeta haurren argazkiak, eta gehienak eraman egin dizkiote. «Zure etxea goitik behera miatzen dutela ikustea oso mingarria da», adierazi du Kirogak. «Zorionez, umeak ez dira esnatu. Zarata egin dute, baina txikiek lo egiteko ahalmen berezia dute». Miaketak bi ordutik gora iraun zuen. Etxea «hankaz gora» utzi diote. «Egiten dute nahi dutena eta ematen du ez duzula ezer egiterik. Ematen du euskal herritarrek ez dugula eskubiderik». Poliziek egin zituzten zenbait dei entzunda, jabetu zen beste etxe bat ere miatzen ari zirela. Ondoren jakin du Kirogak Marine Pueyorena zela.
Pueyoren etxean ere 02:30ean sartu ziren. «Logelak, bainua, dena miatu dute eta nahi dutena eraman dute». Bi ordenagailu eraman dituzte handik.
Bihar eguerditik aurrera deklaratuko dute guztiek Madrilen, Garzonen bulegoan.
Atxilotuak
Mobilizazio ugari egin dira
Elkarretaratzeak goizetik
Argudio bera erabilita eginiko hirugarren polizia operazioa
Marine Pueyo - Iruñeko Udaleko ezker abertzaleko zinegotzia
«Independentistak bozetan egotea eragotzi nahi dute»
O. Elduaien
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
