Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:07

EUSKALHERRIA;2009-01-20;Nafarroa bizirik ekimenak 1512ko konkista oroituko du otsailaren 1ean . Ekitaldia Amaiurren izanen da 11:00etan; Nafarroako Gobernuak 1512koa ospatu nahi izatea kritikatu dute

Nafarroa bizirik ekimenak 1512ko konkista oroituko du otsailaren 1ean

Ekitaldia Amaiurren izanen da 11:00etan; Nafarroako Gobernuak 1512koa ospatu nahi izatea kritikatu dute

Amaia Alvarez

Iruñea

UPNren gobernuak 1512ko konkista oroitzeko eratu berri duen batzordearen harira, Nafarroa Bizirik ekimeneko kideek ohartarazi dute Nafarroa bere konkista ospatuko duen munduko lehen herria izanen dela. Izan ere, aurreko astean batzorde horren aurkezpenean Miguel Sanz presidenteak esan zuenez, 1512an Nafarroa Gaztelara «batu» izana «ospatzea» da haien asmoa. Nafarroa Bizirik ekimena, ordea, bere aldetik dabil 1512. urtea oroitzeko lanetan, eta, abiapuntu gisa, ekitaldia antolatu du otsailaren 1erako Amaiurren. Halaber, hori «hasiera» besterik ez dela izanen iragarri dute, Nafarroako konkista «oroitzeko eta historia ezagutarazteko» ekitaldi gehiago antolatuko dituzte eta.

Ekimeneko partaideen arabera, 1512. urtea soberaniaren galeraren urtea izan zen, «orain geure buruaren jabe izateko eskubidea izan behar dugula erakusten duena». Haien azken helburua Nafarroako subiranotasuna berreskuratzea dela ere nabarmendu dute.

Halaber, datozen asteotan udalen atxikimenduak jasotzea espero dute. Izan ere, dagoeneko bidali dute Euskal Herriko udal guztietara manifestu bat, konkistaren bosgarren mendeurrena oroitzeko atxikimendua eskatuz. Baztango eta Gernikako Udaletan, esaterako, aho batez onartu dute manifestua mozio bitartez, eta beste herri batzuek ere jada adierazi dute atxikimendua; Leitza eta Lekunberri, kasu. «Denon artean historia ulertzeko beste modu bat indartu nahi dugu», adierazi du Leitzako alkate Xabier Zabalok.

Era berean, Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren bozeramaile Gaizka Arangurenek azpimarratu duenez, 1512. urtean gertatutakoa «ekintza militarra» izan zen. «Ondorio juridiko instituzional eta linguistikoak izan dituen ekintza militarra», argitu du. Ondorioz, «ez da egokia konkista estali nahi izatea bestelako ospakizunekin», azaldu du Nafarroako Gobernua aipatuz. Halaber, Espainiako Gobernuarekin elkarlanean, 1212ko Navas de Tolosako bataila ere ospatuko du Nafarroako Gobernuak, eta hori ere «salagarria» da, Nafarroa Bizirik ekimenarendako.

Aipatu bezala, Amaiurren izanen da Nafarroa Bizirikek antolatutako ekitaldia; Amaiur «ikurra» baita. Zehazki, ekitaldia goizean, 11:00etan izanen da, eta orain arte aurreratu dutenaren arabera, lore eskaintza eta aurreskua izanen dira «1512ko hildakoak oroitzeko».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia