Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 15:06

EUSKALHERRIA;2009-01-14;Manifestaziora deitu du Elkarlanak, AHTren «inposizioa» arbuiatzeko. Biharko eta larunbateko manifestazioetan parte hartuz, AHTren aurkako mugimendua indartzeko eskatu dute

Manifestaziora deitu du Elkarlanak, AHTren «inposizioa» arbuiatzeko

Biharko eta larunbateko manifestazioetan parte hartuz, AHTren aurkako mugimendua indartzeko eskatu dute

Mikel Peruarena

Donostia

Larunbat honetan Urbinan (Araba) egingo den nazio manifestazioan parte hartzera deitu du AHT Gelditu! Elkarlanak. AHT Gelditu! Lurra berreskuratu! leloarekin, eguerdian abiatuko da protesta Urbinako plazatik, eta AHT abiadura handiko trenaren lan eremura joango da. «Inposizioari 'ez' indartsua eman eta Euskal Herrian AHT gelditzeko nahikoa indar badagoela erakusteko» antolatu dute manifestazioa, atzo Donostian agerraldia egin zuten AHT Gelditu! Elkarlaneko kideen esanetan.

«Urte hauetan guztietan ikasi dugu zerbait: borroka honen herri izaera izan da ikasi duguna; borroka bera zailago bihurtzeak ez du jarraitzearen beharra kentzen», ohartarazi du elkarlaneko kide Hilario Manzanedok. AHTren inguruko eztabaida eta aurkako jarrera zabaltzea «ezinbesteko» jo dute Manzanedok eta Mila Elortzak, eta AHTren aurkako mugimendua indartzeko eskatu dute: «Herritarrak izango gara AHT geratzea lortuko dugunak».

Elkarlaneko kideek adierazi dutenez, azken urteetan handitu egin da AHTren aurkako joera, eta horretarako «arrazoi guztiak» indarrean daudela adierazi dute: «Ingurumenean eragin larriak; errentagarritasun eza; funts publikoak xahutzea gastu sozialaren kalterako; gizartea desegituratzen duen garraio sistema elitista sustatzea; lurraldearen polarizazioa areagotzea, hiriburuen mesedetan; eta gizartearen parte-hartzea eta informazioa erabat baliogabetu izana. Gaur egun, inoiz baino arrazoi gehiago dago AHTri ezetz esateko».

Azpiegitura hori sustatzen ari diren EAJ, PSOE, UPN, PP eta EA alderdiak kritikatu dituzte, «hain xahutzaileak eta kaltegarriak diren azpiegiturak» sustatzeagatik. Alderdi horien egoitzen aurrean mobilizazioak egingo dituzte bihar. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera ere salatu dute, informazioa eta prozesu parte-hartzaileak «ukatzeagatik».

Bestetik, Zornotzara joango dira, gaur goizean, Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak lurrak desjabetzeko aktak sinatzera. AHT Gelditu! Elkarlanak gaurko deitu du protesta, 08:30ean, udaletxe aurrean.

 

Osteguneko mobilizazioak



Donostia. 19:30ean, PSOEren egoitzaren aurrean; handik giza katea egingo dute EAJren egoitza aurreraino.

Arrasate (Gipuzkoa). 19:30ean PSOEren egoitzaren aurrean.

Beasain (Gipuzkoa). 19:00etan, udaletxe aurrean.

Basauri (Bizkaia). 19:00etan, PSOEren egoitzaren aurrean.

Durango (Bizkaia). 18:30ean, batzokiaren aurrean.

Iruñea. 19:30ean, UPNren egoitzaren aurrean.

Altsasu (Nafarroa). 20:00etan, udaletxe aurrean.

Tafalla (Nafarroa). 19:30ean, udaletxearen aurrean.

Gasteiz. 19:00etan EAJren Araba Buru Batzarraren egoitzaren aurrean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia