Atxiloketa prebentiboekin lotutako bigarren epaiketa abiatu dute Madrilen
Atxilotu eta inkomunikatuta eduki zituzten garaian torturatu egin zituztela berretsi dute gehienek
Erredakzioa
DonostiaOperazio prebentiboetan atxilotutako hamabi euskal herritarren kontrako epaiketa hasi zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAko kide edo laguntzaile izatea egozten diete haiei guztiei, eta Ibon Fernandez Iradi Susper ustezko etakideari atzeman zizkioten paperekin lotuta egindako hainbat atxiloketen ondorioz egiten den bigarren epaiketa da. Akusatuei deklarazioa hartuz hasi zuten atzo epaiketa. Hitz egin zuten guztiek ukatu egin zuten ETAko kide edo laguntzaile direnik. Haietako batek onartu zuen informazio lan bat egiteko prest agertu zela, baina ez zuela egin.
Batek ez beste auzipetu guztiek deklaratu zuten atzo, goiz eta arratsalde luzatu ziren saioetan. Amaia Izko defentsa abokatuaren arabera, haietako gehienek salatu zuten atxilotu eta inkomunikatuta eduki zituzten bitartean torturatu egin zituztela. Gaur jarraituko du epaiketak, Eneko Perezi deklarazioa hartuta, eta lekukoen txanda izango da gero. Lekuko guztiak poliziak dira.
Epaiketa hilaren 20ra arte luzatuko da, gutxienez, eta Fiskaltzak sei eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu akusatuentzat.
Bigarren epaiketa
2006an egin zuten atxiloketa prebentiboekin lotutako aurreneko epaiketa, eta seitik 11 urtera bitarteko zigorrak jarri zizkieten epaitutako 18tik 13ri. Atzo hasitakoaz gain, beste bi epaiketa geratzen dira egiteko.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, Iradiri ustez atzemandako dokumentazioaren ondorioz 116 lagun atxilotu dituzte, eta haietako 35ek inkomunikazio aldian torturatu egin zituztela salatu zuten. 70 sartu zituzten espetxean, eta 103 auzipetu. 1.057.000 euro xahutu dira bermeetan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
