AHTren proiektua inork ere ez duela geldiaraziko esan du Alvarezek
Herritar gehienak AHTren alde daudela uste du ministroak, eta «xantaiei» men egin gabe arituko dela dio
Erredakzioa
BilboAbiadura handiko trenaren (AHT) proiektuak herritar gehienen babesa duela iritzita, hura eraikitzeko lanak «erabakitasunez eta adorez» aurrera eramango dituztela berretsi du Magdalena Alvarezek, Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak.
Bilbon egin zituen adierazpen horiek Alvarezek, atzo, Abandoko geltokian Indalecio Prieto PSOEko buruzagi izandakoari eskainitako eskultura baten inaugurazioan. Han ziren Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Mikel Cabieces, Adif-eko presidente Antonio Gonzalez, eta PSE-EEren idazkari nagusi Patxi Lopez. AHTren proiektua ikusita Prieto «harro» egongo litzatekeela uste du Sustapen ministroak, bere garaian tren sarea planifikatzen aritu zelako, «Espainiak etorkizunean izango zituen beharrak ulertuta».
Espainiako Gobernuak AHTren aldeko apustuan jarraituko duela berretsi du Alvarezek, eta goraipatu egin du Espainiako Aurrekontu Orokorretatik 2005 eta 2009 urteen artean 940 milioi euro bideratu dituztela lan horiek burutu ahal izateko. Proiektu guztiaren kostua 4.200 milioi eurokoa izatea aurreikusten dute arduradunek. Alvarezen hitzetan, orain arteko «ahaleginean» jarraituko du Espainiako Gobernuak, proiektua ahalik eta lasterrena egiteko, herritarrek ere hori bera nahi dutelakoan. Halaber, goraipatu egin du lortu duten «adostasuna», Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak abiadura handiko trenaren proiektua aurrera eraman ahal izateko lortutako akordioak gogoan.
Proiektua «eragotzi» nahi dutenei, berriz, ohartarazi die ez dutela lortuko AHT geldiarazterik, «xantaiei» men egin gabe arituko delako Espainiako Gobernua. «Herritarren gehiengo demokratikoaren borondateari entzungor egiten diotenek, Euskadira proiektu hori iristea eragotzi nahi dutenek, jakin behar dute Prietok bere garaian izan zuen erabakitasunez jokatuko dugula».
Abiadura handiko trenaren aurkako ekintzen gainetik eraikuntza lanekin jarraitu egingo dutela azpimarratu du ministroak. «Elkarbizitzarako eta garapenerako azpiegiturak eraikitzen jarraituko dugu, eta horren irudi argiena da abiadura handiko trena». Espainiako Sustapen ministroaren esanetan, izan ere, trenak «garapen ekonomiko eta soziala, ongizatea eta bizi-kalitatea» ekarriko dizkio EAEri. «Herritar gehienek badakite hori, eta bat datoz horrekin». Abiadura handiko trena «XXI. mendeko EAEren sinbolo» jo du ministroak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
