HARIAN;2009-01-04;MANIFESTAZIOA BILBON. Presoen eskubideen aldarria kalera eraman dute milaka lagunek Bilbon . Abiatu eta ordubetera, manifestazioaren burua Zabalburun zegoela, Aita Donostian abiatu ezinik zeuden ehunka lagun Euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala bildu da Bilbon
Presoen eskubideen aldarria kalera eraman dute milaka lagunek Bilbon
Abiatu eta ordubetera, manifestazioaren burua Zabalburun zegoela, Aita Donostian abiatu ezinik zeuden ehunka lagun
Euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala bildu da Bilbon
Mikel Carramiñana
Bilbo
Euskal Herritik kanpo egon arren, etxetik inoiz baino gertuago izan ziren atzo 764 euskal presoak. Guztien izenak eta argazkiak izan ziren Etxerat-ek Bilbon antolatutako martxan. Milaka eta milaka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin, presoen eskubideak aldarrikatu eta haien senideak babesteko. Bost ilara luzetan banatuta abiatu zuten martxa senideek eta, aurrean, Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aita zegoen, Europan urte gehien daraman presoarena. Etxerat-en ikurra, kriseilua, esku artean zeraman Santos Sagarduik.
Presoen senideak herritarren txalo artean igaro ziren manifestazioaren hasieratik bukaeraraino. Haiek zabaldu zuten martxa, eta pankartak haien atzetik egin zuen aurrera. Heriotza zigorrik ez, Biziarteko zigorrik ez, Euskal presoak Euskal Herrira leloa agertzen zuen pankartaren atzean, euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala ikus zitekeen.
LABetik Sonia Gonzalez, Txutxi Ariznabarreta eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusia izan ziren manifestazioan, baita Rafa Diez idazkari nagusi ohia ere. Arantza Urkaregi, Tasio Erkizia, Nekane Erauskin, Iñaki Antiguedad, Jone Goirizelaia, Marine Pueyo eta Arnaldo Otegi izan ziren, besteak beste, ezker abertzaletik. Aralarrek ere ordezkaritza zabala izan zuen mobilizazioan, Iñaki Aldekoa, Oxel Erostarbe, Jon Abril eta Dani Maeztu.
Maeztuk, martxan eginiko adierazpenetan, sakabanaketaren politikak «giza eskubideak urratzen» dituela gogorarazi zuen, eta hura ezartzen dutenek presoen senitartekoei «inork merezi ez duen zigorra» ezartzen dietela salatu zuen.
Azkenaldiko jendetsuena
Bilbon azkenaldian egin den manifestazio nazionalik jendetsuena izan zen Etxerat-ek deituta atzo egindakoa. Autonomia kalea ia osorik bete zuten parte-hartzaileek, Aita Donostia plazatik Zabalbururaino behintzat bai. Presoen senideak Aita Donostiatik pasatu zirenean, 18:30 aldera, jendeak abiapuntuan jarraitzen zuen, martxa hasi ezinean.
Manifestazio isila iragarri bazuten ere, azkenean ohiko aldarriak izan ziren nagusi ibilbide osoan, «Euskal presoak etxera», «demokrazia Euskal Herriarentzat» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatu zuten behin eta berriro martxan parte hartu zutenek. Adar baten hotsa eta irrintziak entzun zitezkeen eta, aldiro, Hator hator Gabon kanta abestu zuten milaka ahotsek, presoen etxeratzea eskatzeko.
Bestelako elementuak ere ez ziren falta martxan, presoen aldeko itsasgarriak eta egutegiak, diru laguntzak biltzeko zorro zaratatsuak, ikurrinak eta arrano beltzaren banderak eta Ertzaintzaren helikopteroa zein furgonetak manifestazioaren buruan.
Autonomia eta Hurtado Ametzaga kaleak zeharkatu ondoren, Plaza Biribila zeharkatu eta udaletxera jo zuten manifestariek. Bertan egin zuten ekitaldi nagusia 19:30 inguruan. Milaka lagun, ordea, urrun zeuden oraindik ezer entzuteko.
764
Euskal presoen kopurua . Inoiz izan den euskal preso kopururik handiena dago egun Espainia eta Frantziako kartzeletan zehar sakabanatuta. Etxerat-ek emandako datuen arabera, 764 preso daude egun, eta horietatik 13k gaixotasun larri edo sendaezinak dituzte.
Palestinako herritarrek ere Etxerat-en babesa jaso zuten
Manifestazio amaierako ekitaldian palestinarrekin ere gogoratu ziren. Etxerat elkartearen izenean, «elkartasun eta babesik beroena» bidali zien Polentzi Goikoetxea bozeramaileak. Une horretan, bere herrialdeko bandera haizatu zuen palestinar batek eta manifestariek «Palestina askatu» oihukatu zuten.
3.000 atxikimendu jaso ditu Etxerat-en manifestuak
Euskal presoen eskubideen alde Etxerat-ek kaleratu duen agiriak 3.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditu. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek; ezker abertzaleak, Aralarrek eta ABk; Lokarrik, Bilgune Feministak eta Askapenak sinatu dute, besteak beste, Etxerat-en agiria.
Gobernuak «mendeku bila» dabiltzala dio Etxerat-ek
Bizi guztiko zigorra ezarri nahi izatea eta eritasun larria duten presoak atxikitzea leporatu diote Zapaterori
Ibai Maruri
Bilbo
Euskal preso eta errepresaliatu politikoen senide eta adiskideek Espainia eta Frantzia bultzatzen ari diren espetxe politika «krudela» salatu dute. Mendekua eta «eskubideak zapaltzeko hautua» egitea egotzi zien bi gobernuei Polentzi Goikoetxea Etxerat-eko bozeramaileak, atzoko manifestazioari amaiera eman zion ekitaldian.
«Gure senideak suntsitu nahi dituzte. Gure senideak kartzeletan usteltzea nahi dute. Haiek ikustera joaten garen senide eta lagunak errepideetan hil gaitezen nahi dute», salatu zuen Goikoetxeak. Halaber, Espainiako gobernuburuaren hitzak aipatu zituen: «Duela gutxi presoak urrun mantenduko dituztela iragarri zuen Zapaterok, eta beren interesen arabera erabiltzen jarrituko dutela». Goikoetxeak uste du jarduera horiekin presoak zein haien gertukoak etsipenean erortzea bilatzen dutela, baina ez dutela lortuko ohartarazi zien.
«Bizi guztiko zigorrez mozorroturik heriotza zigorra nahi dute», adierazi zuen Jone Artola Joseba Artola presoaren arrebak. Legearen arabera dagokien zigorra bete eta oraindik kartzeletan jarraitzen duten presoen egoera salatu zuen: «Hainbat urte bakartuta eduki eta gero, sei, zortzi edo hamar urte espetxeraturik izan nahi dituzte». Haren ustetan, gobernuek «bizi guztiko zigorra ezarri nahi dute». Hori horrela, apustu hori egin dutela aitortzeko eskatu zien Espainiako gobernuari eta bera babesten duten alderdi politikoei, «Euskal Herritik hasita».
Jose Camposek, berriz, hamahiru preso gaixotasun larriren batek jota edo sendaezina den eritasunen batekin daudela gogoratu zuen. Bautista Barandalla preso nafarraren neska-lagunaren hitzetan, politika horren helburu nagusia «mendekua» da: «Gaixotasun larria duten pertsonak atxikitzea odol gosea eta gizatasun eza da».
Edozein gatazka eta gudatan zaurituak eta gaixoak etxeratu eta sendatzeko aukera ematen dela gogoratu zuen Camposek. «Baina Espainia eta Frantziara oraindik ez dira nazioarteko konbentzio horien erreferentziak heldu», salatu zuen.
«Inoiz baino indartsuago»
Etxerat elkartearen irudiko, egoera «larria» da: «Sekula ezagututako preso kopuru handiena dago une honetan, bizi-baldintza gogorrenetan, euren etxeetatik kilometroetara espetxeratuta». Dena den, presoen eskubideak errespetaraztea lortuko dutela esan zien Goikoetxeak manifestazioan parte hartutako milaka herritarri.
Goikoetxeak esan zuen senideek eta lagunek «inoiz pentsatu ez duten indarra» dutela, eta indar hori «eguneroko lanean oinarritzen den presio soziala» dela. «Bakoitzak bere eremuan eta ahal duen neurrian lan egiteko» deia egin zuen.
Agintari politikoek isilarazi egin nahi dituztela, eta beraien presentzia ezabatu nahi dutela azaldu zuen. «Gu inoiz baino ageriago egongo gara. Gure senideak, eskubideen jabe, Euskal Herrira ekartzea lortuko dugu» .