Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:58

EUSKALHERRIA;2009-01-03;Langraizko kartzelan preso bat hilda aurkitu dute. Joan den asteartean hil zen, eta oraindik ez dute argitu nola; Salhaketa elkarteak heriotza gaitzetsi du

Langraizko kartzelan preso bat hilda aurkitu dute

Joan den asteartean hil zen, eta oraindik ez dute argitu nola; Salhaketa elkarteak heriotza gaitzetsi du

Erredakzioa

Gasteiz

Joan den asteartean J.B.C. 31 urteko Gasteizko bizilaguna hil zen Langraizko kartzelan (Araba). Oraindik ez dute argitu zergatik hil zen, Salhaketak ohar baten bidez adierazi duenez. Dena den, elkartearen hitzetan, heriotza ez zen «naturala» izan.

Presoen aldeko elkarteak jakinarazi duenez, hilik agertu den presoa abenduaren 19an atxilotu zuten, eta bi egun geroago espetxeratu zuten, abenduaren 21ean. Hurrengo egunean, epailearen aurretik pasa ondoren, berriro ere kartzelara eraman zuten. Horrez gain, hil baino egun bat lehenago bakartze gunera bidali zuten presoa. Auzitegiko medikuek eman zioten zendutako presoaren bikotekideari heriotzaren berri.

Salhaketaren arabera, Espetxe Zuzendaritzaren politika salatzekoa da, espetxeetan izaten diren heriotzen inguruko informazioa ezkutatu eta atzeratu egiten baitu haren irudiko. Gainera, legea «zorrotz» betez gero espetxeetako heriotza gehienak eragozteko modua badagoela uste du elkarteak. Hartara, arazo horri aurre egiteko zer egin asmo duten galdetu die Sahlaketak Espainiako Gobernuari, Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeen Zuzendaritzari. Kartzeletako bizi-baldintzak zergatik egin duten okerrera eta gaixotasun larriak dituzten presoak zergatik ez dituzten aske uzten ere galdetu die presoen eskubideen aldeko taldeak agintariei.

Bide horretan, preso gasteiztarraren heriotza azkena izateko neurriak hartzeko eskatu du; espetxeetako osasun zerbitzua kalean jaso daitekeenaren parekoa izateko, besteak beste.

Espetxeetan gertatzen diren heriotzak saihesteko, presoen bakartze eta inkomunikazio egoerak amaitzea ere beharrezkotzat dauka elkarteak; izan ere, heriotzak areagotzeko arrisku guneak dira horiek, Salhaketaren arabera. Ildo horretatik, asteartean gertatutako heriotza sakon aztertzeko eskatu dio Fiskaltzari.

 

Zenbakia

16



2004ko abendutik Langraizko espetxean hildako presoak. 2004ko abenduaz geroztik, orotara, hamasei preso hil dira Langraizko kartzelan. Horieta-tik zazpi ziegetan urkatuta topatu zituzten, beste bat espetxeko erietxean hil zen, eta gainerakoak ziegan azaldu ziren hilik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia