Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:57

EUSKALHERRIA;2009-01-03;'Etsipena gure hiztegietatik ezabatu behar dugu'. Espainiako Gobernuak euskal presoen aurkako jazarpena areagotu egin duela uste dute presoen senideek. Hori salatzeko, manifestaziora deitu dute gaur Bilbon. POLENTZI GOIKOETXEA. Etxerat-eko bozeramailea

Polentzi Goikoetxea - Etxerat-eko bozeramailea

Espainiako Gobernuak euskal presoen aurkako jazarpena areagotu egin duela uste dute presoen senideek. Hori salatzeko, manifestaziora deitu dute gaur Bilbon.

«Etsipena gure hiztegietatik ezabatu behar dugu»

Jokin Sagarzazu

Andoain

Aita Donostia plazatik abiatuko da gaur, 17:30ean, Etxerat-ek antolatutako manifestazioa. Polentzi Goikoetxearentzat eta presoen senideentzat oro har «oxigenoa» hartzeko eguna izango da gaurkoa.

Halako ekimen batek zer-nolako garrantzia dauka zuentzat, presoen senideentzat?

Herritarren babesa gertutik sentitzeak sekulako indarra ematen digu. Oxigenoa da guretzat. Gure egunerokotasunean oso momentu txarrak izaten ditugu, eta horrelako keinuak ikusten ditugunean indartsuago sentitzen dugu geure burua eta gure mezua. Gure aldarria begien bistan geratzen da, eta gizartean errotuta dagoela ikusten dugu. Gure planteamendua berretsi egiten du horrek. Presoen eskubideak egunero urratuak izaten ari direla uzten dugu agerian. Eta lanean jarraituko dugula esaten dugu. Etsipena gure hiztegietatik ezabatu behar dugu.

Manifestazio isila izango dela diozue.

Bai, hala da, baina bilbide osoan zehar, bozgorailuen bitartez, gure mezua zabalduko dugu eta manifestazioa bukatzean agiria irakurriko dugu. Hiru aldarrikapen egingo ditugu: bizi guztiko zigorra amaitzeko, gaixotasun larriak dituzten preso guztiak baldintzarik gabe kalera ateratzeko eta euskal presoak euskal herriratzeko.

Manifestaziora begira agiri bat plazaratu duzue. Hainbat herritar eta eragileren babesa jaso duzue. Zer balorazio egiten duzue?

Manifestaziora begira egin dugu manifestu hau, aipatutako hiru aldarrikapen horien inguruan. Atxikimenduak biltzen aritu gara, maila pertsonalean eta talde gisan. Besteak beste, abokatuek, idazleek, bertsolariek eta sindikatuek bat egin dute agiriarekin, eta babes horren berri eman dute. Pozik gaude jaso dugun babesarekin.

Eta alderdi politikoen aldetik zer-nolako erantzuna jaso duzue?

Zoritxarrez, alderdi politikoak aipatzen ditugunean, eta bereziki agintean dauden alderdiei buruz ari garenean, beti egiaztatzen dugu haien babesa bestelako talde eta eragileen atzetik etortzen dela. Gizarteak bultzatu ondoren ematen dituzte pausoak. Presoen eskubideen aldeko presio soziala handia izatea nahi dugu.

Ildo horretan aipagarria da Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Batzordearen akordioa. Oro har, Etxerat-en aldarrikapenekin bat dator.

Ekimen polita izan da. Aurten bi aldiz izan gara batzorde horretan, eta konpromisoak eskatu dizkiegu. Batzordeak hitz eman zigun gaia Legebiltzarrera eramango zuela eta hori egin izanak pozten gaitu. Onartu duten agiria [legez besteko proposamena] manifestuan diogunarekin bat dator, aldaketa batzuk gorabehera. Baina adierazgarriena erabakia bera izan da. Gaixo dauden presoak askatzeko eskatzen dio Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari; zigorra betea duten presoak kalean egon behar dutela dio agiriak eta sakabanaketa amaitzeko eskatzen du. Legebiltzarraren erabaki horrek agerian uzten du herri honen gehiengoak hiru aldarrikapen horiekin bat egiten duela. Halako erabakiek arrazoia ematen digute. Horrelako erabaki politikoak hartzen direnean, nolabaiteko presio soziala dagoelako hartzen dira, herritarrak mugitzen direlako. Orain arte egin dugun lana berretsi egiten du horrek.

Espainiako Gobernua harro azaldu da egungo espetxe politikarekin...

Ez gaitu ustekabean harrapatu. Entzun eta ikusi duguna aspalditik salatzen ari garen egoera baten baieztapena baino ez da. Hasierako sentimendua amorrua da. Ministro bati [Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroari] entzutea gure senideak txanpon gisa erabiltzen dituztela, aspaldi zabaltzen ari garen mezua berretsi baino ez du egiten. Hori hala zela sinesten ez zuenak aukera dauka orain Estatuko arduradunaren ahotik entzuteko hori hala dela. Baina horrelakoak entzun ondoren isilik geratzen diren horien jarrerak ematen dit niri amorrurik handiena. Horrek kezka sortzen dit. Zurekin hitz egiten dutenean esaten dizute ez dagoela eskubiderik horrelako gauzak egiteko, giza eskubideak errespetatu behar direla... baina, gero, halako astakeria bat entzun eta beste aldera begiratzen dute.

Ardura politikoa daukaten pertsonez ari al zara? EAJz ?

Bai, noski. Espetxe politika horren kontra daudenek, benetan kontra baldin badaude, zerbait esan behar dute, eta ez bakarrik guk esaten diegunean. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da.

Espainiako Gobernuak larriki gaixorik dauden hiru preso askatu ditu. Zer interpretazio egiten duzue?

Etxean badaude ere, preso dituzte. Kontrol zorrotzak jarraitu behar dituzte, nahiz eta legeak esan aske egon behar dutela. Helburua oso argia da: estatu politikaren pieza bat dira Espainiako Gobernuarentzat. Eta gaixorik daudenez, erraztasun handiagoarekin erabiltzen dituzte, xantaia egiteko, helburu politiko jakin batzuk lortzeko. Aske uzteak pozten gaitu, baina zein egoeratan uzten dituzten aske kezkatzen gaitu. Lehenik eta behin, esan beharra dago gaixorik dauden preso asko eta asko kartzelan gaixotu zirela, eta ez aurretik. Kartzelan sartu aurretik osasuntsu zeuden. Dagoneko bost preso hil dira, beste zazpi kartzelatik atera eta oso denbora gutxian hil ziren eta beste zortzik bere buruaz beste egin zuten kartzelan zirela.

Zein da espetxeetako egoera?

Kartzeletako egoera zein den laburbiltzea oso zaila da, baina badute elkarrekin gauza bat: euskal presoen aurkako jazarpena etengabea da. Gizatasunik gabe tratatzen dituzte, haien artean ezberdintasunak sortzen saiatzen dira, sakabanatu egiten dituzte... beraien arteko eta gurekiko lotura hautsi nahi dute. Espetxe politikaren helburu nagusia hori baita: presoa suntsitzea edo kartzelako sisteman asimilatzea. Gaixorik dauden presoen kasuan are eta larriagoa da asmo hori, haien ahultasunaz probesten baitira.

Espainiako Gobernuak bizi guztiko zigorrak ezarri nahi dituela salatu duzue.

Praktikan hori egiten ari dira. Zigorra beteta preso jarraitzen duten presoen zerrenda handitzen ari da. Eta aske utzita ere neurri berezi batzuk aplikatu nahi dizkiete orain. Legeak asmatzen dituzte horretarako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia