Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:53

EUSKALHERRIA;2008-12-21;Isiltasuna eta besta paperik gabeen alde. Ehun lagunetik gora elkartu dira Hendaiako erretentzio zentroaren aitzinean, Frantziak etorkinekin duen politika salatzeko eta etorkinei elkartasuna adierazteko.

Ehun lagunetik gora elkartu dira Hendaiako erretentzio zentroaren aitzinean, Frantziak etorkinekin duen politika salatzeko eta etorkinei elkartasuna adierazteko.

Isiltasuna eta besta paperik gabeen alde

Eneko Bidegain

Hendaia

Isildu dira. Denak. Bat-batean. Borobilean jarri dira, Hendaiako erretentzio zentroaren aitzinean. Erretentzio zentro horren aurkako eta paperik gabeko etorkinen aldeko elkarretaratzea egin zuten, atzo. Gehienak ordua baino lehen iritsi dira. 14:30etik laster, kalakak eta txalapartaren entsaio soinu herabeak isildu dira. Txorien kantuak eta autoen burrunbak baizik ez du isiltasuna hausten. Ehun lagunetik gora, aldiz, mutu, aurpegiak serio, batzuk begiak itxirik, beste batzuk besoak gurutzaturik.

Luze doa isiltasuna. Astun. Batzuei haserre aurpegia nabari zaie. Ehorzketa batean bezala, jendeak begirada serioz elkar agurtzen du. Batekin dagoen zakur zuri ederra ere isil-isilik dago. Bi lagunek besoarekin agur ironikoa egin diote polizia etxeko lehen solairuko leihotik argazkiak ateratzen ari den emazteari.

Besta giroa

Urrunetik ezkila doinu ezti bat entzun da. 15:00ak dira. Ez da ordua seinalatzeko ezkila, ordea. Txalapartariek atera duten soinua da. Ezti-eztiki hasi dira txalaparta jotzen, eta segidan, borobila desegin da, eta jendea kalakan hasi da. Jendearen marmarrak txorien kantua eta autoen burrunba estali ditu. Bi gaztek pankarta bat ezarri dute erretentzio zentroko portale berde handiaren gainean: Paperik gabekoen duintasunaren alde.

Eguberri garaian erretentzio zentroan preso dauden gizon, emazte eta haurrenganako elkartasuna adierazi nahi izan dutela erran du hizlari batek. «Kuoten politikari ezetz erraten diogu, gizakiak mespretxatzen baititu». Opari meta handi bat utzi dute erretentzio zentroko sarrera aitzinean. «Ez dugu isiltasunaren bidez protestatu nahi bakarrik, bestaren bidez ere bai». Eta ehorzketa giroa besta giro bihurtu da.

Musikak isiltasunari hartu dio lekua. «Ouvrez les frontières» (ireki mugak) kantatzen du bozgorailuak. Minutu batzuk lehenago oren erdi oso batez isilik egon direnak dantzan, txaloka eta kantuz hasi dira. Bizkarreko zakuan Che Guevararen txapa eta aireportuan ezarri zioten bagajeetako zinta dauzkan gazte batek gogoz daki kantua. Batzuek tuta eta xilintxa jotzen dituzte, musika laguntzeko.

Gizon ile zuri batek turuta hartu du. Eguberriko doinu bat jo du lehenik, eta jendea herabe hasi da kantuz. Geroago, bigarren txalaparta doinu batetik landa, gizon horrek berak Olentzeroren doinua jo du zilar koloreko turuta horretatik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia