Ezker abertzaleko hamar lagunek ETAn sartzeko hautua egin dutela jakinarazi dute. Agerraldi baten bidez egin dute, ezohiko moldez. Izenik ez, baina aurpegia ezkutatu gabe jakinarazi dute erabakia hamarretatik lau lagunek, guztien izenean adierazpen bat irakurriz, egindako hautuaren arrazoiak jendaurrean azaldu nahian. Adierazpenaren berri zehaztu gabeko toki batean egin dute, Euskal Herriaren alde borrokan jarraituko dugu! leloa duen kartel baten ondoan. Hamarrak ezker abertzaleko kideak dira, herri antolakundeetan lanean ari zirenak. Baina Polizia haien bila joan denean ihes egindakoak. «Hortzeraino armaturiko poliziek gu torturatu eta espetxeratzera etorri direnean ihes egin behar izan dugu», azaldu dute aipatutako adierazpenean.
«ETAkoak ez izan arren, ETAko kide bagina bezala epaitu eta bahitu nahi izan gaituzte, eta horren aurrean ez gara kikiltzen: armak eskutan hartu eta, gure aurretik beste askok egin duten bezala, Euskadi Ta Askatasunean sartzeko hautua egin dugu». Orain arte ezker abertzaleko herri antolakundeetan jardun dute, baina haien bila joan direnean ihes egin dute, eta aurreko jardunean jarraitzeko aukerarik ez dute ikusten. Halaber, ez dute «borrokarako etsipenean» erori nahi eta ez dute Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkezteko asmorik. «Etsaiak gu neutralizatzeko asmoa bazuen», nabarmendu dute, «oker dabil. Guk hartua dugu gure erabakia: armekin etorri dira gure etxeko atea botatzera, torturatzea eta espetxeratzera. Espainian hain errotuta dagoen armen arrazoiarekin etorri zaizkigu, eta guri bederen, borrokarako beste aukerarik ez digute utzi; armen inposaketari armen bidez aurre egitea geratzen zaigu».
Egoera politikoari buruz
Erabakiaren berri ematearekin batera, ezker abertzaleko hamar kideek zenbait gogoeta plazaratu dute egoera politikoari buruz. «Euskal Herriak ez du demokraziarik ezagutzen, ezin du bere etorkizuna erabaki». Halaber, «eraso errepresiboa» larriagotzen ari dela uste dute adierazpenaren egileek. «Epaileen zein Guardia Zibilaren diktadura» salatzearekin batera, EAJ eta NaBaiko politikarien jarrera auzitan jarri dute. «Noiz altxatuko dira herri honek jasaten duen zapalkuntzari aurre egiteko?», galdetu dute.
Espainiako Konstituzioak duela 30 urte euskal herritarren ezezkoa jaso zuela gogoratu ondoren, inposizioaren bidea antzua dela nabarmendu dute.
Adierazpena
Erabakiaren berri emateko hamar lagunek kaleratu duten adierazpena, hitzez hitz:
«Gaur hemen aurkezten garen lagunok, euskal herritarrei egin dugun hausnarketa eta bere ondorioz ematera goazen urratsaren berri eman nahi diegu.
Euskal Herriak ez du demokraziarik ezagutzen, ezin du bere etorkizuna erabaki. Euskal Herriak sufritzen dituen eraso errepresiboa eta egoera antidemokratikoa larriagotzen ari dira. Ez dago adierazpen askatasunik, ez dago antolatze askatasunik, ez dago mobilizazio askatasunik, ez dago independentista izaterik... gure etorkizuna ezin erabaki eta epaile zein guardia zibilaren diktadurara kondenatzen gaituzte.
Herri hau espetxeratu, erbesteratu, zigortu eta bortxatzen duten bitartean, PP eta PSOEko torturatzaileekin batera ETA deitoratzea eskatzen digute PNV eta Nafarroa Baiko politikari lotsagabeek. ETAren aurka hain ozenki ateratzen diren horientzat, gure gaitzespen eta beren hipokresiaren deitoratze tinkoena. Euskal Herriak demokraziarik gabe, diktadura polizial eta judizialaren aurrean, herri antolakundeen eta alderdien ilegalizazioaren aurrean, preso politikoak hiltzeko kondenen aurrean... finean, herri hau hiltzeko Estatuek duten determinazioaren aurrean, zer egiten dute Euskal Herriaren alde «abertzale» deitzen diren indar politiko horiek? Noiz altxatuko dira herri honek jasaten duen zapalkuntzari aurre egiteko?
Hemen bildu garen herritarrok, modu batera edo bestera, Euskal Herriaren aldeko borrokan parte hartu dugun Ezker Abertzaleko militanteak gara. Orain arte, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko herri antolakundeetan jardun dugu. Hortzetaraino armaturiko poliziak, gu torturatu eta espetxeratzera etorri direnean ihes egin behar izan dugu. Ez gara bakarrak izan. Azken urteotan, jende andana espetxera eraman dute edo ihes egin behar izan du soilik herri honen askatasunaren alde aritzeagatik. Egoera horri herri bezala erantzuteko dugun premia inoiz baino agerikoagoa da.
Baina gaur, burutzen ari garen adierazpen honen bidez, honakoa azaltzera gatoz: Gure antolakundeetan borrokatzeko aukerarik jada ez dugula ikusirik, adierazpen hau izenpetzen dugunok ez dugu borrokarako etsipenean erortzeko edota gure burua Espainiako 'Audiencia Nacional'-ean aurkezteko inongo asmorik. Etsaiak gu neutralizatzeko asmoa bazuen, oker dabil.
Guk hartua dugu gure erabakia: Armekin etorri dira gure etxeko atea botatzera, torturatzera eta espetxeratzera. Espainian hain errotua dagoen armen arrazoiarekin etorri zaizkigu, eta guri bederen, borrokarako beste aukerarik ez digute utzi; armen inposaketari armen bidez aurre egitea geratzen zaigu, eta determinazioz egingo dugu!
ETAkoak ez izan arren, ETAko kide bagina bezala epaitu eta bahitu nahi izan gaituzte, eta horren aurrean ez gara kikiltzen: Armak eskutan hartu eta, gure aurretik beste askok egin duten bezala, Euskadi Ta Askatasunean sartzeko hautua egin dugu. 50 urte dira Euskadi Ta Askatasuna sortu zenetik, 30 urte euskal herritarrok Espainiako konstituzioari ezetz esan genionetik. Zenbat urte igaro behar dira inposaketaren bide antzua dela ikus dezaten? Herri honek bizi duen eraso egoera iraunkorraren aurrean, apaltasunez baina harrotasun osoz, euskal herritarrei gure erabakiaren arrazoiak azaldu nahi genizkien, bai eta mezu argia helarazi errepresioaren arduradun politikoei ere. Azkenik, Euskal Herriaren askatasunaren eta berrerainkuntzaren alde era antolatuan eta konprometituan borrokatzeko deia luzatu nahi genieke euskal herritar guztiei».