Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:52

EUSKALHERRIA;2008-12-20;«Bihotzekoa izan banu, espetxean ezin izanen zuketen ezer egin». Bihotzeko gaixotasun kongenitoa dauka Pello Sanchez preso iruindarrak. Gero eta ahulago sentitzen da, eta ebakuntza egin behar diote laster, aortako balbula aldatzeko. Hori dela eta, behin-behinean, Parisko La Sante espetxetik atera dute. PELLO SANCHEZ . Euskal presoa

Pello Sanchez - Euskal presoa

Bihotzeko gaixotasun kongenitoa dauka Pello Sanchez preso iruindarrak. Gero eta ahulago sentitzen da, eta ebakuntza egin behar diote laster, aortako balbula aldatzeko. Hori dela eta, behin-behinean, Parisko La Sante espetxetik atera dute.

«Bihotzekoa izan banu, espetxean ezin izanen zuketen ezer egin»

Amaia Alvarez

Atarrabia

Aurreko asteko ostiralean Pello Sanchez preso iruindarra aske utzi zuten behin-behinean, bihotzeko gaixotasun larriagatik ebakuntza egin behar diotelako. Bihotzekoa izateko arriskua dauka, eta aortako balbula bat aldatu behar diote. Ebakuntza urtarrilean edo otsailean eginen diote Nafarroako Ospitalean. Ordura arte, Atarrabian (Nafarroa) dago, gurasoen etxean. «Laster izanen da ebakuntza, gero eta okerrago sentitzen naiz eta». 38 urte ditu eta 2005eko martxoan atxilotu zuten; harrezkero, Parisko «XIX. mendeko La Sante espetxean» egon da. Oraindik epaiketaren zain dago.

Sanchezen gaixotasuna kongenitoa da, txikia zenetik dago gaixo. Hala ere, bizitza arrunta egin izan du, urtero azterketa medikuak eginez. Duela bi urte hasi zen okerrera egiten. «Espetxeko bizimoduak eragina izan du nire gaixotasunean. Medikuek esaten dute hori ezin dela jakin, baina ziur naiz espetxeko bizimoduak egin didala kalte».

Egunean hogeita bat edo hogeita bi ordu ziega barruan pasatzen zituen kartzelan. «Espetxekoa oso bizitza sedentarioa da, ezin duzu ia kirolik egin, eta hori oso txarra da osasunerako. Patiora ateratzen nintzenean ariketa asko egiteko aprobetxatzen nuen. Dinamika hori gehi estresa, nerbioak... Horrek guztiak eragina izan du nire osasunak okerra egiteko». Duela bi urte bere osasuna txarrera egiten ari zela nabaritzen hasi zen. Aurtengo apirilean esan zioten seguruenik ebakuntza egin beharko ziotela. Orduan hasi ziren medikuak arriskuei buruz hitz egiten: bihotzekoa, bularreko angina, aorta apurtzea... «Apirilean asko kezkatzen hasi nintzen, geroz eta urduriago jartzen».

Kalean egoteagatik, pozik dago orain. Triste aldi berean. «Ni kalean nago, baina ezin ditut ahaztu barruan geratu direnak; sentimenen nahasketa handia daukat». Azken asteetan ahuldu egin dela dio. «Ahuldu egin naizela nabaritu dut, makal nago, oso erraz nekatzen naiz; eskailerak igotzen, paseatzen... Bihotzeko mina geroz eta gehiago nabaritzen dut».

Senide eta lagunen beroa une oro sentitu du. «Babestua sentitu naiz, familiaren, lagunen, kartzelako kideen...denen babesa sentitu dut». Hala ere, «beldurrez» ere egon da, haren ustez, «kartzela ez dagoelako horrelako gaitz bat duen pertsonentzat prestatua».

«Estatu frantseseko espetxeetan seietan ixten dituzte ateak, eta goizeko zazpiak arte ez dituzte irekitzen. Bi ordutik behin espetxezainak pasatzen dira, baina zerbait gertatuz gero, ez dago ez txirrinik ez deus abisatzeko. Horrelako egoera batean egon eta bihotzeko gaixotasun bat edukitzea... Zerbait gertatuz gero, beste presoei abisatu behar zaie, eta guztien artean atea jo norbait etorri arte. Denbora dezente pasatzen da norbait iritsi arte, eta, gainera, ezin dute berehala atea ireki, batek bakarrik baitu giltza. Kartzela ez dago prestatua horretarako». Horixe zen bere kezka: «Zerbait gertatzen bazait, ez naiz ospitalera iritsiko, hori pentsatzen nuen». Egoera kontuan hartuta, ziegan beste preso batekin jartzea eskatu zuen. «Normalean banaka egoten gara, baina nire egoera ikusita, beste kide batekin jartzen utzi zidaten».

Nolanahi ere, Sanchezek uste du espetxea ez dela tokia horrelako gaixotasun batekin egoteko. «Horrelako gaixotasun batekin ezin zara egon kartzelan, ezin dute gaixotasuna kontrolatu. Epaileak bidalitako mediku batek ondo zainduta nengoela esan zidan, baina, ziur naiz bihotzekoa izan banu ezin izanen zuketela ezer egin. Espetxean erizaindegi bat dago, mediku batzuk ere bai, baina ez daude prestatuak halako gaixotasun bat tratatzeko».

Hori gutxi balitz, azken hilabeteetan Sanchezek ez du bide samurra topatu azterketa medikuak egiteko. Izan ere, gaixotasuna kontrolpean eduki ahal izateko, epaitegiko medikuak probak hilero egiteko agindu zuen. «Espetxeak ez du azterketa medikuen maiztasuna errespetatu», ordea. Hori salatzeko, euskal presoen kolektiboak -La Santen hamahiru euskal preso daude- mobilizazioak egin zituzten. «Azterketa medikuak egin ahal izateko, mobilizazioak egin genituen espetxe barruan, plantoak egin behar izan genituen, arduradun guztiekin hitz egin... Bestela ez dizute kasurik egiten, presioa egin behar izan dugu ospitalera azterketa medikuak egitera eraman nintzaten». Kartzelako kide guztien babesa sentitu du, eta «zinez» eskertu du eskainitako laguntza.

Neurri «arinagoak»

Ebakuntza egin eta hobeki sentitzen denean, ez daki zer gertatuko den. «Ez dakit berehala sartuko nauten berriro edo epaiketa egitera itxarongo duten». Ordura arte, hala ere, Espainian gaixo dauden presoek baino kontrol neurri «arinagoak» ditu. Besteak beste, elkarrizketak ematen ahal ditu. «Espainiako espetxeetatik askatu dituzten gaixo dauden presoak baino neurri arinagoak ditut, kontrol arinagoa daukat. Marilo Gorostiaga, Angel Figeroa eta Mikel Ibañez askatu dituzte, baina kakotxen artean, niri baino baldintza zorrotzagoak jarri dizkiete. Nire kasuan, ebakuntza egiteko behin-behineko askatasuna daukat, baina nire etxean egon naiteke, eta kalera atera».

Gaixo dauden presoekin estatuek «xantaia» egiten dutela salatu du iruindarrak. «Preso eta ondo ez zaudenean, osasunez, zure eskubideekin jokatzen dute. Badakite gaizki zaudela, zure bizitza arriskuan dagoela, eta xantaia moduan erabilzen dute zure askatasuna. 'Bai, askatuko zaitugu, baina azken unean, eta baldintza batzuk betez'. Azkenean, eskaintzen dituzten baldintzak onartu behar izan dituzte presoek, beren osasun egoera txarra delako».

Edonola ere, kartzelako politikari dagokionez, Frantzia Espaniako bidea jarraitzen ari dela uste du iruindarrak. «Frantziako espetxe politikan aldaketa ikusten da, gero eta neurri zorrotzagoak ari dira hartzen; zigorrak luzatzen, presoak bakartzen, sakabanatzen...».

Azken hilabeteetan gaixo dauden hainbat euskal preso kaleratu dituzte, eta, Sanchezen ustez, gizarte mugimenduak horretan eragin izan du. «Hala ere, oso larri egon behar izan dute askatzeko. Estatuek ez dute nahi espetxeetan presoak hiltzea, nahiago dute kalean hiltzea. Horren adibide garbiena Esteban Esteban Nietorena izan zen».

Mobilizazioen «garrantzia» nabarmendu du. «Mobilizazioengatik izango ez balitz, preso bat gaixo dagoenean ez litzateke inor ohartu ere egingo. Jendeak ez daki zer gertatzen den espetxe barruan. Preso guztientzako garrantzitsua da kaleko babesa, eta gaixo egonda, babes horrek are eta garrantzi handiagoa hartzen du».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia