Berria.info

Igandea, 2010ko martxoak 14 -

2008-12-19

Atxilotuak torturatu zituztela jaso zuen Auzitegi Nazionaleko medikuak

Protokoloa ezarri arren joan zen astean atxilotutakoak gogor torturatu zituztenez, protokoloa «iruzurra» dela dio AAMk

Torturak amaitzeko konpromiso handiagoa eskatu die AAMk alderdiei eta eragileei

Aitziber Laskibar

Bilbo

Buruan etengabe plastikozko poltsa jarri, eta itolarria eragin konortea galtzeraino. Burua ur eta izotzez betetako bainuontzian sartu, ia arnas gabe geratu arte. Biluzik eta begiak itxita ordu luzez egonarazi. Biluzik egonik, ur hotza bota gorputz osora. Telefono liburu batekin aluan jo. Sexualki laidoztatu. Bortxatuko zituzten mehatxuak egin. Antzutuko zituztela sinetsarazi. Eloktrodoak jarriko zizkioten itxurak egin, elektrodoen soinua entzunarazita. Hil egingo zituztela irudikatu, eskuan pistola hartuta. Jipoitu...

«Tratu basatia» jasan zuten joan zen astean Guardia Zibilak Bizkaian eta Gipuzkoan atxilotu zituzten bost lagunek, Haizea Ziluaga abokatuak kontatu duenez. Amets Ladislaok, Xabier Gutierrezek, Marimertxe Alcocerrek, Maribel Prietok eta Ibai Egurrolak sendagileei, epaileari, abokatuei eta senideei kontatutako «infernuaz» ohartarazi dute abokatuek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Hori guzti hori, Santiago Pedraz epaileak tortura saihesteko protokoloa ezarri zuela iragarri zuen arren. Atxilotuen beren salaketaz gain, atxiloaldiaren hirugarren egunean detenituak ikusi zituen konfiantzazko medikuak txostenean jaso ditu torturen zantzuak. Eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak berak ere jaso ditu salatutako torturak.

Non daude grabazioak?

«Teorian, horrek guztiak grabatuta egon behar luke», ohartarazi du Oier Bidaurrazaga AAMko kideak, tortura saihesteko protokoloak hori agintzen duela gogoratuta. «Baina atxilotuek jasandako tortura basatiak ez daude grabatuta. Gezurra esan digute. Tortura saihesteko protokoloa iruzur hutsa dela erakutsi digute».

Tortura horiek grabatuta baleude, irudi horiek komunikabideen bidez Euskal Herrian, Espainian, Europan zabalduko balira, «mundu osoa astinduko lukeen eskandalua» eragingo lukeela ziur da Bidaurrazaga. «Espainiak Euskal Herrian ezarri duen salbuespen egoera ageri-agerian geldituko litzateke».

Baina tortura horiek «isilean» igaro direla salatu du. «Erakunde politiko nagusiak, komunikabide nagusiak, itsu, mutu eta gor daudelako errealitate basati hori ikusita». Hedabideen jarrera gaitzetsi du, hortaz. Torturaren errealitatea isilarazita, errealitate hori ahalbidetzen ari direla ohartarazi die. Euskal Telebista aipatu du espresuki. Albistegietan tortura kasuak sistematikoki isilarazten dituela salatu du. «Pinturaz zikindutako batzoki batek tarte gehiago du ETBn torturatutako herritar batek baino».

Egoera hori EAJk torturaren inguruan duen jarrera politikoaren «logika berean» sartzen du AAMk. Eusko Jaurlaritzak ere, euskal herritarrak torturatzea «nolabait baimendu» egiten duela dio. «Atxilotuak torturatuak izango direla jakinik ere, txalotu egiten ditu atxiloketak. Ertzaintzak torturatzaileekin zuzenean kolaboratzen du operazio horietan. Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak positibotzat jo zituen azken atxiloketak, eta deklarazio hori egiten ari zela Guardia Zibila atxilotuetako bati aluan jotzen ari zitzaion telefono liburu batekin». Hortaz, tortura kasuetan «erantzukizun argiak» izatea egotzi dio AAMk Jaurlaritzari.

Hori guzti hori ikusirik, konpromiso handiagoa eskatu die AAMk alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei. Eta herritarrei ere, torturaren aurka lan egin dezaten dei egin die, tortura amaituko bada «herri presioa» beharrezko izango delakoan.

«Guztion lanarekin amaituko dugu tortura», esan du Ziluagak ere, eta ohartarazi egun ez dagoela zuzenbide estaturik. «PSOEren gobernuak ezin du zuzenbide estatuaz hitz egin, eta polizia etxeetan Estatuko funtzionarioek sistematikoki torturatu».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia