Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:51

EUSKALHERRIA;2008-12-18;Lurren desjabetze aktak Ertzaintzak babestuta sinatu dituzte Adifekoek. AHTren aurkako hamarnaka lagun bildu dira Iurretako udaletxe aurrean, sinadurak galarazi guran

Lurren desjabetze aktak Ertzaintzak babestuta sinatu dituzte Adifekoek

AHTren aurkako hamarnaka lagun bildu dira Iurretako udaletxe aurrean, sinadurak galarazi guran

Erredakzioa

Bilbo

Ertzainez osatutako polizia hesia aurkitu zuten, atzo, Iurretan (Bizkaia), AHTrako lurren desjabetze aktak sinatzea geldiarazi gura zutenek. Protestaldia oztopatu zien Ertzaintzak, eta Adifeko (Trenbide Azpiegituren Administratzailea, Espainiako Garapen Ministerioaren mendekoa) ordezkariak babestu zituen udaletxeraino, aktak sinatzeko.

AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, 08:30ean, udaletxe aurrean batu ziren «hamarnaka» lagun, deitzaileen datuen arabera. Sinatzeak geldiarazi gura zituzten, aurreko baten Adifekoak «esku hutsik» itzultzea lortu zutelako Arrasaten (Gipuzkoa). Atzo, ordea, Ertzaintzak eragotzi zien. «Tentsio uneak» eta «hainbat bultzakada eta kolpe» izan ziren, AHTren aurkakoen esanetan. Bi orduko protestaldiaren ondoren, Ertzaintzak pertsona bat identifikatu zuen.

Atzo sinatutako desjabetzeak Durango-Zornotza tartekoak dira. Iurretan ia 70 desjabetu daudela jakinarazi du Elkarlanak. Urrian ere aktak sinatzeko deialdia egin zuen Adifek, baina atzeratu egin zuten, lurren kudeaketa arazoak argudiatuta. Elkarlaneko kideen iritziz, baina, orduko arrazoitzea «aitzakia ziztrin bat» baino ez zen izan, egungo baldintzak berdinak direlako.

Gaurko ere, protesta deiak

Aktak sinatzeko deialdia daukate berriro gaurko, Iurretan. Durangon ere gaurko zegoen deituta, baina, Durangoko Udalak sinatu beharreko aktak atzeratu egingo dituzte, herritik pasatuko den biaduktua negoziatzen ari direlako Adif eta Udala bera. Dena den, beste bi lurjabe ere desjabetu nahi dituzte, eta Iurretako udaletxean sinatzera deitu dituzte.

«Zelan deitu dituzte lurjabeak aktak sinatzera, oraindik ibilbidearen inguruan eztabaidatzen baldin badabiltza?». AHT Gelditu! Elkarlanak ostera ere egin du protestarako deia, gaurko, 09:00etan, Iurretako udaletxe aurrean.

Durangaldeko herri horretan bakarrik ez, Euskal Herriko hainbat lekutan egingo dituzte elkarretaratzeak gaur, Elkarlanak antolatuta. Bizkaian bi tokitan: batetik, Basauriko Urbi kalean, eguerdian, Ferrallados Basconia S.M. enpresaren egoitzaren aurrean; bestetik, Bilbon, Deustuko Madariaga Etorbidean, Tecsaren aurrean.

Gipuzkoan ere beste bi kontzentrazio egingo dituzte: Donostian, Easo plazako EuskoTren geltokiaren aurrean, 20:00etan, eta bihar, Orereta-Lezoko Renfe geltokian, 19:00etan. Gasteizen, goizez eta arratsaldez batuko dira enpresen aurrean. Iruñean, Adifen aurrean egingo dute kontzentrazioa, tren geltokian, 19:30ean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia