Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:51

EUSKALHERRIA;2008-12-18;Uriaren hilketatik «desmarkatu» egin da AHT Gelditu! Elkarlana. AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du «jazarpen mediatikoa eta kriminalizazioa» jasan duela ETAk Inazio Uria hil zuenetik AHTren aurka «bide baketsuak erabiliz» jarraitzeko asmoa berretsi du

Uriaren hilketatik «desmarkatu» egin da AHT Gelditu! Elkarlana

AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du «jazarpen mediatikoa eta kriminalizazioa» jasan duela ETAk Inazio Uria hil zuenetik

AHTren aurka «bide baketsuak erabiliz» jarraitzeko asmoa berretsi du

Garikoitz Goikoetxea

Bilbo

«Bide baketsuak» erabiltzen jarraitzeko asmoa berretsi du AHT Gelditu! Elkarlanak, eta «desmarkatu» egin da Inazio Uria enpresaburuaren hilketatik. Altuna y Uria enpresako nagusiaren heriotza «ezusteko saltoa» izan da Elkarlaneko kideentzat, eta onartu dute «eragin zuzena» izan duela AHTren aurkako mugimendua osatzen dutenengan.

Uriaren aurkako atentatua izan eta bi astera argitu du AHT Gelditu! Elkarlanak hilketaren aurrean duen jarrera. Abenduaren 3an hil zuten AHTren ibilbidearen zati batzuk eraikitzeko ardura duen enpresako burua, eta une hartatik bertatik hainbat alderdi politiko hasi zitzaizkion Elkarlanari gaitzespen eske. Euren jarrera atzo plazaratu zuten, Josu Gil eta Mila Elortzaren ahoz, Bilbon egindako agerraldi batean.

Atentatua izan zenetik jasan duen «jazarpen mediatikoa» salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak, eta «mugimenduaren kriminalizazioa areagotzen duen saio lotsagabea» egiten jarraitzea egotzi die hedabide eta alderdi politiko batzuei. «Ezin dugu onartu AHTren aurkako mugimendu sozialaren zilegitasuna zalantzan jartzea, eta berau errespetatzea exijitzen dugu».

Deitoratu egin dute, halaber, Azpeitiko (Gipuzkoa) hilketa erabiltzea abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduaren kontra «balizko bide errepresiboak irekitzeko». PPk eta PSOEk «estrategia politikoen jokoan» sartu nahi dituztela diote Elkarlaneko kideek. «Ez gaude ados joko horrekin, eta guri ez dagokigu joko horretan sartzea».

«Eztabaida sakona» izan dutela azaldu dute Elkarlaneko kideek, mugimenduaren «pluraltasuna» kontuan izanda. Aniztasun horri eusteko asmoa agertu dute. Eurek egin bezala, gizarteari ere dei egin diote hausnarketa egitera. Politikoei, berriz, «zentzua» erabiltzeko eskatu diete, abiadura handiko trenaren inguruan eztabaida sortuz.

Bide beretik jarraituko dute

Hausnarketaren eta eztabaidaren ondoren, orain arteko bideak berretsi ditu AHT Gelditu! Elkarlanak: proiektua «inposizioa» dela gizarteratzea, mobilizazioak eta desobedientzia zibila bultzatzea eta udaletan oposizioa laguntzea. Euren ekimen guztietan «ahalik eta parte-hartze sozial handiena» lortzea dute helburu, «bide baketsuak erabiliz».

Azpeitiko atentatuaren eta haren ondoren sortutako egoeraren erantzuleak ez direla argi utzi nahi izan dute Elkarlaneko kideek. «Muturreko egoera honetara iritsi izana ez da gure ardura izan. Gardentasuna eskatzea, aurkakotasuna bideratzea eta ezarri diguten boikot mediatikoaren gainetik gure ahotsa entzunaraztea izan baita egin dugun gauza bakarra».

Elkarlanaren hausnarketaz gain, ez dute baztertu berau osatzen duten lagunek edo taldeek norbere hausnarketak egitea -Elkarlaneko bost kidek, esaterako, gaitzetsi dute dagoeneko Uriaren hilketa-.

AHTren aurkako mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko deia egin dute. Gaur, esaterako, kontzentrazioak izango dira AHTren ibilbidea eraikitzen ari diren enpresen egoitzen aurrean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia