Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2008-12-16

Torturak salatu dituzte 32 lagunek, protokoloa aplikatu zaien arren

Espainiako Gobernuaren Giza Eskubideen Plana «ñabardura teoriko hutsean» geldituko dela aurreratu dute

TATek dio torturen aurkako protokoloaren baliorik eza erakutsi dutela azken atxiloketek

Miren Korta

Bilbo

«Tortura saihesteko bide bakarra inkomunikazioa desagertzea da». Torturaren Aurkako Taldeak tratu txarrak eragozteko neurrien eraginkortasunik eza kritikatu du, Bilbon egindako prentsaurrekoan. Ane Ituiño eta Aiert Larrarte TATeko kide eta abokatuak kezkatuta azaldu dira aurreko astean Irunen (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) atxilotutako bost lagunek torturak pairatu dituztelako. Neurriak neurri, Ibai Egurrolak, Javier Gutierrezek, Amets Ladislaok, Mari Mertxe Alcocerrek eta Maribel Prietok «tortura bortitzak» jasan dituztela azaldu du Ituiñok, «2008an atxilotu dituzten beste 60 lagunek bezala».

«Aurreko astean, bost lagun atxilotu eta inkomunikatu zituzten. Guztioi, ustez, tortura saihesteko protokoloa aplikatu zitzaien, baina bostok jasan dituzte tratu txarrak», azaldu du Larrartek. Era berean, TATek gogor kritikatu ditu Espainiako indar polizialen jarrera: «Atxilotuetako bi hiru egunez inkomunikatu dituzte, eta beste hiru, aldiz, bost egunez. Are gehiago, bi lagun egun eta erdiz bahitu ditu Guardia Zibilak. Inork ez zekien atxilotuta zeudela, ezta nola zeuden ere».

TATek datu esanguratsuak jarri ditu mahai gainean. Guztira, 60 lagunek salatu dituzte torturak 2008an. Azken hilabeteotan, berriz, atxiloketa kopuruak nabarmen gora egin duela azpimarratu dute: «Abuztutik aurrera, 28 lagun atxilotu eta torturatu dituzte, inoiz baino gehiago, eta tratu txarren aurkako neurriek ez dute balio izan lagun horien eskubideak bermatzeko».

Torturaren kontrako protokoloa 2007an ezarri zuen Baltasar Garzonek lehen aldiz, eta ordutik Auzitegi Nazionalean beste bi epailek ere aplikatu izan dute neurria. Hala ere, TATek praktikara eramateko ezina salatu du behin eta berriz. «Honako hauek dira, printzipioz, bete beharreko gutxienekoak: auzitegiko medikuaz gain, atxilotuak berak aukeratutako medikua izateko eskubidea du. Inkomunikazio aldian Poliziak galdeketak bideoz grabatu beharra dauka, eta senitartekoek atxilotuaren egoerari buruz informazioa jasotzeko eskubidea daukate», azaldu du Ituiñok.

Hala ere, protokoloa gauzatzeko orduan, senitartekoek aurkitu ohi dituzten oztopoak ezagutarazi ditu Ituiñok. «Aurreko astean, atxiloketen berri izan bezain laster, tratu txarrak eragozteko eskaera egin genion Santiago Pedraz epaileari». Pedrazek eskaera onartu arren, baina, «sumarioa sekretupean dagoenez», protokoloak ikerketa oztopatzen du, eta ez dute behar bezala aplikatzen. Esaterako, «Pedrazek ez ditu konfiantzazko medikuen txostenak onartzen, pribatuak omen direlako. Beraz, azkenean, Estatuaren lagunek egindako txostenak baino ez dira aintzakotzat hartzen».

Giza Eskubideen Plana

Auzitegi Nazionalean tratu txarren aurkako neurriak abian jarri zituztenetik, guztira 32 lagunek salatu dituzte torturak. Egitasmoaren «porrota» kontuan hartuta, TATek mesfidantzaz hartu du Espainiako Gobernuak aurkeztutako Giza Eskubideen Plana. «Oraingoz, zirriborroa ezagutarazi dute eta hori da aztertu duguna, baina bertan esaten direnak ikusita, proiektua ñabardura teoriko hutsean geratuko dela ematen du», aurreratu du Ituiñok.

«Nazioarteko erakundeen gomendioen araberako plana» izan arren, Ituiñok ez du argi ikusten «Estatuak inkomunikazioa benetan baztertu nahi duenik». Protokoloa «erakundeen aurpegia zuritzeko» tresna hutsa bihurtu dela kritikatu du TATeko kideak. Besteak beste, «Espainiako Estatuak onartu berri du ez duela galdeketen grabaketak egiteko baliabide teknikorik eta hori da Poliziak erabili ohi duen aitzakia».

Komunikabideen jarrera

Ituiñok eta Larrartek komunikabideek protokoloaren aurrean izan duten jarrera ere kritikatu dute. «Hedabideetatik ontzat eman dituzue torturaren aurkako neurriak. Telebista ikusita edota egunkariak irakurrita, badirudi protokoloak atxilotuen giza eskubideak bermatzen dituela. Inork ez ditu neurri horiek zalantzan jarri edota horren inguruko hausnarketara bultzatu».

 

Lau egunetik behin, tortura salaketa bat

«Erakundeek, eragileek eta alderdi politikoek» torturaren inguruan duten erantzukizuna salatu du AAMk

M. K.

Bilbo



«Giza eskubideen defentsa aldarrikatzen duen orori dagokio jarrera aktibo bat izatea tortura kasu hauen guztien inguruan». Abuztutik aurrera, 26 izan dira torturak salatu dituzten atxilotuak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, datuok tratu txarrak «sistematikoki» erabili direla frogatzen dute: «Lau egunetik behin, euskal herritar bat torturatua izan da Guardia Zibilaren edo Espainiako Poliziaren eskutik».

AAMk «euskal erakunde nagusien, alderdi politikoen eta hainbat eragile sozial eta sindikalen» jarrera kritikatu du. Eusko Jaurlaritzari tortura kasuen «erantzukizuna» egotzi diote, atxiloketa guztiak «txalotu» dituztelako, «argi jakin arren atxilotuak torturatu egingo dituztela».

Tortura «arma» gisa

PSOEk tratu txarrak «gerra arma» gisa erabiltzen dituela dio AAMk. «Torturatzaileek informazio politikoa lortzen dute; autoinkulpazioak eta beste lagunen inkulpazioak lortzen dituzte deklarazio polizialetan, atxilotu hauek urte luzez espetxeratzeko; eta herritarren artean beldurra zabaltzea bilatzen dute».

Aldi berean, AAMk «ETBren jarrera informatiboa» kritikatu du, tortura salaketak isilarazi izana leporatuz. «Pinturaz zikindutako batzoki batek tarte gehiago du ETBn torturatutako herritar batek baino».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia