Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:44

HARIAN;2008-12-14;KONTSEILUA. HAMARGARREN URTEURRENEKO JAIA. Xabier Mendiguren: «Euskararen alde egotea ez da nahikoa». Euskara «ezagutu beharreko» izatea eta «orain arteko irakas ereduak» gainditzea eskatzen du Kontseiluaren dekalogoak Normalizazioari beste bultzada bat emateko konpromisoak hartzera deitu du Kontseiluak

Xabier Mendiguren: «Euskararen alde egotea ez da nahikoa»

Euskara «ezagutu beharreko» izatea eta «orain arteko irakas ereduak» gainditzea eskatzen du Kontseiluaren dekalogoak

Normalizazioari beste bultzada bat emateko konpromisoak hartzera deitu du Kontseiluak

Erredakzioa

Bilbo

Euskaraz bizitzea «posible» izan dadin, dekalogoa aurkeztu du Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hamar urtean egin duen bidea aztertu eta erakundea osatzen duten bazkideei eskerrak eman zizkien atzo iluntzean Mendigurenek, Pauso bat harago ekitaldian hitza hartu zuenean. «Orain, urrunago joan behar dugu», ohartarazi zuen Kontseiluko idazkari nagusiak: «Euskararen alde egotea ez da nahikoa, konpromisoak zehaztu behar ditugu». Denen konpromisoa behar du euskarak, Mendigurenen esanetan: «Instituzioek -udaletatik hasi eta gobernu egitura nagusietara-, entitate pribatuek -enpresa zein elkarteek-, herri mugimenduak eta norbanakoek duten erantzukizuna ez da berdina, baina denok dugu egitekoa aurkezten dizuegun erronka honetan».

Euskaraz bizitzeko dekalogoa aurkeztu zuen ekitaldiaren amaieran Mendigurenek. Euskara normalizatzeko hamar proposamen «zehatz, neurgarri eta bideragarri» biltzen ditu dekalogoak. Puntu horien artean agertzen da euskarak «berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharreko» hizkuntza izan behar duela, besteak beste. Indarrean dauden irakas ereduak gainditzeko eskaria ere jasotzen du dekalogoak, irakaskuntzako egungo hizkuntza ereduek euskalduntzea ez dutela bermatzen iritzita.

«Beste bultzada bat»

Euskarak beste bultzada bat behar duela sumatzen du Kontseiluak: «Egungo egoera gainditzea, normalizazioaren bidean aurrera egitea, egoera irauliz». Dekalogoa betez gero euskaraz bizitzea «posible» izango dela nabarmendu du Mendigurenek.

Dekalogoan hauxe proposatu dute: administrazioa, alor sozioekonomikoa, unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskalduntzea, euskara sailak instituzioen gobernu egituren «gailurrean» kokatzea, helduak euskalduntzea, euskararen aurrekontuak handitzea eta hizkuntza politika «egokiak» garatzea. Hedabideetan «euskara kuotak» ezartzea ere eskatzen dute Euskaraz bizitzeko dekalogoa-n.

«Badakigu zein den bidea, lanabes egokiak ditugu», adierazi du Mendigurenek. Bai Euskarari esatetik Euskaraz Bai esatera igaro nahi du Kontseiluak, konpromisoak areagotuz, eta «aldaketa horren motorra» euskalgintza izan behar duela nabarmendu du idazkari nagusiak: «Badugu lana guztiontzat, elkarren arteko lehian hasi barik». Oztopoak ere suerta daitezkeela ohartarazi du Mendigurenek, baina «haien gainetik edo haiei inguru eginez» aurrera egiteko deia egin du: «Pausoka egiten da bidea, oinez, ibiliz, urratsez urrats, kilometroak irentsiz, korrika, beti aurrera».

1978an San Mames futbol estadioan egin zen Bai Euskarari jaialdia izan du gogoan Mendigurenek. Hogei urte geroago, 125.000 lagun batu ziren San Mames, Mendizorrotza, Anoeta, Agilera eta Sadar estadioetan. Ekitaldi hartan, euskararen normalizazioa bide onetik ez zihoanez, XXI. menderako akordioa eskatu zuen Kontseiluak, Mendigurenen esanetan: «Zerbait egin beharra zegoen». Kontseiluak egin duen bidea «oparoa» izan dela juzkatu du Mendigurenek. Kontseiluko bazkideek egindako lana ere gogoan hartu du: «Asko gara eta asko egin dugu. Gau eskoletatik blogosfera euskaldunerako bidean hamaika izan dira pausoak». Kulturgintzan, zientzietan, hezkuntzan, hedabideetan, lan munduan, hizkuntza eskubideen alde eta euskalduntzeko lanetan aritu diren Kontseiluko ia 50 erakundeak gogoan hartu ditu Mendigurenek.

«Luzea izan da zapalketaren kronika», adierazi du Mendigurenek: «Hamarkadak daramatzagu minorizatua, zapaldua eta gutxitua izan den euskara biziberritu nahian. Inurri lana egin dugu». Baina pauso bat harago emateko ordua heldu dela nabarmendu du: «Euskaraz bizi gura dugu, ez dugu besterik eskatzen. Eskubidea dugu horretarako».

 

Dekalogoa



1 Orain arteko irakas ereduak gainditu.

2 Euskara saila gobernu egituren gailurretan kokatu.

3Administrazioa euskaldundu.

4 Alor sozioekonomikoa euskaldundu.

5 Euskara berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharreko hizkuntza aldarrikatu.

6Helduak euskaldundu.

7 Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskaldundu.

8Hedabideetan euskara kuotak ezarri.

9 Euskararen aurrekontua handitu.

10Hizkuntza politika egokia egin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia