Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:43

EUSKALHERRIA;2008-12-13;Etorkizun garbirik ez hondakinendako . Hondakinekin zer egin ez dakiela dago Nafarroako Gobernua, eta, auzi horretan sakontzeko, Iruņerria Gorria, Berdea eta Morea taldeak jardunaldiak antolatu ditu gaurko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Hondakinekin zer egin ez dakiela dago Nafarroako Gobernua, eta, auzi horretan sakontzeko, Iruñerria Gorria, Berdea eta Morea taldeak jardunaldiak antolatu ditu gaurko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Etorkizun garbirik ez hondakinendako

Amaia Alvarez

Iruñea

Burua astintzen jarraitzen du Nafarroako Gobernuak. Ez daki zer egin hondakinekin. 2007ko uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak Aratzuriko biometanizazio plantaren proiektua geldiarazi zuenetik, badirudi irtenbiderik ez duela ikusten. Horren guztiaren inguruan hausnartzeko, jardunaldiak antolatu ditu Iruñerria Gorria, Berdea eta Morea ekimenak, gaurko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Nafarroako hondakinen gakoa Iruñerrian dago, gainerako zaborrak Tuterako El Culebreteko biometanizazio plantara eraman nahi dituzte eta. Iruñerrian, ordea, herrialdeko zaborraren erdia eratzen da: iaz, 261.328 tona. Hain zuzen ere, Iruñerriko eta ipar ekialdeko hondakinak eraman behar zituzten Espainiako Auzitegi Gorenak geldiarazi zuen Aratzuriko biometanizazio plantara. Hirigunetik 2.000 metro baino gutxiagora egoteagatik gelditu zuten Aratzuri. Baina proiektu hura ezerezean geratu ostean, irtenbiderik ez du aurkitu Iruñerriko Mankomunitateak, eta, ezta Nafarroako Gobernuak ere. Erakunde biek ez dute oraingoz batera lan egiten, Iruñekoa baita Nafarroako Hondakinak tratatzeko Partzuergoaren barruan ez dagoen mankomunitate bakarra.

Azken asteotan Tafalla aipatu dute tratamendu planta berria paratzeko leku gisa -hiriburutik 35 kilometrora dago-. Alabaina, zein metodo erabiliko duten ez dute zehaztu. Hondakinak lantzeko Ekoplis deituko dioten parke industriala eginen dute 2013rako Tafallan. Edozein moduz, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Javier Torrensek (PSN) ez du baieztatu hondakinak bertara eramanen dituztenik, eta, beste hainbatetan egin bezala, errausketa erabiliko dutenik ere ez du baztertu. Litekeena da azkenean sistema konbinatu baten alde egitea, hau da, biometanizazioa, konpostatzea eta erraustea konbinatzea. Horrexek kezkatzen du gehien Carlos Otxoa, gaurko jardunaldietako antolatzailea. «Errausketaren oihartzuna entzuten ari gara azkenaldian, eta horri ahalik eta azkarren aurkitu behar zaio alternatiba».

Hitzaldiak, gaur

Otxoaren aburuz, hondakinen arazoa agintarien kudeaketa kaskarraren ondorioz gertatu da. Haren aburuz, halaber, adostasun politikoa eta eztabaida soziala «ezinbestekoak» dira gai hori jorratzeko. Hori da, hain justu, jardunaldiak antolatzeko arrazoia. «Politikariek pentsarazi nahi digute gai konplexua dela. Egun ez dago eztabaida sozialik, baina hondakinak kudeatzeko modua eta tokia aukeratzeko beharrean gauden honetan, denok daukagu zeresana».

Hitzaldiak 11:00etan hasiko dira NUPeko bosgarren gelan, eta parte-hartzaileak Arangurengo Udaleko aholkulari Jesus Arbizu Txurio, ingurumen aholkulari Alfonso del Val, Emausko Trapuketarietako Jose Maria Garcia eta biometanizazioaren eta usainaren tratamenduaren prozesuen ingeniari Carlos Perez Losada izanen dira.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia