Zailtasunak guztientzat
Munduko Bankuak iragarri du nabarmentzen hasiak diren herrialdeak %4,5 haziko direla datorren urtean
Aire konpainiek uste dute ia 4.000 milioi euro galduko dituztela aurten
Aizpea Amas - Jakes Goikoetxea
Krisia orokorra da. Bere ondorioek eta eragiten duen ziurgabetasunak herrialde guztiei eta sektore gehienei eragiten die. Egunero aurki daitezke adibideak. Atzo bertan, esaterako: Munduko Bankuak txosten batean azpimarratu zuen krisiak moteldu egin duela nabarmentzen hasiak diren herrialdeen garapena; Japoniak bertako ekonomia uste baino okerrago dagoela iragarri zuen; aire konpainiek ia 4.000 milioi euroko galerak espero dituzte aurten; eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hiru auto ekoizle nagusiek aitortu dute beren etorkizuna diru laguntza publikoen menpe dagoela.
Munduko Bankua Elikagaien krisiaren ondorioak ez direla amaitu gogoratu du
Nabarmentzen hasiak diren herrialdeak %4,5 haziko dira datorren urtean, iazko %7,9aren azpitik, Munduko Bankuaren aurreikuspenen arabera. Txosten bat kaleratu zuen atzo: Lehengaiak bidegurutzean 2009. Txostena nabarmentzen hasiak diren herrialdeei buruzkoa da.
Herrialde horietan inbertsioaren hazkundea txikitu egingo dela uste du Munduko Bankuak: %3,5ekoa izango da (iaz %13koa izan zen). 1982tik lehen aldiz munduko komertzioaren bolumena uzkurtu egin daitekeela ere ohartarazi du. %2,1eko jaitsiera iragarri du.
Hala ere, zaila da iragarpenak egitea. Munduko Bankuak berak onartu du: «Litekeena da gure aurreikuspen gordinak egia bihurtzea, baina oso bestelako emaitzak ere posible dira».
Nabarmentzen hasiak diren herrialdeek, finantza eta ekonomia krisiaz gain, elikagaien eta lehengaien prezioen garestitzeari ere aurre egin behar izan diete. Elikagaien eta petrolioaren prezioa jaitsi da, baina Munduko Bankuak ohartarazi du oraindik 1990eko hamarkadan baino garestiagoak direla: «Gainera, eragin zituzten gizarte arazoek eta krisi humanitarioek jarraitzen dute». Munduko Bankuaren esanetan, prezioen hazkunde horiek 130-155 milioi lagun pobreziara bultzatu zituzten.
Munduko Bankuak bi aldagai horietarako aurreikuspenak egin ditu 2009rako: petrolio upelaren prezioa 75 dolarrean eta elikagaiak aurtengo batez bestekoa baino %23 merkeago.
Japonia Atzeraldia uste baino handiagoa da
Japoniako ekonomiak uste baino gehiago egin du atzera aurtengo hirugarren hiruhilekoan: bigarren hiruhilekotik hirugarrenera %0,5, aurreikuspena %0,1ekoa zen arren. Urte arteko jaitsiera %1,8koa da, Japoniako Gobernuak %0,4koa aurreikusi zuen arren. «Japonia estu ibiliko da datorren urtean», onartu zuen atzo Kaoru Yosano Japoniako Ekonomia ministroak.
Japoniako ekonomiaren adierazgarri da Sony elektronika konpainiak atzo egin zuen iragarpena: 8.000 langile kaleratuko ditu mundu guztian 2010eko martxoa baino lehen. Sonyk 160.000 langile dauzka.
Langileez gain, dituen 57 lantegietatik %10 itxi nahi ditu Japoniako erraldoiak. Itxi nahi dituen lantegien artean dago Akizeko Technology Center (Landak, Frantzia).
Neurri horiekin guztiekin Sonyk ia 850 milioi eurotan murriztu nahi ditu kostuak.
Aire konpainiak Galerak aurreikuspenetan
Aire konpainiak duela 50 urtetik izan duten egoerarik okerrenean daudela azaldu zuen atzo Giovanni Bisignani IATA Nazioarteko Aire Garraio Elkarteko zuzendari orokorrak. Eta ez da gutxiagorako: aurten ia 4.000 milioi euro galduko dituzte, eta datorren urtean ere dirua galtzen jarraituko dute, baina aurten baino gutxiago, 2.000 milioi euro.
Bisignaniren arabera, galera horien arrazoi nagusiak izan dira petrolioa garestitzea eta horrek hegazkin bidezko garraioan izan duen eragina.
Datorren urtean galerak txikituko direla izan da IATAk emandako berririk onena. Uste du 2009an Brent petrolio upela 60 dolarren bueltan ibiliko dela, aurtengo 100 dolarretatik urrun. Ondorioz, 32.000 milioi dolar aurreztea espero dute. Aitzitik, diru sarrerak jaitsiko dira, eta aurten baino 35.000 milioi dolar gutxiago eskuratzea aurreikusi dute. 2009 urte zaila izango dela, eta okerrena iristeko dagoela esan zuen Bisignanik, Europako aire konpainientzat batez ere: euroaren ahultzeak eraginda, 1.000 milioi dolarreko galerak aurreikusi ditu horientzat.
AEBetako autogintza 15.000 milioi dolarreko laguntza autogileentzat
Diru bila ibili dira AEBetako hiru autogilerik handienak -General Motors, Ford eta Chrysler-, eta zantzu guztien arabera, azkenean eskuratuko dute. 15.000 milioi dolarreko proposamena egin dute demokratek (11.600 milioi euro), eta orain Kongresuak onartzea baino ez da falta.
Barney Frank demokratak azaldu duenez, planak «haiek [autogileek] behar dutena» jasotzen du, baina hori ez dator bat azaroaren amaieran eskatu zutenarekin: zulotik ateratzeko 34.000 milioi dolar behar zituztela esan baitzuten.
George Bush AEBetako presidenteak plana «lehenbailehen» abian jartzeko eskatu du, horietako baten porrota arriskutsua izan baitaiteke AEBetako ekonomiarentzat. Hala ere, argi utzi du planak «bideragarria» izan behar duela, utzitako dirua bueltatuko dela bermatzeko.
Diru hori ez da salbamendu planetik aterako, auto elektrikoak sustatzeko funts batetik baizik. Horrek iritzi kontrajarriak eragin ditu agintarien artean.
Esportazioak %13,8 hazi dira hirugarren hiruhilekoan EAEn
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
