Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:43

EUSKALHERRIA;2008-12-07;Espainiako Konstituzioak «porrot» egin duela adierazi dute milaka manifestarik. Durangon manifestazio jendetsua egin dute, eta independentziaren alde agertu dira han bildutakoak

Espainiako Konstituzioak «porrot» egin duela adierazi dute milaka manifestarik

Durangon manifestazio jendetsua egin dute, eta independentziaren alde agertu dira han bildutakoak

Gotzon Hermosilla

Durango

Espainiako Konstituzioak 30 urte betetzen dituen egunean, independentziaren alde azaldu dira milaka lagun Durangoko kaleetan, ezker abertzaleak antolatutako manifestazioan, Autodeterminazioaren bidetik independentzia goiburupean.

Manifestazioa Landako gunetik abiatu da, leloa idatzita zeukan pankarta aurrean zuela. Julen Aginakok, Anjel Alkaldek, Itziar Abellanalek, Tasio Erkiziak eta ezker abertzalearen beste hainbat kide ezagunek eusten zioten pankartari. Durangoko kaleak zeharkatu ostean, Santa Ana plazan amaitu da ibilaldia.

Manifestazioan, independentziaren aldeko oihuak nagusitu dira, baina presoen aldekoak eta EAJren kontrakoak ere entzun dira; azken horiek, batez ere, manifestazioa batzokiaren paretik igaro denean. Ertzaintzaren furgoneta batzuk zeuden han, eta, zenbait lekukok adierazitakoaren arabera, manifestazioa amaitu ostean, ertzainek manifestari bat atzeman, jipoitu eta atxiloturik eraman dute. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren bertsioa bestelakoa da: esan duenez, atxilotua «liskarrean» hasi da ertzainekin.

Manifestazioaren osteko ekitaldi politikoan Itziar Abellanalek egin du berba. Ezker abertzalearen eledunak gogoan hartu du Espainiako Konstituzioaren urtemuga, eta, bere garaian, «frankismoa makillatzeko tresna» gisa erabili zutela adierazi du: «Haren mugak ziren Espainiaren batasuna, monarkia, jabetza pribatua eta frankismoaren krimenetarako zigorgabetasuna. Baina porrot egin du, Euskal Herria bizirik dagoelako, eta ezker abertzalea, berriz, tinko eta aurrera begira».

Euskal Herria, trantsizio aroan

Abellanalek esan duenez, Euskal Herria «trantsizio aro batean» dago, «agortuta dagoen esparru politiko batetik Euskal Herriaren onarpenean oinarrituko den beste esparru baterako igarobidean».

Aldaketa politiko hori bultzatzeko, «EAJren ezkerretara bloke independentista herritarra» eratzea proposatu du Abellanalek, eta bide horretan «elkarrekin lan egiteko» deia egin die independentista guztiei.

«Eztabaida eta gogoeta egiteko garaia da», adierazi du Abellanalek. «Ezker abertzaleak gogo eta borondate zintzoa du norabide horretan pausoak emateko».

Durangokoa ez da izan Espainiako Konstituzioaren kontra antolatutako ekitaldi bakarra. Hernanin, berrogei bat lagunek manifestazio zaratatsua egin dute herrian zehar, Zumaian elkarretaratzea egin dute ikastetxean, eta margoak egin dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Zaramagako batzokian, Gasteizen.

Segi gazte erakundeak, berriz, «Espainiako Konstituzioaren kateetatik askatzeko» deia egin du, «Konstituzioaren baitako edozein proiektu Madrilen menpeko proiektua izango baita», eta independentziaren hautua hobetsi dute . Ildo horretan, gogor kritikatu dute EAJren jarrera, eta «diru eta botere gehiago» lortzearren, «Euskal Herriaren zatiketa, zapalkuntza eta inposizioa den Konstituzioa onartzeko prest» dagoela salatu dute.

ghermosilla@berria.info

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia