Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:42

EKONOMIA;2008-12-06;Cegasak 240 langile kaleratuko ditu, Gasteizen pilak egiteari utziko baitio. Erretiro aurreratuak, ordaindutako kaleratzeak eta beste lan bat aurkitzeko laguntza aurreikusi ditu langile horientzat Eutsi egingo die pila industrialen eta pilak ontziratzeko lantegiei, Oņatin eta Gasteizen

Cegasak 240 langile kaleratuko ditu, Gasteizen pilak egiteari utziko baitio

Erretiro aurreratuak, ordaindutako kaleratzeak eta beste lan bat aurkitzeko laguntza aurreikusi ditu langile horientzat

Eutsi egingo die pila industrialen eta pilak ontziratzeko lantegiei, Oñatin eta Gasteizen

Jakes Goikoetxea

Donostia

Cegasari pila ahitu zaio. Aurten pilak ekoizten 22,5 milioi galtzea nahikoa dela erabaki du. Iaz pilekin lotura duten negozioetan zazpi milioi euro inguru galdu zituen. Cegasak aitortu du «egoera larrian» dagoela. Pilen salmenten «bat-bateko jaitsierak» eta pilen salneurria merkatzeak eragin dute egoera hori. Baita lehengaiak garestitzeak ere. Ondorioz, Cegasak atzo aurkeztu zien krisi ekonomikoari aurre egiteko bere plana langileei: kontsumo pilak ekoizten dituen Gasteizko lantegia ixtea eta 240 langile inguru kaleratzea.

Cegasaren asmoa kaleratze horiek negoziatzea da. Erretiro aurreratuak eta ordaindutako kaleratzeak proposatu nahi dizkiete 240 langile ingururi. Planean sartzen diren langileei beste lan bat aurkitzen lagunduko die.

Pilen sektoreak gainbehera egin du azken urteetan: hogei urtean desagertu egin dira Europako pila ekoizleen %70 baino gehiago, Cegasak emandako datuen arabera.

Kontsumo pilak -etxetresnetan erabili ohi diren pilak- ekoizteari utziko dio, baina ez dio pilak saltzeari utziko. Cegasak pilak ontziratzen eta paketatzen jarraituko du Gasteizko lantegian. Arlo horretako I+G+(b) ere mantenduko du.

Kontsumo pilak ez, baina pila industrialak egiten segituko du Oñatiko lantegian (Gipuzkoa). Pila industrialez gain, eskuargiak eta manganesoa egiten dituzte bertan. Cegasak mila langile baino gehiago ditu Euskal Herrian.

Enpresak lau lantegi eta hamabost adar ditu, eta bere produktuak munduko hirurogei herrialdetan baino gehiagotan saltzen dira.

Historia luzeko enpresa

Cegasak pilen ekoizpena bertan behera utzi ostean, Europan lau pila ekoizle nagusi daude: hiru Ameriketako Estatu Batuetakoak (Energizer, Duracell eta Rayovac) eta bat Japoniakoa (Panasonic).

Cegasak historia luzea du. 1920ko hamarkadan aterki fabrika batekin abiatu zen proiektua 1934an pila fabrika bihurtu zen, Oñatin: Tximist. Pilez gain, eskuargiak eta bonbillak ere egin zituzten.

1983an enpresari izena aldatu zioten: Tximist izatetik Cegasa izatera pasatu zen. Juan Zelaia enpresako akziodun nagusiak kontatzen duenez, izena aldatu zioten Espainian zailtasunak zituztelako produktuak saltzeko Tximist izen komertzialarekin. Orduan enpresaren jabe ziren hiru familien abizenen -Celaya, Emparanza eta Galdos- akronimoa aukeratu zuten marka berria sortzeko: Cegasa.

Taldea etengabe handitu da: 2000. urtean, esaterako, Solac etxetresna elektrikoen ekoizlea bereganatu zuen. Iaz Solacek 3,3 milioi euro irabazi zituen.

Gaur egun, Juan Zelaia Cegasa, Tuboplast eta Hidronor enpresen arduraduna da. Tuboplastek plastikozko ontzi malguak eta tapoiak egiten ditu, kremak eta hortzetako pasta sartzeko, esaterako. Europako ekoizle nagusietako bat da, eta bezeroen artean Nestle, Lacer, Krafft eta L'Oreal ditu, besteak beste.

Tuboplastek 2,3 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz. 68 milioiko negozio bolumena izan zuen, eta aurten 85 milioi eurora iritsi nahi du. Bi lantegi ditu, bata Miñaon (Araba) eta bestea Charmeilen (Frantzia), eta 700 langile inguru guztira.

Hidronor hiri hondakinen eta hondakin industrialen tratamenduaz arduratzen da.



 


Hijos de Juan de Garayk dosierra aurkeztu du



oñati Autogintzako osagaiak egiten dituen Hijos de Juan de Garayk enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du. Denboraldi baterako dosierra izango da, eta langile guztiei eragingo die. Datorren astean bilduko dira zuzendaritza eta langileak.

ELAk baztertu egin du Sidenorren proposamena



basauri ELAk baztertu egin du Sidenorreko zuzendaritzak gastuak gutxitzeko egin duen proposamena. Bertan biltzen denez, datorren urtean sei hilabetez kaleratutako dute lan taldearen erdia. Eta, bestetik, aldi baterako 120 langile behin betiko kaleratuko dituzte.

Legazpiko CIEko dosierra onartu du lan ordezkaritzak



legazpi Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak Legazpiko CIE enpresako enplegua erregulatzeko dosierra babestu du. ELAren arabera, «enpresaren eskaeraren jaitsiera langileek euren soldatekin eta langabezia sariekin ordaintzea onartu du ordezkaritzak».

Smurfitek Iurretako zaku enpresa itxiko du 2009an



iurreta Smurfit Kappa Ibersac enpresak iragarri du datorren urtean itxi egingo duela Iurretan duen (Bizkaia) paperezko zakuen lantegia. Jarduera Zallako (Bizkaia) lantegira eramango dute. Langileei agian hara edo Iurretako paper fabrikara joatea proposatuko diete.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia