Zaborren atez ateko bilketa otsailaren bukaeran jarriko dute martxan Usurbilen
Hondakinen gaikako bilketa ez ezik, norberak etxean konpostatzea ere bultzatu nahi du Usurbilgo Udalak
Eihartze Aramendia
UsurbilLau astez Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) herritarrekin hainbat bilera egin ondoren, heldu den otsailaren bukaeratik aurrera zaborren atez ateko bilketa jarriko dute martxan udalerrian. «Prozesu aberatsa» izan dela adierazi du Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak, bilera horietan herritarren kezkak eta ekarpenak mahaiganeratu baitira.
Usurbilen, gaur egun etxeko gaikako bilketa %20koa da, eta helburua da %80 izatea. Horretarako, atez ateko bilketa sistemari ekingo diote. Bilketa egunez egingo da, 06:30etik 08:30era; bi ordu horietan jendeak hondakinak ateratzeko aukera izango du. Hondakin mota bakoitza egun jakin batean atera ahalko da, eremuaren arabera -hirigunea, landa eremua...- egun desberdinetan. Bakoitza zein egunetan atera behar den jakiteko, Udalak egutegi bat banatuko die bizilagunei, hondakin organikoa jasotzeko poto batekin eta birziklatzeko gidarekin batera.
Aipatutako ordu tarte horretan hondakinak atera ezin ezean, hiru larrialdi gune jarriko dituzte; bata Atallun, bestea Aginagan eta hirugarrena Zubietan. Gune horietara sartu ahal izateko, txartel elektroniko batzuk beharko dira. Gune horietan, etxeko hondakinak besterik ez da jasoko.
Atez ateko ekimena martxan jartzen denean, kaleko edukiontziak kenduko dira, beiraren iglu berdea izan ezik. Horien ordez, lau ahoko edukiontzia jarriko dituzte.
Zubietaren kasuan, ez da izango atez ateko bilketa zerbitzurik. Hortaz, etxeko hondakin guztiak Garbitxiki izeneko gunean bilduko dira. Gune horretara sartzeko ere txartel elektronikoa beharrezkoa izango da.
Etxean konpostatzea sustatu
Gaikako bilketa ez ezik, norberak bere etxean konposta egitearen aldeko apustua egin nahi du Udalak. Horretarako, hirigunean lorategia duten etxeei eta landa eremuetan bizi diren bizilagunei Udalak konpostagailua utziko die. Horrez gain, norberak nola konposta dezakeen jakiteko, doako ikastaroa emango du. «Horrela, konpostatze plantaren tamaina txikiagotu egingo da, hondakinen garraioa ekidin egingo da eta konposta bertan erabiliko da», adierazi du alkateak.
Konposta egiten duten pertsonek hondakinen udal tasan %40ko beherapena izango dute.
Horren guztiaren helburua etxeko gaikako bilketa %80ra iristea izan arren, %90era ere irits daitekeela ziurtatu du Errekondok. Atez ateko bilketa dela «benetako irtenbidea» adierazi du; era berean, hondakinak errausteak «inolako zentzurik ez» duela ere nabarmendu du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
