AHTren lanetan «dena emango» duela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak
«Nabarmen» indartuko ditu enpresarien eta langileen segurtasun neurriak, «Estatuarekin elkarlanean»
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan ari diren enpresaburu eta langileen segurtasun neurriak «nabarmen» indartuko dituztela iragarri du Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. «Lanek aurrera egin dezaten dena emango dugu; terroristek ez dute lana geldituko, eta Euskal Herrian azpiegitura hau eraikiko dugu».
Abiadura handiko trenaren eraikitze lanetan ari den Altuna y Uria enpresako Inazio Uriaren hilketaren biharamunean esan zituen hitzok Herrizaingo sailburuak, Lehendakaritzaren aurrean, Gasteizen, enpresari gipuzkoarraren hilketa gaitzesteko eginiko elkarretaratzean.
Segurtasuna indartzeko, Espainiako Sustapen eta Barne Ministerioa, Jaurlaritzako Herrizaingo Saila eta Confebask Euskal Enpresaburuen Konfederakundea «elkarlanean» arituko direla azpimarratu du Balzak. «Guztion elkarlana beharrekoa da; azken kate mailaraino helduko gara azpiegitura hau eraikitzeko beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak bermatu ahal izateko».
Langile guztien segurtasuna bermatzeko, «neurri bereziak» ezarri dituzte jada, Balzak jakinarazi duenez, eta aurrera begira martxan jarriko dituzten bestelako neurriak «zuhurtziaz» aztertuko dituztela adierazi du, «beti ere, gai horretan inplikaturik dauden erakunde eta enpresaburuekin koordinaturik».
Balzak egin bezala, Espainiako Gobernuko Sustapen ministro Magdalena Alvarezek ere azpimarratu du segurtasun neurriak indartu behar direla, eta ohartarazi du Uriaren hilketak «agerian» utzi duela lan horrek dakarren «arriskua». Oztopoak oztopo azpiegitura egingo dela ziurtatu du Alvarezek.
Gauza bera adierazi du Antonio Tajani Europako Batasuneko Garraio komisarioak. Tajaniren ustez, «halako atentatuek atzerapena eta indarkeria dakarte; abiadura handiak, aldiz, aurrerapena».
Bala zorroak eta pistolak
Otsailaren 7an Isaias Carrasco PSE-EEko Arrasateko zinegotzia hiltzeko ETAk erabilitako arma eta herenegun erabilitakoa ezberdinak direla ondorioztatu dute ikerketaren arduradunek, hasiera batean bi hilketak arma berarekin egin zirela zabaldu bazen ere. Balzak jakinarazi duenez, bederatzi milimetroko bala zorroak aurkitu zituzten atentatuaren tokian, baina arma ezberdinei dagozkie.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
