Atentatuaren kontra agertu dira AHTren aurkako zenbait eragile
ETAren «metodoekin» ez dutela bat egiten eta azpiegitura geldiaraztea herri mugimenduari dagokiola esan dute
Erredakzioa
ETAk herenegun egindako hilketa gaitzetsi dute AHT Gelditu! Elkarlaneko kide diren ESK sindikatuak, Ekologistak Martxan-ek eta Mikel Alvarez AHT Gelditu! Elkarlaneko eledunetako batek.
Inazio Uria enpresaburu azpeitiarraren hilketak «amorrua» eragin diola eta ETAk auzi horretan esku hartzea gaitzesten duela esan du Alvarezek, Efe berri agentziari eginiko adierazpenetan. Bere izenean soilik ari zela zehaztu du.
AHTren aurkako mugimenduaren oinarriak «mobilizazioa, erresistentzia eta desobedientzia zibila» direla nabarmendu du AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak. «AHT geraraztea eta eztabaida sustatzea gizarte mugimendutik sortzeko gai izango garen dinamikak eragingo du, eta ez erakunde armatu batek hartu duen ustezko berme rolak».
Atzoko atentatuaren ondorioz AHTren kontrako mugimenduan borroka moldeei buruzko «gogoeta sakona» abiatu behar dela esan du Alvarezek. Gogoeta ere eskatu die alderdi politikoei; alde horretatik, «egungo egoerara nola iritsi garen hausnartzeko» galdegin die.
«Inolako justifikaziorik ez duen krimena» gaitzetsi du, halaber, ESK sindikatuak. Komunikabideei igorritako agiri batean dio ez duela bat egiten «ETAren metodoekin», eta gaineratu du erakunde armatua «oztopo» baino ez dela «azpiegitura zentzugabeen kontra dagoen herri mugimenduarentzat». Halaber, «oinarrizko giza eskubideen kontrako jarduna» bertan behera uzteko eskatu dio ETAri.
Ekologistak Martxan-ek antzeko hitzak erabili ditu atentatua gaitzesteko. Halako ekintzekin «benetako gizarte eztabaida» kaltetzea egotzi dio ETAri .
Erreakzioak
Elkargi
Innobasque
Ajebask
Udalbilde
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
